Hilobi entziklopedikoak

Megalitoen inguruko erakusketa bat antolatu du Bilboko Arkeologi Museoak, otsailaren 4ra arte. Harriak eta ostilamenduak aztertuta, Neolitikoko ehorzketa ohiturak aletu dituzte, eta Europako beste lurraldeekin edukitako hartu-emanak erakutsi.

(ID_13052233) (Monika del Valle/@FOKU) 2023-07-26, Bilbo. \
Emakume bat erakusketako piezak begiratzen, Bilboko Arkeologi Museoan, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2024ko urtarrilaren 20a
05:00
Entzun

Harri bat, landuagoa edo apenas moldatutakoa, kokapen eta orientazio jakin batean ipinitakoa, beste harlauza batzuekin konbinatua, batzuetan: hori dira, funtsean, megalitoak, batik bat ehorzketekin lotutako harriak; hala erraldoiak, nola diskretuagoak. Badira mendietan kokatutako lorratz bat, paisaian egindako moldaketa bat, eta informazio oparoa eskaintzen dute, bai kontu materialen ingurukoa, bai mundu sinbolikoari buruzkoa, bai Bizkaiko historiaurreko biztanleek Europako beste lurraldeekin eta urrunagokoekin izandako harreman sareen ingurukoa, esate baterako. Bilboko Arkeologi Museoak ertz horiei guztiei heldu die Megalitoak. Eremu sakratuak eta lurralde erreferenteak erakusketan: Euskal Herriko hainbat indusketatan lortutako 150 pieza bildu dituzte, eta piezen eta joeren inguruko datuekin eta informazioarekin jantzi dute mostra. Otsailaren 4ra arte egongo da zabalik.

K.a. bosgarren milurtekotik lehen milurtekora artekoak dira materialok. Garai hartan, Euskal Herriko paisaia mugarriz bete zen, eta eskultura monumentalak ugaritu ziren, Iñaki Garcia Camino museoko zuzendariaren arabera. Urteen poderioz, forma ezberdinak sortu ziren: dolmenak, menhirrak, cromlechak... Eta hein berean aldatu ziren ehorzketa ohiturak.

Josean Mujika EHUko Historiaurreko irakaslearen irudiko, baina, erakusketa argigarria da baita neolitizazio prozesuan sakontzeko ere. Trikuharri gehienak abeltzaintzarekin lotutakoak direnez, aurrerapen ekonomiko batzuen berri ematen dute, eta lagungarri izan dira, era berean, Neolito aroaren datazioa zorrozteko. «Ikusi dugu uste baino 1.500 urte lehenago iritsi zirela brontzegintzan, abeltzaintzan, nekazaritzan eta abarretan izandako aurrerapenak». Aldaketok ikuskera moldatu zuten, irakaslearen berbetan, kezka berriak piztu zitzaizkielako herritarrei: adibidez, abereek bazkatzeko larreak topatu behar zituzten, eta mendietan aurkitu zituzten eremuok. «Horregatik, hemen dauden trikuharri gehienak mendi inguruetan daude. Ordurako, sortuta zegoen transhumantzia bat», esan du Mujikak.

Kanpai formako ontziak. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Kanpai formako ontziak. MONIKA DEL VALLE / FOKU

K.a. 5700. urtearen inguruan, megalitoak sortzen hasi aurretik, Mediterraneotik eta Ebro ibaitik barrena Euskal Herrira heldu ziren gizatalde batzuk, eta hainbat berrikuntza ekarri zituzten, batik bat ekonomia irauli zutenak, Juan Carlos Lopez Quintana Agiri arkeologia elkarteko ikertzailearen arabera: hala nola ardiak eta ahuntzak, garia, garagarra eta zeramika kardiala. «Megalitismoaren aurreko talde horiek ehorzketa indibidualak egiten zituzten. Hegoaldean, zuloetan ehorzten zituzten; Kantauriar mendikatera heldu zirenenak ere indibidualak ziren, baina kobazuloetan egiten zituzten». Jada ehorzketa horietan islatzen zen mundu sinboliko bat, espatula idoloetan mamitu zena, bereziki.

«Ikusi dugu uste baino 1.500 urte lehenago iritsi zirela brontzegintzan, abeltzaintzan, nekazaritzan eta abarretan izandako aurrerapenak»

JOSEAN MUJIKAEHUko Historiaurreko irakaslea

Mende batzuen ondoren eraiki ziren aurreneko megalitoak, K.a. bosgarren milurtekoaren bukaeran, «nekazaritza eta abeltzaintza errotua zegoenean», zehaztu du Quintanak. Izan ere, «monumentu horiek lotuta daude egonaldi batera eta lurralde jakin batera». Errituak ere aldatu ziren, esplikatu duenez: ehorzketa kolektiboak egiten hasi ziren. Eta arkitektura ezberdinak taxutu zituzten: Araba aldean, esaterako, ohikoagoak izan ziren hilobi handiagoak, monumentalagoak; Bizkaian, berriz, usuagoak ziren dolmen sinpleak, txikiagoak. «Baina eduki, lurralde funtzio eta erritu funtzio bera zuten», argitu du Quintanak.

Hedapena

Garai hartan abiatu zen Mendebaldeko Europako lurraldeen arteko konexioa, eta ideiak, objektuak eta lehengaiak lekualdatzen hasi ziren hainbat ibilbidetatik; kasu batzuetan, oso urrutitik heldu ziren. Erakusketako adibide bat jarri du Quintanak: Dimako aizkora. «Ekoglita izeneko harri batekin egina da, eta harri hori Alpeetan ustiatzen zen. Handik heldu zen Dimara, ez dakigu zergatik, eta joan den mendearen hasieran topatu zuten, nekazaritza obra batzuetan».

Monumentuek errituak ere moldatu zituzten. Lehen fase megalitikoan, estelak erabiltzen hasi ziren; gehienak, apenas landutakoak. «Erakusketan badago, adibidez, Gorbeiaren Bizkaiko aldean agertutako bat, oso sinplea. Baina pieza horiek testuinguru batean agertu dira, eta horrek jakinarazi digu erritu funtzioa zutela».

«K.a. 3200. urtetik aurrera, paisaia megalitikoa errotuago eta hedatuago zegoen. Polen azterketek hori adierazten digute. Gainera, analisiek deforestazioak erakusten dituzte»

JUAN CARLOS LOPEZ QUINTANA Agiri arkeologia elkarteko ikerlaria

Hasierako dolmen horietako batzuk laster zigilatu zituzten, baina beste batzuk berrerabili egin ziren hainbat mendez. Zantzuak daude bigarren fasean erabili zirela trikuharrietako zenbait, K.a. 3200. urte ingurutik aurrera —batzuk, are beranduago—, eta berriak ere eraiki zituzten. Ugaritu egin ziren esku hartzeak, eta, horiek horrela, nabarmenki moldatu zen paisaia. «Fase hartan, paisaia megalitikoa errotuagoa eta hedatuagoa zegoen. Polen azterketek hori adierazten digute. Gainera, analisiek deforestazioak erakusten dituzte», zehaztu du Quintanak.

Euskal Herriko indusketetan aurkitutako hainbat harri landu, Neolito garaikoak. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Euskal Herriko indusketetan aurkitutako harri landu batzuk, Neolito garaikoak. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Hauspoa hartu zuten, halaber, Europa mailako sareek, eta material gehiago mugitzen hasi ziren. Bizkaian, kasurako, laugarren milurtekoaren bukaeran iritsi ziren bariszitak, Zamoratik (Espainia). Eta heldu ziren, era berean, kanpai formako ontziak. Objektu landuak eta garestiak ziren, eta, beraz, ez ziren egunerokoan erabiltzen, errituetan baizik, oturuntzetan. Armak, ontziteria eta apaingarriak ere ekarri zituzten ibilbide horietatik, baita material are exotikoago bat ere: bolia. Muskizko Pico Ramosko hilobian, garai hartan taxututako bolizko botoi batzuk aurkitu izan dira. «Baieztatzeko dago oraindik boli horren jatorria: ez dakigu Asiakoa den, edo Afrikakoa...», esan du Quintanak. Oparotasunak, baina, hierarkiak indartu zituen, azaldu duenez. «Garai hartan, botere taldeak sortu ziren, soberakinen ekonomia maneiatzen zuten eliteak».

Estelak ere topatu dituzte, ugariagoak, «baina, hala ere, oso gutxi», ikerlariaren hitzetan. «Piezak apenas dauden landuak, ez dute apaingarririk, forma jakin bat dute, modu eta leku batean kokatzen zuten, eta kokalekuagatik bihurtzen ziren estela». Mundakako Katillotxu megalito sortan, adibidez, Palmela punta bat topatu dute, baita dolmena ixteko baliatu zuten estela bat ere.

Ehorzketa kolektiboak

K.a. 2200. urtean, gutxi gorabehera, beste migrazio prozesu garrantzitsu bat gertatu zen: estepetako populazioa heldu zen Europara. Arrasto genetikoa utzi zuten, berrikuntzak —zaldi etxekotua, gurpila...—, baita gaixotasunen bat edo beste ere. Mugarri bat jazo zen ehorzketa ohituretan: hilobiratze kolektiboak baztertu zituzten, eta indibidualetara itzuli ziren. Ugaritu egin ziren hilobiratze ereduak, Quintanaren esanetan. Monumentu berriak eraiki zituzten propio; adibidez, zistak: dolmen txikiago batzuk, eta oso diskretuak, tumulurik gabekoak. Gorputz gutxiago hartu behar zituztenez, bakarra edo bakan batzuk gehienez, hilobiak sinplifikatzera eta txikitzera jo zuten. Hala ere, aurreko faseetako dolmenak ere berrerabili zituzten ehorzketa indibidualak egiteko, kobazuloez ere baliatu ziren...

Heriotza estela bat. Gainean, estelan egin zituzten markak, nabarmenduta. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Heriotza estela bat. Gainean, estelan egin zituzten markak, nabarmenduta. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Ostilamenduak ere murritzagoak izan ziren fase horretan; edo, behintzat, gutxiago topatu dira. Javier Fernandez Eraso EHUko Historiaurreko katedradunaren arabera, garai hartako objektuak preziatuegiak ziren hilobi batean uzteko, metalez onduak baitziren. Salbuespenekin ere egin dute topo, nolanahi ere, Quintanak aipatu duenez. «Hilobi batzuetan, aberastasun handiko ostilamenduak agertu dira, azpimarratzen dutenak pertsona prestigiotsuak zeudela ehortzita». Urrutiko silexarekin egindako sastakai bat aurkitu zen Aitxuko dolmenean (Ataun, Gipuzkoa), adibidez; eta topatu izan dira brontzezko gezi puntak, urrezko apaingarriak...

Are gehiago eboluzionatu zuen megalitismoak. Azken fase bat nabarmendu dute adituek, K.a. lehen milurtekoan garatu zena: errausketen aroa. Harriz egindako zirkuluetan uzten zituzten errautsak —cromlechetan—; hasieran, Andorra eta Leitzaran ibaiaren arteko eremura mugatzen zen ohitura, baina milurtekoaren azken urteetan, mugak hautsi, eta cromlechak agertzen hasi ziren Aralar mendilerroan, Oizko mendilerroan, baita Bizkaiko beste leku batzuetan ere.

ehun urteko ikerketa lana

Hiru ikus-entzunezkorekin osatu dute Bilboko Arkeologi Museoko Megalitoak erakusketa. Hurrenez hurren, Euskal Herrian topatutako mila megalito ingururen irudiak agertzen dira piezetako batean; garai hartan gertatutako klima aldaketak eta paisaiaren transformazioak aletzen dira beste batean; eta ikerlari aitzindariez mintzo da hirugarrena.

 

Javier Fernandez Eraso EHUko Historiaurreko katedradunaren arabera, hasierako euskal megalitoak aurkitu zirenean —1832an atzeman zuten lehena, Araban, eta 1864tik aurrera hainbat aurkikuntza egin zituzten Aralar mendilerroan—, zelten hilobiak zirela pentsatu zuten. XX. mendean, zorroztu egin zen ikerketa arkeologikoa: 1917an, Telesforo Aranzadi, Jose Migel Barandiaran eta Enrique Eguren elkartu ziren hilobiak aurkitu eta ikertzeko.

 

Mende bat pasatxoan, argitu egin dira megalitoen inguruko zalantza asko, baina ilunpean jarraitzen dute beste hainbatek. Juan Carlos Lopez Quintana Agiri arkeologia elkarteko ikerlariak azaldu duenez, estelek ikerketa eta zabalpen handiagoa behar dute, eta jakiteko dago oraindik nondik heldu ziren lehengaietako batzuk, besteak beste.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.