Udal igerilekuak greban daudela hasi dute uda Bilbon

Bilboko udal kiroldegietako zerbitzua eskaintzen duten enpresetako langileak greban daude ekainaren 1etik, eta uztailearen ere hala jarraituko dute. Bizkaiko sektoreko akordioan lortu gabe geratutakoa lortu nahi du protestara deitu duen ELA sindikatuak.

Artxandako igerilekua
Bilboko Artxandako igerilekua, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2024ko ekainaren 29a
05:00
Entzun

Urtero legez, Bilboko Udalak ekainaren 1ean zabaldu behar zituen El Fangoko, Artxandako eta Txurdinagako kiroldegietan dituen kanpoko udal igerilekuak, baina oraindik bilbotarrek ezin izan dute haiez gozatu. Ez da eguraldiagatik izan bakarrik: Bilbo Kirolak udal enpresak kudeatzen dituen kirol azpiegituretako langileak greban egon dira hilabete osoan, eta uztailean ere hala jarraituko dute.

Kiroldegietako gatazka ez da berria Bizkaian. Duela urte eta erdi bat hasi zituzten mobilizazioak, ez zutelako herrialdeko itun sektoriala adostea lortzen. ELA sindikatuko ordezkari Ane Alberdik azaldu duenez, gatazka horren barruan greba deialdia egin zuen bere sindikatuak maiatz bukaerarako eta ekain osorako. Baina LABek, CCOOk eta UGTk aurreakordioa sinatu zuten maiatzean. ELAkoak dira ordezkarien %49. «Guk ez genuen sinatu, uste genuelako sinatu zutena ez zela nahikoa. Gainera, ikusten genuen langileak borrokan segitzeko prest zeudela». Beraz, ELAk erabaki zuten enpresetako akordioen bitartez gainontzeko sindikatuek sektorerako adostu zuten hitzarmena hobetzea. Horregatik erabaki zuten hainbat herritako kiroldegietan greba deialdiari eustea Bizkaiko hainbat herritako udal kiroldegietan.

Bilbon, Bilbo Kirolak erakunderako kiroldegietako mantentze lanez arduratzen ziren beharginek abiatu zuten maiatz bukaeran greba, eta ekainean batu zaizkie langileak. Izatez, azpikontratatutako enpresa bitako langileak dira: Giroa Ansareo aldi baterako enpresa elkartekoak dira mantentze lanez arduratzen hamazortzi beharginak, eta Emtesportekoak dira sorosleak, begiraleak eta sarbideak kontrolatzeaz arduratzen diren 248 langileak.

«ELAk ez zuen sektoreko akordioa sinatu, uste genuelako ez zela nahikoa, eta ikusten genuen langileak borrokan segitzen prest zeudela».

ANE ALBERDIELA sindikatuko ordezkaria

Alberdiren esanetan, herrialdeko sektoreko hitzarmenean gainontzeko sindikatuek ez zuten lortu soldata urteko KPI errealaren arabera igotzea. Gainera, 2029a baino lehen urtean 1.592 ordu lan egitea ere eskatzen dute beharginek. «Langile horiek ez dute ordurik jasota medikuarengana joateko, eta hori oinarrizko lan eskubide bat da», ohartarazi du ELAko ordezkariak. Prestakuntzarako eta domeka eta jaiegunetan lan egiteagatik jasotzen duten plusa hobetzeko ere exijitzen diete enpresei. Eguneko gutxieneko ordu kopuru bat zehaztea ere nahi dute. Gainera, kezkaz hartu dute herrialdeko itunean lanaldi partzialeko aldizkako kontratu finkoak egiteko aukera zabaldu izana orain arte erabiltzen ez zen alorretan.

Giroa Ansareo enpresa elkartekoek «mehatxu» egin diete «legez kanpoko greba» egiteagatik salatuko dituztela. Horren harira elkartu ziren ELAkoak haiekin Lan Harremanetarako Kontseiluan. «Esan genien mehatxuak uzteko, eta hasteko langileen eskakizunak entzuten eta negoziatzen». Ostera, Emtesportekoekin ez dira bildu herrialdeko lan ituna negoziatzen ibili zirenetik; enpresa hori da sektoreko handiena Bizkaian. Horregatik, Alberdik enpresa biei exijitu die negoziatzen has daitezela.

Bilbo Kiroletako langileen protesta, herenegun, Bilbon. BERRIA
Bilbo Kiroletako langileen protesta, herenegun, Bilbon. BERRIA

Aldi berean, Bilboko Udalari gogoratu dio bera dela zerbitzuaren erantzule nagusia, eta gatazka honetan ardura har dezala eskatu dio. «Enpresak behartu ditzake negoziatzera, eta hurrengo zerbitzuaren esleipena egiten duenean kontuan har dezala zenbateko aurrekontua behar duen zerbitzuak langileen lan baldintzak bermatzeko». Alberdik ez du baloratu gaur egun udalak enpresa bioi ordaintzen dena nahikoa den edo ez. Eguaztenean protesta egin zuten Bilboko Kale Nagusian.

Erabiltzaileak aukera gabe

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioko Fernando Atxaren esanetan, eredua bera dago gatazkaren oinarrian. Uste du gauza bera gertatzen dela Bilboko greba nagusi bietan: Bilbobusekoan —asteon bukatu da— eta Bilbo Kiroletakoan. «Ikusten ari gara azpikontratatutako enpresa pribatuek kudeatzen dituztela udalak eskaini behar dituen zerbitzu publikoak, eta ikusten ari gara horren ondorioz nola urratzen diren zerbitzu horiek eskaintzen dituzten langileen lan eskubideak, eta ikusten ari gara nola okertzen den herritarrok jasotzen dugun zerbitzua».

Atxaren arabera, egokiena litzateke zerbitzu publikoak udalak berak zuzenean kudeatzea. «Formularik egokiena bilatu beharko litzateke horretarako, baina zerbitzu publikoetatik kaleratu behar ditugu enpresa pribatuak». Herenegun, Bilboko Udalaren ekaineko osoko bilkura aprobetxatuta, Bilbobuseko langileek protesta egin zuten udaletxe atarian, eta Auzo Elkarteen Federazioak bat egin zuen, zerbitzu publikoen pribatizazioa salatuz.

«Ikusten ari gara enpresa pribatuek kudeatzen dituztela udalak eskaini behar dituen zerbitzu publikoak, eta ikusten ari gara nola urratzen diren langileen eskubideak eta nola okertzen den zerbitzua».FERNANDO ATXABilboko Auzo Elkarteen Federazioko kidea

Atxa Bilbo Kiroletako kiroldegi bateko gimnasioaren erabiltzailea da, eta bertatik bertara bizi izan ditu langileek urte osoan egin dituzten egun bateko lanuzteak. Hala ere, larriagoa dela iruditzen zaio udan igerilekuekin zer gertatzen ari den. Kontatu duenez, udalak berak eta hainbat elkartek antolatzen dituzten udalekuetan, igerilekura joatea izaten da jarduera nagusietako. Orain ezin dute halakorik egin. Gainera, badira hondartzara joateko aukerarik ez duten ume eta gazteak, eta haientzat alternatiba bakarra izaten da igerilekura joatea. Horrez gain, Atxak gogoratu du azken urteetan beroaldi gogorrak izan direla Euskal Herrian eta, horiei aurre egiteko, igerilekuak izaten direla bilbotar askok izaten duten aukera bakarrenetakoa. «Hirian ez dago beroari ihes egiteko behar beste berdegune. Azkenean, El Corte Ingles izango da geratuko zaigun aterpe klimatiko bakarra...».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.