Kazetari argentinarra

Markos Tedin-Uriburu Castro: «Heldu da garaia ikasitakoa nire herrialdean eta nire gizartean praktikan jartzeko»

Markos Tedin-Uriburu Buenos Airesko euskal etxe batean euskara ikasten hasi zen 2018an, eta azken hiru urteak Euskal Herrian igaro ditu, euskal hedabideetan kazetari lanean. Orain, Argentinara itzuli da.

Markos Tedin-Uriburu Castro euskara ikaslea eta kazetaria, BERRIAren Bilboko bulegoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Markos Tedin-Uriburu Castro euskara ikaslea eta kazetaria, BERRIAren Bilboko bulegoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
irene baranano
Bilbo
2024ko irailaren 7a
05:00
Entzun

Argentinakoa da Markos Tedin-Uriburu Castro (Buenos Aires, 1997), baina euskal herritar askok baino hobeto ezagutzen du euskal kultura. 2018an euskara ikasten hasi zen, Buenos Airesen, eta 2020an Zornotzako barnetegian egon zen. Handik urtebetera, Komunikazio masterra egin zuen euskaraz, EHUn, eta, ordutik, sei euskal hedabidetan ibili da lanean, kazetari; tartean, Berria. Euskal Herrian hiru urte pasatu ostean, herrimina astunegi sentitzen hasi, eta Argentinara itzuli da asteon, hemen ikasitakoa bertan praktikan jartzera.

Nola ezagutu zenituen Euskal Herria eta euskara?

Argentinan oso futbolzaleak gara. Athletic oso ezaguna egin zen, Marcelo Bielsa argentinarra entrenatzaile izan zuen garaian, eta apurka joan nintzen Athleticen filosofia eta historia ezagutuz. Klubaren sare sozialetan euskara ikusi nuen, eta horrek kuriositatea piztu zidan. Jakin nuen Argentinan euskara ikasteko baliabideak eta euskal etxeak zeudela, eta Euskaltzaleak izenekoan izena eman nuen, Buenos Airesen.

Maila ona lortu duzu euskaraz?

C1, baina azterketa batek ematen dizuna ez da egin ahal duzuna. Ikastetxe eta barnetegietan ikasten dena da azterketak gainditzeko modua, baina uste dut euskara ikasi nahi dutenek kalean ikasi behar dutela. Euskaltegietan eta barnetegietan egiturak eta hiztegia ikasten dira, baina kalean ikasten da hitz egiten.

Erraza da Argentinan euskara ikastea?

Ez da hemen bezain erraza. Argentinan mintzakideak falta dira, baina hemen aukera duzu une oro euskararekin kontaktuan egoteko. Hori Argentinan falta da, baina borondate kontua ere bada. Nik, Argentinan, ikasteko eta hobetzeko gogoa izan nuen; batez ere, pandemia garaian ikasi nuen, bakarrik eta etxean.

«Euskaltegietan eta barnetegietan egiturak eta hiztegia ikasten dira, baina kalean ikasten da hitz egiten»

Hedabide askotan ibili zara lanean.

Kolaboratzaile ibili naiz Naiz irratian, Hamaika telebistan, eta Binke eta Aizu aldizkarietan. Gero, lanean, EITBko kirol sailean, eta azken urtean, Berrian.

Zeinetan gusturen?

Bakoitzak bere alde onak eta txarrak ditu. Aizu-k aukera ematen dit nahi dudanaren inguruan idazteko, eta haiekin kolaboratzen jarraitzeko asmoa dut. Berriak aukera eman dit euskal kultura barnetik ezagutzeko eta kazetari gisa hazteko. Argentinan Komunikazioa ikasi nuen; ez naiz kazetaria, baizik eta komunikatzailea. Berriak norabide bat eman dit; etorri baino lehen ez nekien kazetaritzan benetan murgildu nahi nuen, ezta hori nire norabidea izango zenik ere, baina orain argi dut kazetaritzan jarraitu nahi dudala.

Zein izan da atsegin handienez eman duzun albistea?

Behin elkarrizketa bat egin nion Ramon Oleaga kartografoari. Euskal Herriko historia kartografikoaren inguruko mapa bat egin zuen. Asko gustatzen zaizkit mapak, eta hemengo historia kartografikoa ezagutzea izugarria izan zen. Egin dudan azken elkarrizketa ere polita izan da: familia migratzaile baten istorioa ezagutu dut. Beste erreportaje bat ere egin nuen oso gustura: Argentinan euskaldunen kontra izan zen sarraski bati buruzko liburu baten ingurukoa. Istorio hori ezagutzea oso bitxia izan zen, eta albiste horretan nire estiloa garatzeko aukera izan nuen.

Zertan dira ezberdinak euskal kazetaritza eta Argentinakoa?

Euskal kazetaritza zorrotzagoa da; guretzat, karratua. Hemen datuetan oinarrituta lan egiten da; ikusi edo irakurri dudanari buruz idatzi dut soilik, ez dago sormenarentzako han beste tokirik. Argentinakoa malguagoa da, libreagoa, subjektiboagoa; askatasun handiagoa dugu.

Zer da Argentinara daramazun oroitzapenik onena?

Abenduan Durangoko Azokara joan ginen lanera, Berriaren postura, eta esperientzia polita izan zen. Euskal kultura osoa bilduta ikustea oso ederra izan zen, eta nabari zen mundu guztiari ilusio handia egiten ziola bertan egoteak. Gero, Durangotik irten ginen, eta gau polita izan zen.

Une txarrak ere izango ziren...

Argentinan bizitza sozial oso bizia dut; planak egunero, familia, lagunak, baina hemen, lanetik kanpo, nahiko bakarrik egon eta sentitu naiz.

«Etorri aurretik ez nekien kazetaritzan murgildu nahi nuen, baina orain argi dut kazetaritzan jarraitu nahi dudala»

Javier Milei presidente den Argentinara itzuliko zara. Zer espero duzu?

Pentsatzen dudan guztiaren kontra doa Javier Mileiren ideologia, baina eduki izan ditugu antzeko gobernuak; beraz, ez naiz beldur. Gizartea gero eta polarizatuago dago. Hala ere, uste dut argentinarrak ez datozela bat Mileiren diskurtsoarekin, baina krisialditik irteten saiatzeko eman diotela bozka.

Argentinako euskal diasporan jarraitzaile asko al dauzka Mileik?

Nire euskal etxean Mileiren kontrakoak dira, baina, oro har, euskal diaspora oso kontserbadorea da. Euskal etxe batzuk oso eskuindarrak dira.

Euskal etxeak arriskuan daude Mileirekin?

Kultura, oro har. Ekintza kultural gehienek gobernuaren diru laguntzak behar dituzte, eta, kentzen badizkiete, euskal etxeak itxi egin beharko dituzte.

Nola jarraituko duzu euskararekin eta euskal kulturarekin kontaktuan?

Ahalegin erraldoia egin dut orain arte, bai ekonomikoki, bai sozialki. Dena utzi dut Argentinan, eta jasotzea espero nuen hori ez da nahikoa izan. Uste dut momentu honetan horrelako ahaleginak ez duela merezi. Bide honek honaino ekarri nau, eta pozik nago; norabidea eta lanbidea eman dizkit. Baina, orain, heldu da garaia ikasitakoa nire herrialdean eta nire gizartean praktikan jartzeko. Orain, nire herriarekin, nire kulturarekin, ni naizenarekin konektatu nahi dut, eta euskara albo batera utziko dut; behintzat, hurrengora arte. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.