«Bere idazkera zorrotzagatik eta jardun politikoagatik», Estepan Urkiaga Lauaxeta «idazle bat baino gehiago» izan zen, Lexuri Arrizabalaga Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak azpimarratu duenez. Harengan uztartzen dira memoria historikoa, euskara eta kultura. Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiaren esanetan, «euskararen, kulturaren eta hezkuntzaren aldeko konpromisoaren adibide bikaina» izan zen Laukizko olerkaria. Horregatik, idazlearen omenez Euskararen Egunaren bueltan foru aldundiak banatu ohi dituen sarietan, Jon Enbeita bertsolari, idazle eta kantaria omendu dute, alor horietan egindako ekarpena aitortuz. Joan den barikuan egin zuten ekitaldia, Bilboko Foru jauregian.
Enbeitak bost bider kantatu du Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean, beste bost alditan Bizkaikoan, eta bitan irabazi du Araba-Bizkaiko txapela. 17-18 urterekin hasi zen bere kontura gitarra jotzen, eta hainbat disko grabatu ditu. Bertso batekin eskertu du aitortza: «Beti izan deutsat begirunea/ Lauaxeta poetari/ gure aitagaz ibilia zan/ gerra aurrean mitinlari./ Ohore bat da ta esker onez/ bihotza dakart opari/ eta aitortza jaso ondoren/ orain arteko lanari/ gogotsuago ekingo dautsat/ euskara harturik gidari./ Eskerrik asko aldundia ta/ besarkada bat danari».
«Bere kultura ondareaz eta hizkuntzaz harro dagoen gizartea eraikitzeko egindako lanaren aitortza» dira Lauaxeta sariak. Horregatik, euskara hedatzen egindako lana aitortu diete, Enbeitari ez ezik, Libe Goitiari, Angel Errori eta Oier Plazari. Fast Fatum liburuagatik 35 urtetik beherakoen poesia saria jaso du Goitiak; Errok, 35 urtetik gorakoena, Poema liburu bat —irakurtzeko jarraibideak— lanagatik.
Errok Bilborekin eta Lauaxetarekin lotu du bere liburua. «Bilbon sortu zen, Blas de Otero-Angela Figuera saria irabazi zuenean, eta, orain, berriro Bizkaira itzuli da Lauaxetaren eskutik. Poemetako batean Lauaxeta ageri da, eta, seguruenik, haren babesari zor diot hemen egotea». Poesia saritzea eskertu du, «urrezko aroa pasatuta» duen generoa izan arren, «hizkuntzari lotuena» delako.
Oier Plaza zinemagileak jaso du ikus-entzunezkoen arloko saria, Memoria lurperatuta dokumentalagatik. Arbasoak Erorien Haranetik berreskuratu nahi dituzten familiei buruzkoa da. Sariagatik ez ezik, Lauaxetaren memoria bizirik mantentzeagatik ere eman ditu eskerrak. Julian eta Trinidad Ibarrolaza aita-alaben historikoa kontatu du. «36ko gerran, Ezkabara eroan zuten Julian preso. Han desagertu zen haren lorratza. Nazionalek frontera eroan zuten. Tarragonan hil zuten, aire eraso batean. Orain dela lau urte Gogora-k argitaratutako zerrendetan aurkitu zuten haren izena. Trinidadek eskatu zuen aitaren gorpua Erorien Haranetik ekarri ahal izatea, baina ezinezkoa da».
Plazak Bernardo Atxagaren markak kontzeptua aipatu du. «Pertsonek eta gizarteak gauzak ahazteko joera dugu. Horregatik da garrantzitsua markak sortzea, memoria kolektiboa eraikitzeko. Markak sortzen ditugu poesiaren, kanten, sari hauen edo beste hainbat kultur sorkuntzaren bitartez».
Etorkizuna
Bilboko Udalak Aisiola elkartea, Urtxintxa Eskola eta Gaztetxo Eskolasaritu ditu, Euskararen Egunaren aitzakian. Eider Inunziaga Euskara zinegotziak azpimarratu du erronka eremu ez-formalean dagoela; aisialdian, berbarako. Mungiako Udalak belaunaldi berrien euskalduntzeari erreparatu dio: eskola jangeletako zaintzaileei eman zien domekan Euskara saria, «belaunaldi berrien artean hizkuntza eguneroko esparru guztietan normalizatzeko konpromisoa eskertzeko».