Tor magoa

Aitor Bilbao Beramendi: «Haurrek euskarazko erreferenteak izatea oso garrantzitsua da»

Txikitako lilura lanbide bihurtu, eta magia ikuskizunak egiten aritzen da Aitor Bilbao Beramendi, Tor magoa. Euskarazko saioak eskaintzen ditu. Egindako lanaren aitortza gisa, Getxoko Argia Ereiten euskara saria jaso zuen martitzenean.

Aitor Bilbao Beramendi (Tor magoa), azaroaren 14an, Getxoko Andra Mari auzoan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Aitor Bilbao Beramendi (Tor magoa), azaroaren 14an, Getxoko Andra Mari auzoan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
Getxo
2024ko azaroaren 23a
05:00
Entzun

Aitonari esker piztu zitzaion magiarako grina Aitor Bilbao Beramendiri (Getxo, 1982). Afizioa ofizio bilakatu zuen duela hamabi urte eta erdi, eta, ordutik, Tor magoa izenarekin, herririk herri aritzen da magia ikuskizunak euskaraz eskaintzen. Urteotan euskararen erabileraren alde egindako lana eskertzeko, Argia Ereiten saria eman zion martitzenean Getxoko Udalak.

Aurtengo Argia Ereiten euskara saria jaso duzu. Espero zenuen?

Sorpresa itzela izan da. Hasiera batean, bilera batera joateko deitu zidan Getxoko Udalak, baina ez nekien zertarako zen. Uste nuen sariaren epaimahaikide edo aholkulari gisa aritzeko izango zela, baina galderak egiten hasi zitzaizkidan eta arraroa iruditu zitzaidan. Halako batean, esan zidaten saria nik neuk jasoko nuela. Lekuz kanpo harrapatu ninduen, baina oso pozik nago. Ohore handia da niretzat sari hau jasotzea.

Magia ikuskizunetan euskararen erabilera sustatzeagatik eta herriko euskararen aldeko jardueretan partaidetza aktiboa izateagatik eman dizute saria, besteak beste. Zein leku du euskarak zure egunerokoan?

Oso handia. Txikitan ikasi nuen euskaraz, ikastetxean, eta unibertsitatean ere euskaraz ikasi nuen. Emanaldiak ere euskaraz eskaintzen ditut. Oso lotuta dago nire bizimoduarekin. 

Betidanik erakarri izan zaitu magiak. Nondik datorkizu afizioa?

Gogoan dut aititek kartekin magia jokoak egiten zizkidala eta ni horiek kopiatzen ahalegintzen nintzela. Uste dut orduan piztu zitzaidala grina. Gerora, liburuak irakurtzen eta trebatzen hasi nintzen, eta interesa areagotuz joan zen.

«Ingeniari aeroespazial lanean oporrak hartu behar izaten nituen magia saioak egiteko. Ez zen bateragarria. Bata edo bestea utzi egin behar nuen»

Baina Ingeniaritza Industriala ikasi zenuen zuk.

Adin horretan magia egiten nuen jada, baina, badaezpada, zerbait ikasi behar nuen; ezin nintzen horrenbeste arriskatu. Zalantzan egon nintzen Fisika edo Ingeniaritza Industriala ikasi, eta, azkenean, ingeniaritza aukeratu nuen, lana aurkitzeko orduan errazagoa izango zelakoan. 

Lau urtez ibili zinen lanean ingeniari aeroespazial gisa. Zer-nolako esperientzia izan zen?

Oso polita. Sener enpresan egin nituen praktikak, eta han geratu nintzen lau urtez: sateliteentzako mekanismoak-eta egiten genituen. Lan sakona zen. Azken boladan, baina, Frantziako Tolosara joan behar izan nuen sarritan, hango satelite baten muntatze lanera, eta hor konturatu nintzen bi aldeak bateraezinak zirela: magia saio asko nituen batetik, eta enpresan lan handia bestetik.

Nolako erabakia izan zen enpresa uztea eta magiatik bizitzen hastea?

Kanpotik dirudiena baino errazagoa. Lan normalean [komatxoak egin ditu eskuekin], oporrak hartu behar izaten nituen magia saioak egiteko, asteburu guztietan nituen ikuskizunak... Ez zen bateragarria. Bata edo bestea utzi egin behar nuen.

Eta zure inguruko jendeak nola hartu zuen erabakia?

Etxean ikusten zuten zer-nolako bilakaera ari nintzen izaten. Ez zuten gaizki hartu, bazekitelako benetan landutako zerbait zela eta oso gustuko nuela. Hurbileko jendearentzat baino gehiago, kanpokoentzat izan zen arraroago. Nire zuzendariak, adibidez, flipatu egin zuen lana uzteko erabakia hartu nuenean.

Nola ezagutarazi zenuen zeure burua mago gisa?

Ez da ohikoena, baina iruditzen zait merkatuak bilatu ninduela, nik merkatua bilatu baino gehiago. Hasiera batean, herriko jendearen urtebetetzeetan, jaunartzeetan eta halako ekitaldietan parte hartzen hasi nintzen, eta, hortik, lana gero eta gehiago hedatzen hasi nintzen. Nire zirkulutik kanpo zegoen merkatu batera heldu nintzen.

(ID_17316583250145) Tor magoaren hasierak
TXIKITAKO AMETSA. Txikitatik erakarri izan du magia munduak Aitor Bilbao Beramendi, Tor magoa. Bere kabuz ikasi zuen mago izaten, eta duela hamabi urte eta erditik, horretan bakarrik egiten du lan. Irudian, Tor magoa bere aurreneko magia ikuskizunetako batean, 2008an, Getxon. TOR MAGOA
Ingeniaritza industrialeko ikasketak baliagarri egin zaizkizu magiarako?

Bai. Sarritan, diseinuak pentsatu eta gero, hiru dimentsiotan marrazten ditut. Ikasketak egiteak, eta ez naiz ari bakarrik Ingeniaritza Industriala ikasteaz, laguntzen du bizitzari buruzko ikuspegi zabalagoa izaten.

Nola ikasi zenuen mago izaten?

Bakarkako lana da; ez dago eskolarik. Nik orduak eta orduak igarotzen nituen ispiluaren aurrean, entseatzen. Liburuak irakurtzen dituzu, hitzaldietara joaten zara... Bat-batean, mundu paralelo bat zabaltzen zaizu begien aurrean.

Egun, magiatik bizi zara. Zer-nolako lanbidea da?

Ertz asko ditu, egia esan: trikimailuak sortu behar dituzu, emanaldiak prestatu, fakturak egin, ekitaldiak lotu...

Gorputz adierazpena eta beste hainbat kontu ere landu beharko dituzu. Nondik abiatzen zara zu?

Bai, noski, landu behar dira. Mago moduan, gidoi bati jarraitu behar diozu, gorputz adierazpena landu behar duzu... Baina, era berean, bada ikusi ezin den gauza bat ere: tranpa bat dago. Kontu asko nahasten dira, eta hori landu egin behar da. Magia jokoak prestatzerakoan, probatu behar duzu zeintzuk diren zure izaerara hoberen egokitzen diren trikimailuak. Gazteagoa nintzenean, jokotik abiatzen nintzen ikuskizuna prestatzeko; egun, aldiz, Txoborro magoarekin ari naiz lanean, eta guztiz kontrara lan egiten dut: emanaldiaren kontzeptua argi dugunean hasten gara zer egin pentsatzen.

Sarritan, haurrentzako aisialdiarekin lotzen dira magoak. Aurreiritzi bat da?

Bai, joera hori dago. Nire kasuan, horregatik gustatzen zait esatea nire emanaldiak familientzat direla. Haurrek ez ezik, helduek ere ondo pasatzen dute. 

Garai berrietara egokitzea ezinbestekoa da. Magia egiteko orduan ere etengabe berritzen aritu behar duzue?

Bai, etengabe eguneratuz joan behar duzu. Magook antzinako trikimailuak gaur egunera eraldatzen edo moldatzen ditugu. Adibide bat jartzearren, duela ehun urte denek erabiltzen zituzten oihalezko sudur zapiak eta euren inizialak izaten zituzten brodatuak; halako objektuak erabiltzen ziren magia egiteko, baina gaur egun nork dauka halakorik? Beste zerbait bilatu behar duzu; eguneratu egin behar duzu.

«Tor magoak segurtasuna eman dio Aitorri; eta Aitorrek, berriz, ikasi duen guztia eman dio Torri, jakintza»

Nola asmatzen dituzu trikimailuak?

Trikimailuak hutsetik asmatzea oso zaila edo ezinezkoa dela esango nuke. Liburu batean irakurritakoa beste modu batera azaltzen edo beste elementu batzuk erabiltzen ahalegintzen zara, baina oinarria asmatuta dago.

Magoek elkarri ematen diozue trikimailuen berri, ala bada errezelorik?

Oro har, bai; harreman ona dugu elkarren artean. Kontua da magook gaia asko kontrolatzen dugunez, zaila izaten dela beste mago batzuk harritzea. Hau da, nahiz eta zuk gauza oso berritzaile bat egin, beste magoak badaki nondik jo duzun gutxi gorabehera. 

Gaizki atera izan zaizu trikimailuren bat?

Bai, baina ez da nabaritzen, edo, behintzat, saiatzen naiz ez dadila nabaritu. Jendeak, oro har, ez daki zer egingo dudan, eta, orduan, zerbait gaizki ateratzen bazait, beste trikimailuren bat egiten dut eta saiatzen naiz egoerari buelta ematen. Irteerak edo konponbideak bilatu behar dituzu ez dadin nabaritu.

Nola dago magia osasunez?

Nik sasoiko ikusten dut. Boladak daude, eta momentu batzuetan oihartzun handiagoa izaten du telebistan, baina horrek ez du esan nahi sasoia hobea denik. Jendea magia ikuskizunetara doan bitartean, ondo doa. 

Telebistan ere aritu izan zara: 2013an EITBko Magoak saioan parte hartu zenuen. Saio horrek, baina, bi atal baino ez zituen izan. Zergatik baztertu zuten? 

Programa pilotu bat egin genuen proba moduan, eta ETB1 izateko, nahiko ondo joan zen. Ekoiztetxeak esan zigun beste proba bat egin nahi zuela, eta hor geratu zen. Ez dakit zein izan zen ez jarraitzeko arrazoia; ez ziguten azalpenik eman.

Horren ondotik, Sorgintxulo eta 3txulo haurrentzako saioetan ere aritu zinen bi urtez, 2015etik 2017ra, Zuriñe Hidalgorekin. Nolako esperientzia izan zen?

Polita, baina gogorra. Sorgintxulo-n 220 bat saio grabatu genituen: egunero ematen zuten telebistan. Aurrez, ez nintzen sekula aurkezle lanetan aritu, eta, horrez gainera, ehun trikimailutik gora asmatu behar izan nituen. Pentsa, normalean, hamar bat trikimailu egiten ditut kaleko ikuskizun bakoitzeko. Beraz, hirugarren asterako eginda nituen nire ohiko magia joko guztiak. Gauza berriak probatu behar izan nituen, eta lan handia izan zen. Telebistan, gainera, ez daukazu laguntzailerik: zuk bakarrik egin behar duzu dena, eta ez dago interakziorik publikoarekin.

Nolako garrantzia du zuretzat haurrentzako halako saioak egitea telebista publikoan?

Globalizazioaren eraginez, urte gutxian asko aldatu da telebista kontsumitzeko modua. Gure garaian, adibidez, Superbat, Betizu, Dragoi bola eta halakoak euskaraz ikusten genituen. Pentsa, horiei esker entzun nuen nik lehenengoz hitanoa. Haurrek euskarazko erreferenteak izatea oso garrantzitsua da, eta horren aldeko apustua egin behar da.

Tor magoa izenez egin zara ezagun. Zer eman dio Torrek Aitorri?

Torri asko gustatzen zaio jendaurrean aritzea, baina Aitor lotsatia da eta kostatu egiten zaio publikoan hitz egitea. Ondorioz, Torrek segurtasuna eman dio Aitorri; eta Aitorrek, berriz, ikasi dudan guztia eman dio Torri, jakintza.  

MOTZEAN

Inoiz hutsik egin ez dizun esaldirik ba al duzu magia egiteko orduan?
Ez, baina gogoan dut telebistan honako hau esaten nuela: «Hau ez du zientziak azaltzen, ezta? Orduan, magia izan beharko da».

Trikimailurik gogokoena?
Hegan egitea.

Nor utzi nahiko zenuke aho zabalik zure trikimailuren batekin?
Magian sinisten ez duen edonor.

Zer desagerraraziko zenuke mundutik?
Injustizia.

Magia munduko erreferente bat?
David Copperfield. Klik egin nuen telebistan lehenengoz ikusi nuenean.

Mago izaten hartu nahiko zenuke erretiroa? Nork daki. Momentuz, horretan nabil. Eta luzerako izan dadila.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.