Hildakoek berba egiten dutenekoa

Zornotzako hilerrian milizianoen 51 gorpuzki aurkitu ditu Aranzadi elkarteak. Hildakoak identifikatzen lagunduko duen informazioa topatu dute.

5 gora dira Zornotzako hilerrian berreskuratu diren gerra zibilean desagertutako gudari eta milizianoen gorpuzkiak
Nerea Melgosa, Ainhoa Salterain eta Aintzane Ezenarro, Aranzadi taldekoekin berbetan, joan den astean, Zornotzan. MIGUEL CALVO ALEJO / EUSKADI.EUS
marcos tedin
Zornotza
2023ko abenduaren 17a
05:00
Entzun

Zer ezkutatzen du lurrak? Zer kontatzen du lur azpian dagoenak? Nola uler edo interpreta daiteke begi hutsez ikusten ez dena? Horretan datza Aranzadi zientzia elkarteak egiten duen lana. Azken astean, lurperaturik zegoena berreskuratzeko beharretan ibili dira Zornotzako hilerrian, eta aurkitutakoak harritu egin ditu.

Aranzadiko kideek igandetik igandera egin dituzte indusketa lanak, 36ko gerran hildako gudarien gorpuzkiak aurkituko zituztelakoan. Astebeteko lana amaitzean, 51 miliziano zenbatu dituzte. Lourdes Herrasti Aranzadiko antropologoak adierazi du espero baino «gehiago» dela; «ez genuen espero hilobiak hain handiak izatea».

Holako lanetan, antropologoek ez dituzte gorpuzkiak bakarrik aurkitzen. Hildakoek zeramatzaten arropak, txanponak, tresnak eta bestelako artefaktuak ere topatu daitezke hobitik ateratzean. Horretaz baliatzen dira antropologoak aurkitutakoari zentzu edo azalpen bat emateko, eta ezagutzen den historia berrinterpretatzeko ere.

Alde horretatik, Zornotzako hilerrian egin duten aurkikuntza ez da salbuespena izan. 51 gorpuzkiz gain, hainbat elementu topatu dituzte antropologoek. Herrastik aipatu du, besteak beste, hilobian zegoen txanpon bat. Horrek data bat zeukan -—1937—, baita legenda bat ere: «Gobierno de Euzkadi». Elementu honek kronologia bat ematen du, eta lagundu die antropologoei bereizten, gutxi gorabehera, noiz lurperatu zituzten gorpuzkiak. Herrastik esan duenez, urte horretan Zornotza inguruan borrokatu ziren guduak maiatzean eta apirilean izan ziren. Azkenean, uste baino askoz gehiago esan dezake txanpon batek.

Arropek ere informazio handia eman dezakete. Oraingo honetan, antropologoek adierazi dutenez, hildako guztiak gizonak ziren. Zeramatzaten arropari esker, Aranzadikoek aukera izan dute jakiteko hildakoak nondik ekarri zituzten. Batzuek gudurako arropa zuten jantzia, eta horrek erakusten du borrokatzen hil zirela, eta fronteetatik zuzenean eraman zituztela Zornotzara. Besteen arropak adierazten zuen ospitaletik ekarriak zirela. Izan ere, hildako bati anputazio bat egin ziotela aurkitu zuten antropologoek, eta horrek konfirmatu zuen ospitalearen hipotesia.

Identifikazioa

Hilobian bi txapa ere aurkitu dituzte antropologoek, eta, azaldu dutenez, oso aurkikuntza baliagarria izan daiteke. Gudariek txapa horiek erabiltzen zituzten paga jasotzeko, eta, eskuragai dauden erregistroetan arkeologoek ikusi ahalko dute zenbaki horiek nortzuei zegozkien.

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Ainhoa Salterain Zornotzako alkatea eta Aintzane Ezenarro Gogora Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria izan dira hilerrian, Aranzadiko taldekideen lana ezagutzeko eta aurkikuntzaren berri izateko. «Espero dugu hemendik aurrera identifikatu ahal izango ditugula eta beren familiei itzuliko dizkiegula», adierazi du Malgosak. Dei egin die desagertuen familiei, DNA laginak emateko, identifikazioan laguntzeko.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.