Maria Ortega Zubiate

Herri bat emakumeena edo

2024ko ekainaren 15a
05:00
Entzun

Askotan, larregitan, harrapatzen naute egunerokoaren eta errutinaren zurrunbiloek. Egunen joanaz konturatu orduko joaten dira egutegiaren orriak, eta zaila egiten zait denbora horretan guztian ni presente egon naizela sinestea, hezur eta haragi. Horrelako momentuetan, inoiz baino gehiago, goizak estimatzen hasten naiz. Goiz libre bat albiste on bat da; ezer gutxi egiteko badut, are hobea; eta kalera irten eta kafe bat pintxo baten laguntzarekin hartu ahal badut, ez dago ezer eguna okertuko didanik.

Uste dut nire goizekiko zaletasun hori umetatik datorkidala. Gogoan dut umetan gaixotzen nintzenean goizek bestelako zapore bat zutela. Gaixotzeak eragiten baitzuen egun normaletan derrigor zena, eskolara joatea, aukerako bihurtzea. Baina horrek ez zuen nigan berebiziko poza sortzen. Osasun etxera joateko erritualak eramaten ninduen pozaren bestelako dimentsio batera.

Ikusten ditut, egungo bisaiatik, emakumeak ordu goiztiarretan, kaletarronak ez diren orduetan; etxeko eta etxez kanpoko lanak egiten.

Kalera irten eta amama legez zaindu ninduen emakumearen eskutik kalean ibiltzea gutizia hutsa zen. Ordu horretan, oraindik, ez zegoen nik ezagutzen nuen kalerik, oraindik eraiki gabe zeudela zirudien; ezberdin usaintzen zuten, bestelako koloreak zituzten. Gogoan ditut plazan goraka egiten genituen ibilialdiak, harategitik zetorren porru usaina, furgoneta zuriz betetako eta berez oinezkoentzako baino ez zen plaza.

Soinuak ere ezberdinak ziren. Arratsaldeetan baino algara eta garrasi gutxiago entzuten ziren, berba aspertu gehiago, bizkorrago. Ahotsok emakumeenak ziren gehien-gehienetan, ia guztiak amamak. Poltsak zeramatzaten, janariz goraino beteta, eta beti zuten hizketagai halako umea eta besteko senarra. Baina batez ere, umeak. Eta guzti-guztiek egiten zidaten kasu, nik han zer egiten nuen galdetzen zioten euren buruari eta ahots goran neuri ere bai: beraiek eta nik, biok, genekien hori ez zela nire tokia.

Begi handiz begiratzen nuen inguru guztietara, ulertzen edo sumatzen bainuen orduko herri hura ez zela nik arratsaldean, eskolatik eta geroko jardueretatik irteterakoan, aurkituko nukeena. Banekien zerbait gertatzen zela eskola hasi eta amaitu bitartean herriak amamen eta emakumeen herri izatetik umeen eta poteoan zebiltzan gizonen inperio izatera pasatzeko, baina ez nekien non zegoen muga hori. Kodeen arteko ezberdintasun hori igartzen nuen, baina ez nekien zerk eragiten zuen.

Egun, goiz libreren bat dudan aldiro, orduko ume hori bihurtzen naiz, eta ikusten ditut, egungo bisaiatik, emakumeak ordu goiztiarretan, kaletarronak ez diren orduetan; etxeko eta etxez kanpoko lanak egiten. Beren betebehar guztiak kanpaiek jo aurretik egiten, Errauskine legez, kaleak guztiz eraldatu eta berriz umeen eta kaleen benetako jabeen menpeko bihurtu aurretik. Eta orain pixka bat argiago dut zer gertatzen den ordu baten eta bestearen artean; ez dakidana da zein den nirea, oraindik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.