Nico Cuenca

'Harro, herri'

2024ko otsailaren 23a
05:00
Entzun

Beti zure atzetik. Peiremans taldearen Radio Maria kantaren hasierako hitzak dira. Euska Herriko bazter askotan autoko irratian harrapatzen zuten emisora bakarra zelako jarri zioten izen hori kantari. Eta hori da bi urterik behin hamar egunez egiten duguna. Lekuko baten atzetik lasterka egin. Banago, hein handi batean, Korrikak baduela erlijio kutsua, nolabait. Furgoneta baten atzetik egun argiz zein gauez, eguzkipean, laino artean edo elurpean euskararen aldarriari eusteko fede handia izatea beharrezkoa da, nola bestela. Mirariak ere egiten ditu Korrikak, urte osoan erdaraz barra-barra ari direnak minutu batzuetan euskal hiztun bihurtuta. Euskarazko hedabideak elkarlanean aritzea ere miraria da askotan, eta Korrikak lortu egiten du. Azken batean, ez ahaztu Erramu igandean bukatzen dela Korrika, kristauentzako egun seinalatua, eta, edozein erlijiok bezala, bere liturgia propioa ere baduela: lekukoak daraman mezu ezkutua irakurri eta gero egiten du jaiak eztanda, ezkontzen moduan egun handia ospatuz.

Korrikarako prestatzen ere asteak ematen ditugu, gure garizuma partikularrean: Korrika nondik pasatuko den kontsultatu, kanta nork egingo duen asmatzen saiatu…, eta gure kaleak eta auzoak berotzen hasi. Edozein korrikalarik azalduko dizu zein garrantzitsua den lasterketarako ondo prestatzea. Deustualdean, esaterako, martxoaren 1ean trikipoteoa izango dugu, eta hurrengo egunean, bertso bazkaria. Argazki historikoak bidaltzeko deia ere egin dute Deustualdeko Korrika batzordeek, sorpresatxoa prestatzeko.

Zutabetxo hau kaleratu, eta hogei egun inguru faltako dira Korrikak Irunen bere bideari ekiteko eta euskalakariak lasterka jartzeko, hain beharrezkoa dugun ahalduntzea aldarrikatuz, euskahaldunduz, gogorki oldartu den jazarpen judizialaren aurrean euskaraz bizi nahi dugula ozen oihukatzeko. Harrotasunez baina harrokeriarik gabe, euskararen herria garela defendatuko dugu. Harro Herri. Euskalduna izatea gure superboterea delako, harro egoteko modukoa.

Gaitza da hemengoa ez den lagunari sentiaraztea zein urduri jartzen garen Korrikaren zain gaudela bat-batean, hor urrunean, furgoneta ikustean.

Badago, baina, ikusten ez den beste Korrika bat ere. Azpiegitura eta antolaketa xehe diseinatzen duten langileena. Lekukoak eskuz esku Euskal Herri osoa zeharkatzea posible egiten duten langileena. Duela aste gutxi, Korrikako komunikazio arduradunarekin trago batzuk hartzeko aukera izan nuen. Gogotsu ikusi nuen, baina ardura handia zerion haren begiradari. Lan egun gogorrak izango ditu hurrengo egunetan, gainerako taldekideekin batera. Badut gogoa Baionan, furgonetak aparkatu eta lekukoaren mezua irakurri eta gero, beste trago bat hartzeko harekin, kezkak eta agobioak pasatuta.

Gaitza da Euskal Herrikoa ez den pertsona batentzat Korrika zer den ulertzea. Auzolan erraldoia da, milaka boluntario mugitzen dituena, AEKri Euskal Herria euskalduntzen laguntzeko. Baina topagunea ere bada. Ez dago aspalditik ikusi gabeko lagunekin Korrikan topatzea baino gauza politagorik. Bada bi urterik behin baino ikusten ez duzun jendea, lekuko eta pankarta baten atzean. Gaitza da hemengoa ez den lagunari sentiaraztea zein urduri jartzen garen Korrikaren zain gaudela bat-batean, hor urrunean, musika entzun eta furgoneta ikusten duzunean. Sentimendu hori da niretzako Korrika. Urduritasuna, emozioa, poza eta harro egoteko hauspoa. Argi daukat aurrera egiteko Korrikak gu behar gaituela. Are argiago dut, baina, nik ere Korrika behar dudala. Harro, herri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.