Proposamena: 'Pidgin' erakusketa

Hizkuntza bat ere sortu zuten

Balea arrantzale euskaldunek hizkera propio bat garatu zuten Islandiako herritarrekin harreman komertzialak izateko. Horretan oinarrituta, 'Pidgin' erakusketa ondu du Imanol Zubiauz artistak. Azaroaren 3ra arte egongo da ikusgai, Bilboko Itsasmuseumen.

Imanol Zubiauz artista, 'Pidgin' erakusketako pieza baten alboan, irailaren 17an, Bilboko Itsasmuseumen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Imanol Zubiauz artista, 'Pidgin' erakusketako pieza baten alboan, irailaren 17an, Bilboko Itsasmuseumen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2024ko urriaren 26a
05:00
Entzun

Or mi presenta for ju biskusa eta sagarduna. Hizkuntza arrotz batean idatzitako esaldia dela dirudi aurrekoak, baina arreta handiagoa jarriz gero, argi ikus daiteke euskararen eragina: Bizkotxoa eta sagardoa emango dizkizut esan nahi du. Sasoi batean, euskal baleazaleek islandiarrekin harremanak izateko sortu zuten protohizkuntza edo pidgina da: bi hizkuntzen uztartze moduko bat. Mintzaira hori abiapuntu gisa hartuta,Pidgin erakusketa ondu du Imanol Zubiauz artistak (Zumarraga, Gipuzkoa, 1989). Izan ere, hala esaten zaio harremanik gabeko hi hiztun komunitatek elkar ulertzeko sortzen duten hizkuntzari. Azaroaren 3ra arte bisitatu ahal izango da, Bilboko Itsasmuseumen.

Ikerketa artistikoari, antropologikoari, nortasunari zein memoria kolektiboari lotuta dago erakusketa, Zubiauzek kontatu duenez: «Gaur egunera arte galdu dugun memoria kolektiboa berreskuratzea izan da nire helburua». XVI. eta XVII. mende inguruan kokatuta dago. Garai hartan joaten ziren euskaldun baleazaleak Islandiako fiordoetara baleak harrapatzera. «Baldintza oso gogorretan bizi ziren baleazaleak, hotz handia egiten baitzuen han. Handik, baina, aberastuta itzultzen ziren Euskal Herrira», esan du Zubiauzek.

«Gaur egunera arte galdu dugun memoria kolektiboa berreskuratzea izan da nire helburua»

IMANOL ZUBIAUZ'Pidgin' erakusketako artista

Euskaldun baleazaleetako baten larruan jarri da artista proiektua garatzeko, eta askotariko instalazioak, argazki bildumak, grabatuak eta materialak erabili ditu horretarako. «Baleazaleari ez diot izenik jarri, nahita: garai hartako edozein baleazale ordezkatu nahi izan dut».

Euskaldunen eta islandiarren arteko urteetako harremanaren ondorioz garatu zuten pidgin eusko-islandiarra, bi hizkuntzen arteko mintzaira. Harreman komertzialetarako erabiltzen zuten nagusiki protohizkuntza hori, Zubiauzek azaldu duenez: «Saltzeko eta erosteko erabiltzen zuten pidgina, ez askoz gehiagorako».

Egiazko gertakizunetan oinarrituta

Zubiauzek «kasualitatez» izan zuen gaiaren berri, 2020. urtean, eta, ordutik, ikertzen aritu da: «Islandiara bidaia bat antolatzen nenbilela izan nuen gaiaren berri, eta hortik tiraka hasi nintzen gehiago informatzen». Dokumentazio lan handia egin behar izan du urte hauetan guztietan, eta, zailtasunak zailtasun, gustura geratu da emaitzarekin: «Hainbatetan joan naiz Islandiara filmaketak, elkarrizketak-eta egitera; horrez gainera, dokumentu ugari irakurri behar izan ditut jakiteko baleazaleak nola bizi ziren, zer egiten zuten, zer jaten zuten».

Erakusketa atalka antolatu du, eta «errealitatearen eta fikzioaren artean» dago: «Errealitatearekin ahalik eta leialena izaten ahalegindu naiz. Material asko eskuratu dut, baina material batzuk nik sortu behar izan ditut».

Antropologoek, soziologoek eta hizkuntzalariek publikatutako argitalpenak daude erakusketaren hasieran, eta, haien ondotik, sasoi hartako bitakora bat eta irudiak ikus daitezke. «Fikziozkoak dira bai bitakora eta bai irudiak ere, baina egiazko gertaeretan daude oinarrituta denak», argitu du artistak. Garai hartako hiru eskuizkribu ere badaude ikusgai Bilboko erakusketan; glosario bat, itzulpenak eta esaldiak biltzen dituzte horiek.

(ID_14261844) (Oskar_Matxin_Edesa/@FOKU) 2024-09-17, Bilbo. Pidgin erakusketaren aurkezpena, euskara eta islandiera nahastuz baleen...
Bisitari bi 'Pidgin' erakusketako eskuizkribu bat irakurtzen, irailaren 17an, Bilboko Itsasmuseumen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Grabatu baten bitartez, gertaera lazgarri bat ere oroitu nahi izan du artistak. «1615. urtean, 32 balea arrantzale euskaldun hil zituzten Islandian». Urte hartan, Danimarkako erregeak debekatu egin zien atzerritarrei Islandian balearen arrantzan edota beste edozein jarduera komertzialetan aritzea —Danimarkako erregearen pean zeuden gobernadoreek agintzen zuten orduan Islandian—. Udaberri hartan, ordea, hiru itsasontzi atera ziren Euskal Herritik Islandiara, laurogei bat marinelekin. Irailera arte aritu ziren arrantzan, eta orduan, behintzat, ez zuten arazorik izan, harik eta Euskal Herrira itzultzea erabaki zuten egunaren bezperan ekaitz gogor batek jo zuen arte. Urte bereziki hotza izan zen hura, eta izozmendi asko zeuden itsasoan. «Barkuetako bat izotz puska horietako bat jota hondoratu zen; beste itsasontzi bat ere harkaitz batzuk jota hondoratu zen; eta, hirugarrena, erabilezin geratu zen», laburbildu du Zubiauzek.

Baleazaleak egoera larrian geratu ziren, baina txalupetan banatuta, handik alde egitea lortu zuten. Horietako batzuk iparraldera egin zuten. «Iparraldera joan ziren 32 marinelak Aedey uhartean geratu ziren, baina gobernadoreak horren berri izan zuenean, uhartera joateko agindua eman zuen, eta marinel denak hil zituzten lo zeuden bitartean».

Areto ilun batean, «txalupa baten saihetsak» kokatu ditu Zubiauzek. Bideo bat ikusten da bertan, eta proiekzioa behin eta berriro errepikatzen da txalupako saihets bakoitzean. «Hasierako pantailan, bideoa garden ikusten da, baina, atzerantz egin ahala, gero eta lausoago ikusten da». Hala, memoria kolektiboari egin nahi izan dio keinu: «Belaunaldiz belaunaldi memoria kolektibo hori galduz joan dela irudikatu nahi izan dut». Hari horretatik tiraka, argazki bilduma bat jarri du hurrengo aretoko sarreran: «Diluituta daude, nahita: garai hartako oroitzapenak nahiko lausotuta ditugula adierazi nahi izan dut».

Aretoaren erdian, Zubiauzek erakusketarako beren-beregi sortu dituen altzariak ikus daitezke. Nabigaziorako tresnak, lanerako erremintak eta zianotipiak daude, hurrenez hurren.

(ID_14261845) (Oskar_Matxin_Edesa/@FOKU) 2024-09-17, Bilbo. Pidgin erakusketaren aurkezpena, euskara eta islandiera nahastuz baleen...
Balea baten masailezurrak. Horien atzean, frekuentziak emititzen dituen gailua, irailaren 17ko irudi batean, Bilboko Itsasmuseumen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Soinuak ere presente daude Itsasmuseumeko erakusketan. Fikziozko mapa baten alboan, haizearen soinua entzuten da, eta haizagailuaren bitartez mugitzen den izara batean olatuak ikus daitezke, mugimenduan: «Bisitariak, une batez, baleazale baten moduan senti daitezela». Haren alboan, bibrazio batzuk ere atzeman daitezke gailu baten bitartez: «Baleak hurbiltzen ari zirenean, halako bibrazioak sentitzen zituzten arrantzaleek». Gailuaren aurrean, balea baten masailezurra kokatu du, keinu gisa.

Erakusketa ixteko, irakurketa txoko bat jarri du Zubiauzek azken aretoan: pidginaren inguruko artikuluak eta testuak daude irakurgai. Horrez gainera, arrantzaren uneko argazki bilduma bat ere ikus daiteke. Dena den, esaldi bat aukeratu du erakusketa biribiltzeko: For ju prefenta for mi?. Honako hau esan nahi du: Zer duzu niretzat?.

Gazte Sariaren emaitza

Arte Ederretan doktore da Zubiauz, eta goi mailako ikasketak ditu irakaskuntzan eta hizkuntzen irakaskuntzan. 2022. urtean, Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxako Gazte Saria irabazi zuen, eta horri esker ondu du Pidgin erakusketa. Proiektua aurrera eramateko 6.000 euroko ordainsaria jaso zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.