Ikertzailea

Marta Calvo: «Egoitzetako hezkuntzaren helburu nagusia jaunartzea zen»

Abadiñon egondako Nuestra Señora de Begoña umeentzako barnetegi frankistaren inguruko azterketa lana egiten ari da Marta Calvo. Gerediaga elkartearen Ikerlari Gazteen Beka irabazi du horregatik.

Marta Calvo ikertzailea, astelehenean, Abadiñon. RAUL BOGAJO / FOKU
Marta Calvo ikertzailea, astelehenean, Abadiñon. RAUL BOGAJO / FOKU
iraia vieira gil
2024ko irailaren 16a
05:00
Entzun

Gizarte Langintza ikasi zuen Marta Calvok (Durango, 1990), eta gizarte partaidetza eta garapena aztertzeko master bat egin zuen gero. Egun, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako umeak eta nerabeak babesteko sistemari buruzko doktoretza ari da egiten. Datuak bildu bitartean, Abadiñon egondako Nuestra Señora de Begoña umeentzako barnetegi frankistaren berri izan zuen, eta hori aztertzeari ekin. Ikerketa lan horregatik, hain zuzen, Ikerlari Gazteen beka eman dio Gerediaga elkarteak.

Nola izan zenuen Abadiñoko Nuestra Señora de Begoña barnetegi frankistaren berri?

Zalantzak sortu zitzaizkidan egiten ari naizen doktoretza lanaren inguruan: umeak eta nerabeak babesteko sistemaren aurrekarien berri jakin nahi nuen. Egungo sistemak demokraziarekin bat egiten du, baina aurretik bestelakoak ziren kontuak. «Auxilio SocialBizkaia» idatzi nuen erabili ohi ditudan bilatzaileetako batean, eta jakin nuen erregimen frankistak hainbat egoitza eraiki zituela Bizkaian.

Zer da Auxilio Social delako hori?

Elkarte falangista bat izan zen, eta, tarte bat igarota, instituzionalizatu egin zuten. Militarren eta elizaren eragin handia zuen, eta eskualdeka funtzionatzen zuen. Umeentzako barnetegiak kudeatzen zituen, baina bestelako egoitzak ere bai. Gainera, frankismoarekin lotutako askotariko ekintzak egiten zituen.

Zelako umeak eramaten zituzten barnetegietara?

Espainian egindako ikerketen arabera, askotarikoak ziren. Batetik, Belgikara edo Frantziara gerratik ihesi joandako umeak zeuden, bueltatzean gurasoak aurkitu ez zituztenak edo familiarekin bueltatzeko baimenik jaso ez zutenak, senideek ez zutelako bat egiten frankismoaren balioekin. Bestetik, gurasoak preso zituzten haurrak zeuden, baita goseteak bultzatuta heltzen zirenak ere. Abadiñoko egoitzari dagokionez, ez dugu datu argirik, ez baitugu topatu bertan izandako umeen zerrendarik.

Ume horien adinari dagokionez, informaziorik baduzue?

Abadiñoko barnetegiko haurrak 3 eta 7 urte artekoak ziren, eta adinaren eta sexuaren arabera banatzen zituzten. Hezkuntzari begira, umeak hezteko hasierako pausoa zen. Hain zuzen, hazi ahala, beste egoitza batzuetara eramaten zituzten. Ondoren, 12 eta 14 urte artean zituzten haurrentzako barnetegietan, lanera bidaltzen zituzten.

«Lanean hastean, mutil gazteek  soldataren zati bat eman behar izaten zioten egoitzari, eragiten zituzten gastuak ordaintzeko»

Zer motatako lanak egiten zituzten?

«Beren sexuarekin lotutako eginbeharrak» ezartzen zizkieten neskei: jostea edo garbitzea, adibidez. Mutilak, berriz, Portugaleteko eta halako gune industrialetako egoitzetara eramaten zituzten, ofizio bat ikasi eta enpresetan lan egin zezaten. Alde horretatik, Labe Garaiak dira dokumentuetan gehien aipatzen den lantegia. Lanean hastean, gainera, mutil gazteek soldataren zati bat eman behar izaten zioten egoitzari, eragiten zituzten gastuak ordaintzeko.

Egoitzetako bizi baldintzak gogorrak ziren, beraz.

Abadiñoko barnetegiko bizi baldintzen inguruko datu askorik ez dugu bildu, testigantzarik ez dugu lortu eta —haur haietako asko hilda daude jada, edo 90 urte inguru dituzte—. Hala ere, badakigu frankismo garaiko egoitzetan tratu txarrak izan zirela; askok ez zieten jatera ematen umeei.

Zelakoa zen egunerokoa?

Eliza Katolikoak idatzitako memorian, Sodupeko egoitza aipatzen da bereziki. Abadiñokoa itxi ostean [1951] ireki zuten, eta biek antz handia zuten. Abadiñon bizi ziren umeak eta langileak ere lekualdatu zituzten. Errutina erlijiosoak garrantzi handia zuen: bazkaria egin bitartean otoitz egitera behartuta zeuden, eta helburu nagusia jaunartzea zen. Izan ere, oinarrizko hezkuntza jaso baino gehiago, balioen, moralaren eta erlijioaren inguruan ikasten zuten.

Noiz uzten zioten egoitzetara joateari?

18 urte inguru zituztenean utz ziezaioketen joatera, baina 18 urte baino gehiagoko gazteentzat ere bazeuden barnetegiak. Mutilak Barakaldon zegoen egoitzan gera zitezkeen beste zerbait aurkitu arte. Neskei dagokienez, Bilboko Angeles Custodios egoitza zen ezagunena, baina ez dakigu zelako aukerak ematen zizkieten.

1939an ateak zabaldu zituenetik, zenbat ume igaro ziren guztira Abadiñoko Nuestra Señora de Begoñatik?

Egoitza ireki zutenean, 55 ume inguru zituztela aipatzen da dokumentuetan, eta, gero, 85 ere izan zirela. Datu horiek ezin izan ditugu egiaztatu, baina hirurogei ume inguru ageri diren barnetegiko argazki bat topatu dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.