Heriotza saihetsezina da, baina sarri izkin egiten zaio horren inguruan hitz egiteari. Kontrara, naturaltasunez mintzo da gaiaz Manuel Martin Olmeda (Madril, 1986), eta eufemismoetara jo gabe azaltzen du nola tratatzen den gorpu bat, zer aplikatu behar zaion, zer itxi, zer erauzi. Tanatopraktikoa da Martin —hau da, gorpuetan esku hartzen du, haiek kontserbatzeko—, eta tanatopraxiaren inguruko formakuntza ematen du Madrilen, 2013an sortu zuen Union Funeral enpresan. Bilbon izan zen joan den astean, Euskalduna jauregian egin zen Panasef hileta zerbitzuen forumean.
Tokian-tokian desberdin artatzen dira gorpuak?
Bai, desberdintasunak daude. Batetik, araudiagatik, osasun eskumena transferituta dagoelako, eta, beraz, baita hilotzen gaineko ardura ere. Eta, bestetik, desberdintasun kulturalak ere badaudelako.
Izan duzu tarterik ikusteko hemen nola egiten den lan?
Oro har, ikusi dut hemen senideek ez dutela une oro hildakoaren ondoan egoteko beharrik, baina gustuko dutela kalitate handiko agurra egitea, hildakoa zen bezala gogoratzea, eta ondo jantzita egon dadila. Hildakoa presta dezaten, arropa ematen dute, eta, kasu gutxi batzuetan, baita argazkiren bat ere.
Hau da, hemen profesionalek tarte handiagoa duzue gorpuak tratatzeko?
Bai, hala da. Prestakuntza lasaiago eta sakonago baterako denbora uzten digute, eta pertsona askoz hobeto utz dezakegu.
«Guk begi globoa eta kornea bakarrik erauz ditzakegu. Gainerako organoak ospitalean atera ohi dira»
Noiz hasten da zuen lana?
Bizitza bukatu baino lehen ere has daiteke. Pertsona bat zainketa aringarrien unitatean badago edo azkenetan badago, senideek aurretik kontrata ditzakete gure zerbitzuak. Tanatopraktikoaren formakuntzaren barruan, komunikazio gaitasunen modulu bat ere bai baitago.
Pertsona hiltzen denean, zenbat denbora duzue gorputza prestatzeko?
Denbora tartea aldakorra izan liteke. Askotan, familiak ezartzen du, eta kasu batzuetan, epaitegiek. Erakundeek baldintzatzen dute: adibidez, autopsia bat egin behar zaiolako, edo, gorpuak bidaiatuko badu —aberriratu behar bada, esaterako—, baltsamatu egin behar delako. Baina, oro har, denbora nahikoa izaten dugu gorpua egoki aurkezteko.
Usteltzea atzeratzeko, nola artatzen duzue gorpua?
Ehunei produktu biozidak aplikatzen dizkiegu, deskonposizioa atzeratzeko —biozidak produktu kimikoak dira; formaldehidoa da ohikoena, oso eraginkorra delako—. Batzuetan, nahitaez aplikatu behar dira, gorpuak bidaiatu behar duenean, adibidez. Eta, beste batzuetan, senideek hala erabakitzen dute: izan ehorzketa egin nahi dutelako —baltsamatzean, gorpua berriro hidratatzen da, eta itxura asko hobetzen da—; izan ordu asko igaro direlako bukaerako helbururik zehaztu gabe. Araudia asko aldatzen da lekuaren arabera, baina, adibide bat ipintzearren, 72 ordu igaro direnean eta oraindik ez denean bukaerako helburu bat zehaztu —errausketa edo ehorzketa—, baltsamatu egiten da. Eta zergatik luza daiteke hainbeste? Adibidez, kanposantuak edo erraustegiak oraindik ez dielako datarik eman, edo senide bat ailegatzeko dagoelako, edo gorpua topatzea kostatu zaielako hildakoa bakarrik bizi zelako, edo organoak eman dituelako...
Hildakoak organoak ematea erabaki duenean, zuek erauzten dizkiozue?
Guk begi globoa eta kornea bakarrik erauz ditzakegu. Gainerako organoak ospitalean atera ohi dira.
«Zuloak eta ebakidurak estaltzen ditugu likidorik atera ez dadin, ezta biriketan eduki dezakeen patogenorik ere»
Desinfektatu ere egiten duzue. Zer arrisku biologiko eragin ditzake gorpu batek?
Pertsona hil bada kutsakorra den eta larria den infekzio baten ondorioz, zeina epidemia bat sortzeko gai den —ebola, kolera, entzefalopatia espongiformeak...—, horien gorpuekin ezin da ezer egin: soilik hil diren tokitik bukaerako helburura lekualdatu. Talde horren barruan sartzen ez diren gaixotasun kutsakorrak badituzte, desinfektatu behar dira.
Nola?
Zulo naturalak desinfektatzen ditugu gorpuentzat propio sortua den produktu batekin, eta produktu hori bera lainoztatzen dugu gorpuaren gainetik. Horrez gain, zuloak eta ebakidurak estaltzen ditugu likidorik atera ez dadin, ezta biriketan eduki dezakeen patogenorik ere. COVID-19a, esaterako, tantatxoen bidez kutsatzen da hitz egin edo eztul egiten dugunean. Gorpuek, bistan da, ez dute horrelakorik egiten, baina, hala ere, patogenoa kutsa dezakete sekrezioen bidez, segun eta zenbat denbora daramaten hilda.
Kasu batzuetan, esku hartzea sakonagoa izaten da, gorpua berreraiki behar izaten duzuelako. Nola?
Batetik, gaixotasun baten kausaz hondatu diren gorpuak daude —tumore batengatik, eta abar—. Bestetik, zauriak egon litezke suizidioagatik, amiltzeagatik, auto harrapaketengatik edo trafiko istripuengatik. Kasu askotan, hezurdura berregin beharra dago, eta, gero, larruazala lehengoratu, argizari motako ehun sintetikoen bitartez.
Gaur egun, nola zaudete profesionalak?
2011ko urriaren 31n, [Espainiako Gobernuak] tanatopraktikoaren figura aitortu zuen. Horrek espezializazioa ekarri du. Ordura arte, mediku forentsearen laguntzaileak prestatzen zituen gorpuak —batzuetan, forentseak berak—. Enpresek profesionalizazioa eta polibalentzia eskatzen dute; hau da, nahi dute behargin guztiek hileta sektorea bere osotasunean ezagut dezatela. Dena den, intrusismoa arazo bat da.