Barakaldoko Baffest argazki lehiaketako irabazlea

Fernanda del Barrio: «Hutsa berezkoa zaio materiari, une oro dago gure inguruan»

Hutsaren inguruko hausnarketa metaforiko batekin gailendu da Del Barrio Barakaldoko Baffest andre argazkilarien aurtengo jaialdian.

Fernanda del Barrio, Baffest lehiaketako txapela eskuetan duela, Barakaldoko Clara Campoamor kultur etxean, urriaren 5ean. OLGA RUIZ
Fernanda del Barrio Baffest lehiaketaren txapelarekin eskuetan, Barakaldoko Clara Campoamor kultur etxean, urriaren 5ean. OLGA RUIZ
amaia igartua aristondo
2024ko urriaren 21a
05:00
Entzun

Elementu gutxiko konposizioetan mamitzen ditu kontzeptu abstraktuak eta ideia zabalak Fernanda del Barrio argazkilariak (Mexiko Hiria, 1995). Eta, hain justu, sotiltasun horri esker izan da garaile Barakaldoko Baffest emakume argazkilarien jaialdiaren aurtengo aldian, Ensayos para llenar un vacío lanarekin (Hutsa betetzeko saiakerak, 2023). Proiektu horretan, huts forma ezberdinez mintzo diren sekuentziak ondu ditu, metaforetan aberatsa den lengoaia poetiko baten bitartez; zuri eta beltz koloreen esanahi kulturalak ere baliatu ditu.

Zer da zuretzat hutsa?

Hutsaren gaiari heltzen diot ikuspegi existentzial batetik, eta kontzeptua birformulatzea proposatzen dut: hau da, hutsa agertzea ez betiereko gabezia egoera bat balitz bezala, baizik eta betiereko aukera egoera baten moduan. Hutsari esker, atzematen dugu espazioak zer potentzialtasun duen beste esanahi batzuk bereganatzeko.

Zer esanahi eman dizkiozu zuk, zehazki?

Uste dut irakurketa mordo bat duela. Esperientzia pertsonalekin ere lotu dut nik: ibilbide artistiko bat eratzearekin, beste herrialde batean bizitzearekin [Madrilen bizi da orain Del Barrio]... Batzuetan, hutsak bertigoa eta ezjakintasuna eragin ditzake, baina hartzen badugu mihise garbi bat balitz legez, errazagoa da zerbait berria eta geurea sortzea.

Landua zenuen hutsa aurretik?

Orokorrean, nire obran hainbat gai existentzial ukitzen ditut. Azken urteetan hutsa landu dut, bereziki, eta orain distantziarekin ari naiz lanean.

«Batzuetan, hutsak bertigoa eta ezjakintasuna eragin ditzake, baina hartzen badugu mihise garbi bat balitz legez, errazagoa da zerbait berria eta geurea sortzea»

Ideia abstraktuak dira, subjektiboki irudikatzen dituzunak.

Bai, erabat. Gustuko dut gai abstraktuei eta subjektiboei heltzea arte garaikidetik eta kontzeptualetik, proposamen poetikoak garatu ahal izateko. Gai infinituez mintzo naiz, baina modu sotilean, keinuekin sortutako hizkuntza bat erabilita, ikuslearentzat eta niretzat hurbilagoa eta digerigarriagoa izan dadin.

Argazkietan, hutsa mugatu egiten duzu, bete... Zer hartu-eman duzu harekin?

Uste dut hutsa dela patu eztabaidaezin bat. Saiatzen naiz hutsa eraikitzen eta betetzen, eta saiakera deritzet ekintza horiei, bozeto gisa ere funtzionatzen baitute: ekintzok beti sortzen dute zerbait efimeroa eta osatugabea, eta, egoera batzuek hutsa aldatzen edo osatzen duten arren, beti itzultzen da jatorrizko egoerara, potentzialtasun horretara. Koreografiarekin eta artearekin egin dut lan; hala, keinuekin sekuentzia metaforikoak egin ditut, eta sakondu dut une efimero horietan, non hutsa antzeman edo betetzen den.

Une efimero horiek islatzeko, argazki solteak erabili beharrean, ezinbestekoa da irudi sekuentziak garatzea, ezta?

Egia da argazkilaritzak bide ematen didala une bat erretratatzeko, baina unea izoztea baino, nahiago nuen erakutsi horren aurretik eta atzetik datozen momentuak, azpimarratzeko mugimendu zikliko bat dela. Maila formalean, sekuentziekin ikusizko isiltasunak sor ditzaket —argazki baten eta bestearen artean dauden tarte horiek—, non ekintza islatzen den, baina ez den erabat betetzen. Horrela, ikuslea gonbidatzen dut tarte horiek betetzera; eta horregatik erabiltzen dut argazkia, eta ez bideoa.

Fernanda del Barrioren 'Ensayos para llenar un vacío' bildumako piezetako bat. Bien artean, 'ikusizko ' ipini du argazkilariak. FERNANDA DEL BARRIO
Fernanda del Barrioren 'Ensayos para llenar un vacío' bildumako piezetako bat. Bi irudien artean, 'ikusizko isiltasun' bat ipini du argazkilariak. FERNANDA DEL BARRIO
Zergatik erabiltzen dituzu zuri-beltzean dauden argazkiak?

Bi arrazoirengatik. Batetik, irudietako keinuak nabarmentzeko. Kolorez betetako mundu batean bizi gara, eta kolorea oso lotuta dago kapitalismoarekin, publizitatearekin. Koloreak baztertzen baditut, uste dut hobeto transmitituko direla keinuak. Eta, bestetik, proiektu konkretu honetan, modu kontzeptual batean erabili ditut zuria eta beltza, irudikatzen baitute hutsaren inguruan munduan dauden bi ikuspegi nagusiak: ekialdean, hutsa zuriarekin erlazionatuta dago, meditaziorako, hausnarketarako eta bakerako eremu bat baita; mendebaldean, lotuta dago hutsunearekin, zalantzarekin, heriotzarekin... Bi mutur horien artean tonu grisen eremu bat sortu dut.

Baffesteko epaimahaikideek txalotu dute, besteak beste, zure argazkien sotiltasuna.

Bai. Uste dut modu horretan alegoriak sor ditzakedala. Alegorien bidez, gai askoren inguruan hitz egin dezaket, baina modu askoz sinbolikoagoan.

Zure irudietan agertzen diren elementu urri horien artean, askotan agertzen da gorputza. Zer garrantzi du gorputzak zure lanetan, oro har?

Orokorrean, nire lanetan beti erabiltzen ditut gorputza eta paisaia. Asko interesatzen zait espazioak nola moldatzen duen gorputzaren errealitatea, eta, aldi berean, gorputza nola erlazionatzen den espazioarekin, hori ulertzeko eta hor egoteko. Hartu-eman horretatik abiatuta eraikitzen ditut metaforak eta sinboloak. Hutsa berezkoa zaio materiari, une oro dago gure inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.