Ohartarazpen batek bisitariaren arreta pizten du erakusketa aretora sartu orduko: «Ez utzi haurren eskuetan». Hain zuzen, Haurtzaroa gerran zegoen mundu batean erakusketaren abiapuntuak erakusten duenez, helburu nagusia da gerrek haurrengan duten eraginaz hausnarraraztea. Gernika-Lumoko Bakearen Museoan dago ikusgai, eta apirilaren 20ra arte bisitatu ahal izango da.
Bigarren Mundu Gerran zentratzen da erakusketa: 1939tik eta 1945era bitarteko epean, hain zuzen. Izan ere, historiako gertakaririk lazgarrienetako bat izan zen gerra hura, eta, bereziki, haurrak egon ziren gerraren jomugan. Orduko testuinguruari ez ezik, ordea, egungo gizarteari ere egiten dio keinu erakusketak, Iratxe Momoitio Bakearen Museoko zuzendariak jakinarazi duenez: «Gazari buruzko erreferentziak ikus daitezke, besteak beste». Hala, nabarmendu nahi dute «gerra egoeraren bat» bizi izan duen edozein umerentzat dela zaila orduko esperientzia gordinak ezabatzea.
«Bigarren Mundu Gerrak haurren belaunaldi oso bat markatu zuen mundu zabalean: gerrarekin bizitzera ohitu behar izan zuten»
IRATXE MOMOITIOGernika-Lumoko Bakearen Museoko zuzendaria
Panel informatiboek gidatzen dute bisitaria, eta, horien bitartez, Bigarren Mundu Gerra pairatu zuten haurren esperientzien eta haurrei eragindako ondorioen panoramika bat eskaintzen da. «Bigarren Mundu Gerrak haurren belaunaldi oso bat markatu zuen mundu zabalean: gerrarekin bizitzera ohitu behar izan zuten, gerraren izugarrikerietatik bizirik ateratzen ahalegindu ziren, eta beren adinarekin bat ez zetozen ardurak hartu behar izan zituzten», adierazi du Momoitiok. Esate baterako, mota guztietako lanak egin behar izaten zituzten: «Gerrako beharrak zirela eta, haur asko Lehen Hezkuntza amaitu orduko hasten ziren lanean; batez ere, nekazaritzan, gerraren industrian eta partikularrentzako zerbitzuetan». Beste batzuek, ordea, ihes egin behar izan zuten euren herrialdetik.
Horiek horrela, Momoitiok esan du elkarrekin jolastea eta eskolara joatea «oasi bat» zela haurrentzat. Beraz, erakusketaren bitartez bereziki bakean jarri nahi izan dute arreta: «Iragan hurbileko adibideak abiapuntutzat hartuta, bakeak orainean eta etorkizunean duen garrantziaz jabetzea, horixe da helburua».
Objektuak eta arpillerak
Erakusketa osatzeko, Jean Claude Cubino artistaren 33 pieza jarri dituzte ikusgai panel informatiboen alboan. Pieza horietako bakoitza sortzeko, jostailuak hartu ditu abiapuntutzat artistak: «Jostailuak haurtzaroarekin lotuta daude, eta, gerraren krudelkeria irudikatzeko, apurtuta edo hondatuta dauden horiek aukeratu ditut».
«Jostailuak haurtzaroarekin lotuta daude, eta, gerraren krudelkeria irudikatzeko, apurtuta edo hondatuta dauden horiek aukeratu ditut»
JEAN CLAUDE CUBINOArtista
Cubinok ikuslea sentsibilizatzea izaten du helburu erakusketa bakoitzean, eta hortik tiraka osatu du Haurtzaroa gerran zegoen mundu batean erakusketa ere: «Aurretik egin ditudan lanen ildo berekoa da erakusketa: nire ezinegonetatik abiatu naiz egungo gatazkei buruz aritzeko».
Askotariko gaiak landu nahi izan ditu pieza bakoitzean. Horien artean, erbesteratzea jorratu du gehien: «Gerrak ondorio izugarriak izan zituen, eta jende askok ihes egin behar izan zuen bere herrialdetik». Hori irudikatzeko, jostailuzko auto bat hartu du Cubinok, eta haren gainean jostailuzko etxe bat jarri, alderantziz: «Etxea, eskola, lagunak eta ezagutzen duzun guztia atzean utzi eta beste leku batera joan behar izateak milioika pertsonaren haurtzaroa markatu du, eta markatzen du oraindik ere. Horixe islatu nahi izan dut». Bide beretik, alanbre arantzadunez betetako maleta bat ere erabili du erbestea irudikatzeko.

Bestalde, umeek guda garaian izaten duten beldurra ere islatu nahi izan du. Buru gainean presio eltze bat duen maniki bat erabili du horretarako: «Larritasuna, gurasoak eta gertuko senideak galtzeko beldurra... Askoren presio eltzea izan zen hori umeak zirenean».

Erakusketa Gernikan dagoela baliatuta, Gernikako bonbardaketa ere izan du gogoan artistak, baita Hiroshimako eta Nagasakiko (Japonia) bonba atomikoak ere, besteak beste: «Mugarri izan ziren».
Clauderen piezez gainera, Ipar Irlandako Conflict Textiles bildumako zazpi arpillera ere badaude erakusketan. Sarraskietan bizi izandakoaren berri azaleratzen dute horietan, Roberta Basic Conflict Textileseko sortzaileak kontatu duenez: «Lengoaia moduan ulertzen dugu ehungintza: arpilleren bitartez, askotariko sarraskietan bizi izandakoa egoerak islatzen ditugu». Conflict Textiles bildumak 412 arpillera biltzen ditu, eta webgune bat ere badute.
Erakusketa aretoaren sakonean, berriz, Bigarren Mundu Gerrari buruzko ikus-entzunezko bat proiektatzen ari dira etengabe.
Ikerketa baten ondorio
Europako hainbat erakunderen arteko talde lanari esker osatu dute Haurtzaroa gerran zegoen mundu batean: UNED, URJC, Eurom, Maizon d'Izieu, Campo Fossoli fundazioa, Euroclio, Icmemohri eta Gernika-Lumoko Bakearen Museoa. Bi urtez aritu dira ikertzen, eta egindako lanaren emaitza da erakusketa. Aurrez, Bartzelonan eta Madrilen aurkeztu dute.
ERAKUSKETAREN ATALAk
Haurrak eguneroko bizitzan.
Hezkuntza basakeriaren aurrean.
Haurren lana.
Bonbardaketa, setioa eta suntsipena.
Erresistenteak eta borrokalariak.
Jazarpena, deportazioa eta sarraskia.
Liberazioa eta gerraostea.
Zergatik izan zen munduko gerra bat?
Hauek dira gerraren baliabideak.
Hasierarik eta amaierarik gabeko gerrak.