Duela hamar urtetik hona, Domekak Hori Bain musika zikloa antolatzen aritu da Gotzon Barandiaran (Larrabetzu, 1974), hileko hirugarren domeketan, Larrabetzun, Hori Bai gaztetxean. Denera, ehun bat emanaldi antolatu dituzte urte hauetan guztietan, eta hasiberriei zein aspalditik musikan dabiltzanei plaza bat eskaintzea izan dute helburu, euskara erdigunean jarrita betiere. Aurten egingo dute azkenengoz. Ruper Ordorika —etzi—, Esanezin —urriaren 27an—, Anari —azaroaren 17an— eta Eñaut Elorrieta —abenduaren 22an— izango dira azken gonbidatuak.
Urtearekin batera amaituko da Larrabetzuko Domekak Hori Bain egitasmoa. Nolatan?
Ziklo baten amaiera da. Lan handia da kontzertu horiek guztiak antolatzea, borondatezko lana, eta nik neuk beste gauza batzuk egiteko lehentasuna daukat orain. Bizitzako zikloak dira, nik behintzat hala ulertzen dut, eta iritsi da hau ixteko unea.
Urteko hamar hilabetetan aritu zarete kontzertuak antolatzen. Zer-nolako ardura izan da zuentzat?
Badirudi domekak etxean egoteko direla, ezin direla edukiz bete. Guk ez genituen horrela bizi, eta, egun ere, ez ditugu horrela bizi: domekak asteko beste egunen antzekoak direla uste dugu. Horretaz gainera, badaukagu kontzertuak jai giroarekin, parrandarekin, edanarekin… lotzeko joera, eta aldarrikatu nahi izan dugu kontzertu bat ikustera joateko plana. Larrabetzuk 2.000 biztanle ditu, eta, urterik urtera, lortu dugu zale kopuru finko bat etortzea emanaldietara; gero eta harrera hobea izan dute kontzertuek.
Hamar urteko ibilbidean, askotariko musikariak igaro dira Hori Baiko oholtza gainetik. Hasiberriei eta esperientziadunei plaza bat eskaintzea izan da helburua?
Bai, baina bestelako irizpide batzuk ere izan ditugu kontuan: generoa, lurraldetasuna, musika estiloa… Ahalegindu gara musika sortzeko ahalik eta modu desberdinenak ekartzen, musika instrumentaletik hasi eta perkusiorik erabiltzen ez duten taldeenganaino, esaterako. Errepasoa eginda, askotariko emanaldiak egin ditugu urteotan guztietan.
Zer garrantzia du saio horiek guztiak Hori Bai gaztetxean egin izanak?
Hori Bai Larrabetzurako arnasgune bat da, zentzu guztietan. Ez da kulturgune bat soilik; herriari zabalik dago. Guretzat eta inguruko askorentzat erreferente eta iturri agorrezin bat da. 1965etik hona nork ez du jo bertan? Gaztetan ikusi izan ditugu Hertzainak, Kortatu, Zarama… Guretzat heziketa musikal ezinbestekoa izan da Hori Bai; musikalki bertan hezi gara. Hori Baiko asanbladak kontzertuak antolatzen ditu, eta Domekak Hori Bain horren osagarri izan da. Musika zuzenean entzutea ezinbestekoa da pertsona baten garapen integralerako, eta hori zure herrian bertan baldin badaukazu, itzela da.
«Plazak eskainiz gero, musikagile asko dago Euskal Herrian proposamen oso interesgarriak egiten»
Euskaraz abesteko hautua egin dutenak bakarrik gonbidatu dituzue. Nahita?
Gaur egun Euskal Herrian gehiago programatzen da espainieraz, ingelesez edo frantsesez, euskaraz baino. Plaza asko ditugu Euskal Herrian, baina ikerketek diote ez dela euskarazkoa gehien programatzen dena. Nik hasieratik argi izan dut Domekak Hori Bain egitasmoa euskaraz sortzeko hautua egin duten horiei plazak eskaintzeko asmoz sortuko genuela. Instrumentala izan denean ere, proiektua euskaraz pentsatu duten kantariak gonbidatu izan ditugu. Espainieraz, frantsesez edo ingelesez egiten dutenek plaza nahikoa eta sobera dituzte Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo.
Nola ikusten duzu euskal musikaren eszena gaur egun?
Alde batetik, oso indartsu, inoizko eskaintzarik pluralena daukagulako. Musika inoizko eskuragarrien dugu, baina horrek albo kalteak ere ekarri dizkigu: sakelakoan dena eskura edukita, nagi handiagoa daukagu ezagutzen ez dugun zerbait entzutera joateko. Musika talde batzuek jende asko biltzen dute, jendeak badakielako zer entzutera doan. Ekintza sozial bat da, eta oso ondo dago, baina iruditzen zait polarizazio bat gertatzen ari dela milaka zale dituzten musikarien edo jarraitzaile gutxiago dituztenen artean. Programazioa orekatu beharra dago. Sarritan iruditzen zait programatzaileek ausardia falta dutela: oihartzun handiena duten musika taldeak kontratatzen dituzte, erosoena delako eta badakitelako milaka pertsona joango direla.
Zer egin daiteke hori aldatzeko?
Marko teoriko baten falta izugarria dago. Kontzientzia teorikoa landu behar da, eta heziketa musikala ere asko zaindu behar da. Belaunaldi berriek dena dute eskura, baina euskarazko kantagintzak oso leku txikia hartzen du beste hizkuntza batzuen aldean. Marko teoriko bat lantzen ez bada, korronte handi horrek eramango gaitu. Domekak Hori Bairen markora ekarrita, uste dut plazak eskainiz gero musikagile asko dagoela Euskal Herrian proposamen oso interesgarriak egiten. Bide horretan, egoera antzekoan daude euskara eta euskarazko kantagintza.
Ruper Ordorika, Esanezin, Anari eta Eñaut Elorrieta izango dira azken gonbidatuak.
Uste dut musikari horiekin oso ondo borobilduko dugula Domekak Hori Bain izan dena: hasiberrientzako, bide erdia egina dutenentzako zein bidea aspaldi hasi zutenentzako plaza bat izan da. Era berean, geure buruari ere oparitxo bat egin nahi izan diogu emanaldi horiekin. Urtarriletik ekainera bitartean ere askotariko musikariak etorri izan dira. Urte osoko errepasoa egingo nuke hamar urte hauetan eskaini dugunaren lagin moduan.
Eta, aurrera begira, baduzue beste zerbait egiteko asmoa Larrabetzuko kultur eskaintzari dagokionez?
Larrabetzun badago kultur bilgune bat duela hamahiru urtetik hona. Hilean behin elkartzen gara herriko kultur eskaintza bat proposatzeko, eztabaidatzeko eta adosteko. Hori Baik berak ere badauka asanblada bat eta badauka programazio propioa. Beraz, Hori Bai zutunik dagoen bitartean, beti egongo da musika eskaintza Larrabetzun. Domekak Hori Bain bezalako proposamenik egongo den? Auskalo, baina musika eskaintzarik ez da faltako.