Hiria, aldarrikapen ekologisten epizentroa

Hirietan igartzen dira krisi ekologikoaren ondorioetako batzuk, eta handik sortu dira, halaber, kalte horiek murrizteko egitasmoetako hainbat. Esaterako, orain dela 25 urte Pagasarri mendiko lursail bat erosi zuten 5.500 hiritarrek, hura babesteko.

Ekologistak Martxan elkartearen protesta bat Bilboko udaletxearen aurrean, 2002ko ekainean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Ekologistak Martxan elkartearen protesta bat, Bilboko udaletxearen aurrean, 2002ko ekainean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2025eko otsailaren 7a
05:00
Entzun

Iragana helduleku bat izaten da maiz orainaldiko erronkei heltzeko, eta baliagarria da tarteka atzera begiratzea, ikusteko zer egin zen, nola, zertan lortu zen arrakasta, eta zertan egin zen kale. 2001ean, Pagasarri mendiko azken basozain Rafa Toralek akuilatuta —2018an hil zen—, 5.500 lagun inguruk indarrak batu, eta mendiko hamar hektareako eremu bat erosi zuten, artean jabetza pribatukoa. Bakoitzak mila pezeta ipini zituen. Pagasarriren egoerak kezkatuta hartu zuten erabakia, ugariak baitziren isuriak, harrobiak, kontrol bako ehiza, motoen trafikoa eta deforestazioa: Bilboko mendiak aspaldi zituen galduak pago eta haritz autoktonoak, eta, are, desagertuak ziren ustiapenerako landatu zituzten pinuak ere. Lurrok Bizkaiko Foru Aldundiari eman zizkioten dohaintzan, eta instituzioak eremua onbideratzeko konpromisoa hartu zuen. Ia mende laurden baten ostean, baso autoktonoa ia erabat berreskuratuta dago, Mikel Toral Pagasarri Gurea elkarteko kide eta lurren erosleetako baten hitzetan.

Elkartearen izen bereko liburuan islatu dute orain Pagasarriren aberastasuna, bertoko arbolen, landareen eta animalien argazkiekin, eta hainbat kazetarik, idazlek eta eragilek eskainitako testuekin. Eta lurzoruaren erosketa hura gaur egungo aldarrikapen ekologista batzuekin lotu zuten Bilboko Hika Ateneoan antolatutako solasaldi batean, urtarrilaren 28an. Toralen berbetan, gaur egun sarriagoak dira gisa horretako ekintzak, protestatzeko ohiko maneretatik harago doazen horiek, baina, garai hartan, inguruan ez zegoen beste adibiderik. Hain izan zen arraroa egin zutena, ezen instituzioek ere errezeloz hartu baitzuten eskaintza. «Hasieran, aldundiak baztertu egin zuen. Eta orduko ahaldun nagusia, Josu Bergara, lurren dohaintza sinbolikora joan zenean, ez zuenez han bildutako inor ezagutzen, pentsatu zuen segada bat izango zela». Alabaina, gizarte borrokaren eta instituzioen elkarlan hura arrakastatsua izan zen.

Subflubiala Ez plataformaren manifestazioa Getxon, joan den ekainaren 15ean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Subflubialari Ez plataformaren manifestazioa Getxon, joan den ekainaren 15ean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

Hiritik etorri zen hauspoa. Eta, hain justu, hiria izan da kezka eta erreibindikazio ekologista ez gutxiren sorlekua. Bilbok, kasu baterako, baliabide naturalei heldu die garapen ekonomikoa bermatzeko, merkataritza jarduerari eusteko, aurrena, eta industrializazioari ekiteko, XIX. mendetik aurrera. Helburu horretarako erabili izan ditu inguruko basoak eta meatzaritza mendiak, baita erriberak ere. Baina ustiaketa horrek eraginak izan ditu metropolialde osoan. 1969an, Erandioko biztanleek protesta egin zuten airearen kalitate eskasa gaitzesteko, eta Poliziak tiroz desegin zuen elkarretaratzea.

Auzo elkarteen indarra

Baina jada ozendua zen aldarrikapena. Askok hartu zuten erandioztarren lekukoa Bizkaiko Labe Garaiak, Olarra, Dow Chemical eta bestelako enpresen aurka. Hasieran, auzoetatik ekin zioten, batik bat. 1972an, Bilboko Errekaldeko familien lehen elkarteak gidatuta, Arraiz mendian kokatutako Artigas zabortegiaren kontra manifestatu ziren. 1976an, euskal kostaldean ipini asmo zituzten zentral nuklearrak izan zituzten jopuntuan, eta auzoetan Lemoizko zentralaren kontrako komiteak antolatu ziren, kasu baterako. Eta bestelako eskakizunak ere egin zituzten auzo elkarteek: berdeguneak, zaborren kudeaketa hobea, isurketen kontrola, trafikoaren murrizketa... Elkarte ekologistak loratzen hasi ziren, orobat. Eta berehala ailegatu ziren instituzioen aurreneko esku hartzeak: 1978an, Bilbo Handirako Saneamendu Plana abiatu zuten, eta urtebete geroago, itsasadarra garbitzeko lehen plan integralari ekin zion Ur Patzuergoak.

1980ko urteetatik aurrera, Bizkaiko fabrika asko zarratu, eta eredua errotik aldatu zen: hiri industriala izateari utzi, eta zerbitzuena bilakatu zen Bilbo. Horrek eskatu zuen, adibidez, garraio publiko eraginkorrago bat jartzea —1995ean inauguratu zuten Bilboko metroaren aurreneko linea—, baina aldaketek ez zituzten zulo guztiak bete eta, are, berri batzuk ere sortu zituzten. Gaur egun, garraioari lotutakoak dira, hain justu, elkarte ekologisten jomugetako batzuk. Azpiegiturak buruhaustea dira, zehazki, Txapu Martin Urreta Ekologistak Martxan elkarteko kidearen esanetan. «Azpiegitura berrien erabat kontra gaude. Material xahuketa bat dira, eta naturaren kontrako erasoak, oro har».

«Aldundiak aurreikusi du autoen kopurua %20-30 igo daitekeela ibai azpiko errepidearen eraginez»

TXAPU MARTIN URRETAEkologistak Martxan elkarteko kidea

Bi obratan jarri dute arreta, batez ere. Bata, Bilbo hegoaldeko saihesbidea; erdi egina dago, Bilboko Bolintxu gune naturalaren gainetik igaroko da, eta horrek protesta ugari eragin ditu azken urteetan. Ekologistak Martxan-ek gogoratu duenez, autobide horren erabiltzaileen kopurua aurreikusitakoa baino askoz txikiagoa da: ez da erdira ere heltzen. Beste azpiegitura Getxoko Itzubaltzeta auzoa Ezkerraldearekin lotuko duen ibai azpiko errepidea da. Oraindik onartzeko dagoen arren, proiektu hori gaitzesteko manifestazio batera deitu du Subflubialari Ez plataformak: bihar izango da, 17:00etan, Bilboko Arriaga plazan.

Adibideok mugikortasun eredu jakin baten isla dira, Martinen esanetan: auto pribatuaren erabilera sustatzen dute. Aldundiaren arabera, itsasadar azpiko errepidearen helburua de Errontegiko zubiko trafikoa murriztea, baina, diputazioaren aurreikuspenei erreparatuta, trafikoa lekualdatzeaz gain, ugaritu egingo du. «Aldundiak aurreikusi du autoen kopurua %20-30 handituko dela», esan du Martinenek.

Irizpide desberdinak

Kontrako eragina izan dezakete, ordea, Bilbon gauzatu diren beste egitasmo batzuek. Azken urteetan, auzo elkarteekin batera, oinezkoentzako sareak landu eta eskatu dituzte ekologistek. Martinek adierazi du hiriaren tamainak bide ematen duela edonora oinez joan ahal izateko, eta garraio mota hori nagusi da Bilbon, lekualdaketen ia %70 oinez egiten baitira. «Sareak eskatzen ditugu, ez soilik oinezkoentzako bihurtutako kaleak, baizik eta lotuta daudenak. Aniztasunean oinarritutako sareak, seguru ibil daitezen haurrak, adinekoak eta mugikortasun murriztua dutenak».

Hori da kotxearen erabilera murrizteko gakoetako bat: beste garraio motak sustatzea, erraztasunak ematea ondo konektatutako espaloiekin eta bidegorriekin, kalitatezko garraio publiko bat eskainita, baita hiri segurua ere. Alde horretatik, eragileak aspalditik zebiltzan udalari eskatzen muga zezala hiri barruko gehiegizko abiadura orduko 30 kilometrora. «Esaten genuen: ‘Hiria moteldu beharra dago’. Esaten ziguten: ‘Nola mugituko gara orduko 30 kilometroko abiaduran?’». Udalak, iritzia aldatu, eta abiadura orduko 30 kilometrora mugatu zuen 2020ko irailean.

Bolintxuren aldeko protesta asko egin dituzte. Irudian, 2020ko otsailaren 29koa, Bilboko Areatzan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bilboko Bolintxu gune naturalaren aldeko protesta asko egin dituzte. Irudian, 2020ko otsailaren 29koa, Bilboko Areatzan. ARITZ LOIOLA / FOKU

Batzuetan, halako esku hartzeak ez dira nahikoa, eta autoaren erabilerari oztopoak ipini behar zaizkio trantsizioa gerta dadin. «Baina neurri ekonomikoak badira, diru gehiago dutenek errazago izango dute», ohartarazi du Ekologistak Martxan-eko kideak. Hori dela eta, erreparoz ikusten du EGE emisio gutxiko eremua. «Tranpatia da, 2006tik aurrera fabrikatutako kotxe guztiek etiketa berdea dutelako. Baita kontsumo handiko kotxeek ere». Txarretsi egin du, halaber, EGEa zein gunetan ezarri den. «Bilbo erdigunea babestu dute: hau da, Abando eta Indautxu auzoak, non errenta altuena dagoen, eta kotxe kopuru handiena». Eremuaren barruan bizi diren hiritarrek ez dute hara sartzeko oztoporik. «Kutsadurak eta berotegi efektuko gasek eragindako arazo mordoa ezabatzeko hartu beharreko neurriek justizia sozialeko irizpideak izan behar dituzte», Martinen iritziz.

liburuaren fitxa

(ID_17383384694815) (/Ezezaguna) Pagasarri gurea liburuaren azala

 

 

Izenburua:Pagasarri Gurea.

Egilea: Mikel Toral.

Urtea: 2025.

Argitaletxea: Autoedizioa.

Orrialde kopurua: 100.

Non eros daitekeen: Bilboko, Alonsotegiko, Basauriko eta Galdakaoko hainbat saltokitan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.