Hegoaldeko tren saihesbidearen aurka mobilizatuko dira domekan Barakaldon

Proiektua eteteko eskatuko dute Gorostizako Bide Berdea auzo elkarteko bizilagunek, haien hitzetan «ingurumenarentzako aberrazio bat» delako.

Gorostizako Bide Berdea auzo elkarteko kideak, martitzenean, Barakaldoko Herriko Plazan egindako agerraldian. oskar matxin edesA / foku
Gorostizako Bide Berdea auzo elkarteko kideak, martitzenean, Barakaldoko Herriko plazan egindako agerraldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2024ko ekainaren 14a
05:00
Entzun

Hegoaldeko tren saihesbidearen proiektua martxan jartzearekin batera eratu zuten Barakaldon Gorostizako Bide Berdea auzo elkartea, 2017ko abenduan. Hasiera-hasieratik proiektua eteteko eskatzen dabil auzo elkartea, eta hori aldarrikatuko dute domekan egingo duten manifestazioan ere. Kastrexana-Gorostiza bizirik. Gure natura defenda dezagun lelopean, Barakaldoko Herriko plazan hasiko dute mobilizazioa, 12:00etan.

«Zenbait urte isilik igaro ostean, alertan jarri gara ostera ere», ohartarazi dute auzo elkarteko kideek. Izan ere, joan den apirilean, Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak ontzat jo zuen proiektua ingurumen inpaktuari dagokion txostenean, eta, beraz, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioak ez du trabarik aurrera egiteko. Auzo elkartea ez dago ados: «Proiektua aberrazio bat da ingurumenarentzat». Gaineratu du proiektuak ez duela «inolako abantailarik» ekarriko: «Hegoaldeko tren saihesbideak ingurumena errespetatzen ez badu, ez da aurrerapauso bat inondik inora ere».

Merkantziak garraiatzeko trenbidea da hegoaldeko tren saihesbidearen proiektua, eta bi alditan egiteko asmoa dute. Lehen zatian Serantes menditik (Santurtzi) Olabeaga auzorainoko (Bilbo) tunela egingo dute, eta bigarren zatian, Barakaldo eta Basauri arteko bidea.

«Hegoaldeko tren saihesbideak ingurumena errespetatzen ez badu, ez da aurrerapauso bat inondik inora ere».

GOROSTIZAKO BIDE BERDEA AUZO ELKARTEA

Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak 2017an sinatu zuten akordioa. Aurreikusi zutenaren arabera, obra lanetarako aurrekontua 548,7 milioi eurokoa zen. Horietatik 464 milioi erabiliko dituzte Serantes-Olabeaga tunelaren proiektua idazteko, lanak egiteko eta Barakaldo-Basauri zatiaren erredakziorako. Beste 84,7 milioiak trenbidearen gainegitura eraikitzeko izango dira. «Zergatik ez dute diru hori egungo proiektua hobetzeko eta modernizatzeko erabiltzen?», galdetu du Bide Berdea auzo elkarteak.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako jarduneko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuaren arabera, proiektuak bi abantaila izango ditu: batetik, salerosgaien garraioa kenduko da herriguneetatik; bestetik, portuari lehiakortasun handiagoa emango zaio. Auzo elkarteko kideek, baina, salatu dute proiektuaren abantailak bakarrik izan dituztela ahotan: «Momentu batean ere ez da aipatu obrak zer inpaktu izango duen gure auzoan, bisuala zein akustikoa». Azpimarratu dute Barakaldoren «birika berdea» dela Gorostiza, eta auzoa suntsituko duten beldur dira. Izan ere, Gorostiza eta Zubileta-Kastrexana auzoek eta Errekatxo bailarak baserri eta mendialde zabala osatzen dute, eta eremu horretan egin nahi dute proiektua.

Alternatiba bila

Ageriko-agerikoa da herritarren ezinegona: «Kaltetuta ez ateratzeko alternatibak behar ditugu». Joan den hilabetean sinadura bilketa bat abiatu zuten Change.org plataforman, eta dagoeneko 5.000 sinadura inguru bildu dituzte. «Eta hasi besterik ez gara egin», nabarmendu dute. Auzoetako jaietan informazio mahai bat jartzeko asmoa dute, «herritarrak sentsibilizatzeko eta informatzeko»: «Barakaldoko herritar guztioi eragiten digu honek; beharrezkoa da guztiok gertatzen ari denaren berri izatea».

Aurrera begira, bestelako ekitaldi batzuk ere badituzte esku artean. Uztailaren 6an, kasurako, aurreneko Gorostiza Eguna egingo dute. «Ingurua zaintzeko eta errespetatzeko balioak sustatuko dira, jai giroan». Horrez gainera, irailaren 7an txangoa egingo dute Peñas Blancas ingurura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.