Txipli-txapla izango dira Getxoko Fadurako igerilekuak abenduaren 7ko eguerditik 8kora. Berrehun bat lagun espero dituzte, bertan igerian eta uretan jolasean, 24 orduz jarraian, euskararen alde. Euskararen Eguna aitzakia hartuta, Igeribizi egitasmoaren bigarren aldia antolatu dute.
Igerileku guztiak, handiak eta txikiak erabiliko dituzte, bertaratu nahi duen edonork parte hartu ahal izateko. «Ez da gogorra; azken finean, jolasa ere badelako», adierazi du Ander Egiluzek, antolatzaileetako batek. Swim Camp Getxo igeriketa klubak proposatu eta antolatu du 24 orduz igeri egiteko egitasmoa, eta Egiluzek onartu du gogorra izan daitekeela hor parte hartzeko eskaera. «Haiek igeriketa zainetan daramate», esan du. Baina egitasmoa inklusiboa da kirolari profesionalak ez direnekin ere.
Hori dela eta, lagunarteko waterpolo partidak izango dira, baita hainbat denbora-pasa ere: lasterketak, goma-aparrezko txurroak, saskiratze jokoak, urpean piezak bilatzea... «Uretan egin ahal diren jolas eta joko guztiak hor sartzen dira», adierazi du Egiluzek. Gaineratu du entrenatzeko aukera ere izango dela: «Swim Camp Getxoko kideak bertan izango dira, entrenatu nahi duenari laguntzeko». Horrez gain, sorosle tituludunak eta Igeribiziren antolatzaileak ere izango dira egitasmoak iraungo duen 24 orduetan.
Iaz, lehenengo edizioan, 150-200 partaide izan ziren Fadurako igerilekuetan euskara babesten. «Sekulako giro ederra sortu zen», gogoratu du Egiluzek. «Jendetza egon zen; batez ere, bukaeran. Zuzeneko musika eduki genuen. Ikaragarria izan zen. Jendeak oso ondo pasatu zuen». Aurten ere musika izatea espero dute: bertsoak, musika jartzaileak, eta, beharbada, talderen bat ere bai.
Sarrerak bost euro
Korrikaren antzera funtzionatuko du Igeribizik. Kirola egin bitartean euskaraz gozatzeko gunea izateko ez ezik, euskarari laguntzeko dirua biltzeko helburua ere badu. Parte hartzeko, hiru modu izango dira. Kuadrillak eta lagunak, pertsonako bost euroko donazioa egin, eta nahi beste denbora egon ahal izango dira uretan. Familiek hamar euro ordaindu beharko dituzte familia osoa sartzeko. Enpresa, elkarte eta taldeek, berriz, 50 euroren truke, ordubetez igeri egin ahal izango dute. Ez dira igerilari trebeak izan beharko, baina laguntzarik behar badute, Swim Camp Getxoko kideek lagunduko diete.
«Gure herrian geure hizkuntzan bizi ahal izateko aukera nahikotxo dauzkagu gaur egun; egia esan, gero eta gehiago. Eta, neurri handi-handi batean, Bizarra Lepoan elkarteari esker da»
ANDER EGILUZIgeribizi ekimenaren antolatzaileetako bat
Iaz, Igeribiziren bitartez, 2.500 euro bildu zituzten Euskarabentura egitasmoarentzat. Aurten bilduko duten dirua Bizarra Lepoan euskara elkarterentzat izango da, Getxoko euskara elkartearentzat. Aurtengoa 30. urteurrena du elkarteak, baina beste arrazoi batzuk ere izan dituzte aintzat Bizarra Lepoan aukeratzeko: «Gure herrian geure hizkuntzan bizi ahal izateko aukera nahikotxo dauzkagu gaur egun; egia esan, gero eta gehiago. Eta, neurri handi-handi batean, Bizarra Lepoan elkarteari esker da», adierazi du Egiluzek. Uribe Kostako euskaldunentzat Bizarra Lepoan erreferente dela nabarmendu du Egiluzek; batez ere, antolatzen dituzten ekitaldiengatik eta Bizarra Lepoan-etik sortu diren beste erakundeengatik. Zehaztu duenez, Igeribiziren beste helburuetako bat da «Uribe Kosta hobetzen duten pertsonak, erakundeak edo taldeak txalotzea eta omentzea, eta herritarron arteko sareak estutzea».
Lehen erreleboa
Jaioterritik abiatu, eta euskara Parisko Paralinpiar Jokoetara eraman du aurten Mikel Erdozain igerilari leioarrak. Balentria hori dela eta, hark inauguratuko du aurtengo Igeribizi. 50 metro igeri egiteko asmoa du. Igeribiziko lehenengo erreleboa egitea eskatu ziotenean, ez zuen halakorik espero eta «poz handiz» jaso zuen albistea. Erdozainek uste duenez, egitasmo hori tresna egokia da euskararen normalizazioari ikusgarritasuna emateko: «Euskara hemen daukagun hizkuntza berezia da, eta altxor bat».
«Niretzat, igeriketa terapia modukoa da, fisikoa eta psikologikoa. Igeri egiteak asko laguntzen dit errehabilitazioa egiten, eta, gainera, lagun asko egiten ditut»
MIKEL ERDOZAINIgerilari paralinpiarra
Erdozain 12 urte zituenean hasi zen igerian. Garun paralisia du, eta horregatik ohi baino zailagoa gertatu zaio igerian ikastea. Hala ere, gaur egun, astean lau egunez entrenatzen da Erandio Baitan igeriketa egokituko taldean. «Niretzat, igeriketa terapia modukoa da, fisikoa eta psikologikoa», esan du. «Igeri egiteak asko laguntzen dit errehabilitazioa egiten, eta, gainera, lagun asko egiten ditut».
Erdozainek erabat betetzen du Egiluz antolatzaileak deskribatutako profila. «Bakoitza bere unibertso txikian saiatzen da pasioz eta gogo onenez gure eremua hobetzen, eta hori bera Igeribizin sartu da».