Proposamena: Developpe dantza lehiaketa

Hasierako bultzada dantzari gazteei

Developpe nazioarteko dantza lehiaketa egingo dute lehenbizikoz: Bilboko BBK aretoan izango da, gaurtik etzira. Ballet klasikoko eta euskal dantzetako ikuskizunak egongo dira, besteak beste.

Dantzari bat, 2021eko argazki batean. AMBER HUNT
Dantzari bat, 2021eko argazki batean. AMBER HUNT
amaia igartua aristondo
2025eko urtarrilaren 24a
05:00
Entzun

Aldarrikapen indartsu bat du oinarrian: Dantza, lengoaia unibertsal eta bateratzailea. Lelo horren pean egingo dute aurreneko Developpe nazioarteko dantza lehiaketa, Bilbon. Gaurtik domekara bitartean, Euskal Herriko eta nazioarteko dantzari gazteak lehiatuko dira BBK aretoan, eta, horrez gain, profesional entzutetsuek ikastaroak emango dituzte. Sailkapen faseak eta finala publikoari irekiak izango dira.

Diziplinari ikusgaitasuna ematea da egitasmoaren helburuetako bat, Jone Goirizelaia Bizkaiko Olaeta ballet eskolako zuzendariak nabarmendu duenez —Igor Yebra Bilboko dantzariarekin batera antolatu du lehiaketa—. Topaleku izateko asmoa ere badu Developpek, dantzariak, konpainiak eta nazioarteko profesionalak elkartuko baititu. 280 parte hartzailek baino gehiagok eman dute izena lehiaketarako, eta ikastaroetako plaza guztiak bete dira. «Harrera oso ona izan da, espero genuen baino hobea», esan du Goirizelaiak. Bizkaikoak izango dira asko, baina Gipuzkoatik eta Nafarroatik ere etorriko dira, baita Madrildik eta Bruselatik ere. «Nahi genuena zen Euskal Herrikoengana jotzea batez ere, eta erantzuna oso positiboa izan da haien partetik».

«Ezin dugu ahaztu Euskal Herrian gaudela, eta Euskal Herriko dantzek, pausoek eta dantzariek eragina izan dutela ballet klasikoan»

JONE GOIRIZELAIABizkaiko Olaeta ballet eskolako zuzendaria eta lehiaketaren antolatzailea

Joan den urteko maiatz inguruan ernatu zen Developpe. Nazioarteko lehiaketa bat antolatzeko aukera zuela jakinarazi zion Yebrak Goirizelaiari, jasoko zuela beste lehiaketa batzuen laguntza, eta lor zezakeela epaimahai garrantzitsua. Esan eta egin: ibilbide oparoa duten profesionalek epaituko dituzte parte hartzaileak. Charles Jude da mahaikideetako bat, Parisko operako dantzaria eta Nureiev Fundazioko zuzendaritzako kidea; harekin batera izango dira Muriel Romero Espainiako Dantza Konpainia Nazionaleko zuzendaria, Leire Ortueta Londresko Royal Ballet-eko dantzari eta irakaslea, Monica Zamora Birmingham Royal Ballet-eko (Erresuma Batua) dantzari nagusia, eta Mikel Gonzalez Pujana Olaeta ballet eskolako irakaslea. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak lagunduko dute, besteak beste.

Goirizelaia antolatzailearen esanetan, lehiaketa onuragarria izango da dantza eskolentzat eta balleta eta bestelako estiloak ikasten ari direnentzat, aukera izango baitute beren lana erakusteko, baina baita beren ikasketak borobiltzeko ere, edo bide profesionalari lotzeko. Izan ere, sariak egongo dira Developpen: batetik, dirua; bestetik, Euskal Herriko, Espainiako, Herrialde Katalanetako, Frantziako, Kanadako eta Uruguaiko eskoletan eta dantza taldeetan hamar bat eguneko egonaldiak egiteko aukera. Garatzeko asmo horri egiten dio erreferentzia lehiaketaren izenak, hain justu: developpe ballet klasikoko pauso bat da, hanka bat altxatu eta apurka-apurka luzatzean datzana. «Pentsatu genuen oso izen egokia dela, hori nahi baitugu: dantzan aurrera egitea».

Profesionalizatzea, gaitz

Goirizelaiaren aburuz, badago lehiaketaren premia, dantzan profesionalizatzea buruhaustea baita, oro har. «Ona izan behar duzu, gaitasunak eduki behar dituzu. Eta, baldin badituzu, topatu behar duzu nora joan, nola, laguntza ekonomikoa...». Egonaldien bidez, lehiakideek bultzada hori lor dezakete, eta, konpainiaren interesa piztuko balute, denbora luzeagoan gera litezke. «Ez dute zertan lehiaketa irabazi. Epaileek ikusten badute gaitasunak dituztela nahiz eta, demagun, akats txiki bat egin duten edo zerbait ez duten lar ondo egin, baliteke sari hori ematea».

Diziplina orokor bat dago norgehiagokaren oinarrian: dantza klasikoa eta balletaren mundu horretan dauden beste hainbat estilo. Baina tokikoa ere aintzatetsi dute Developpen. «Ezin dugu ahaztu Euskal Herrian gaudela, eta Euskal Herriko dantzek, pausoek eta dantzariek eragina izan dutela ballet klasikoan». Goirizelaiak gogoratu duenez, Zuberoako dantzari batzuk Parisera joan zirenean eta euskal dantzetako pauso batzuk egiten hasi zirenean, paristarrak liluratu egin ziren. Dantza klasikoaren parte dira orain urrats horiek: esate baterako, euskal jatorria dute pas de basque-k eta saut de basque-k.

Ballet ikasleak Bilboko Metroko San Mames geltokian, lehiaketaren harira egindako ekintza batean, joan den larunbatean. HIRUDIKA
Ballet ikasle batzuk, Bilboko Metroko San Mames geltokian, larunbatean, Developpe lehiaketaren harira egindako ekintza batean. HIRUDIKA

Euskal dantzak erakusteko eta proiektatzeko abagune ona izango da nazioarteko lehiaketa. «Euskal Herriko talde batzuek folklorea baino ez dute egiten, baina asko beste modu batean ari dira, koreografiak egiten». Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren laguntzarekin egin diote tokia tradizioari.

Lehiaketan izena eman duten gazteen kopurua aintzat hartuta, ondoriozta daiteke badagoela dantzaren inguruko interesa, eta badagoela etorkizuna. Hala da: antolatzaileak azpimarratu duenez, jendeak izena ematen du dantza klasikoan, dantza garaikidean, euskal dantzetan. Baina hutsuneak ere badaude. «Gaur egun, mutilen falta sumatzen dugu: ume gutxi daude, eta askoz heldu gutxiago. Gizonak helduagoak direnean sartzen dira berriz, eta orduan hasten dira gure dantza tradizionalak ikasten, plazetan dantza egiteko. Zulo hori bete behar dugu».

Era berean, uste du instituzioen babesa eta aintzatespena falta direla. «Egia da kultur programa guztietan badaudela dantza eta folklorea. Baina ez da gauzatzen; ez dakigu zailtasunak daudelako ote den, edo beste gauza batzuk lehenesten direlako». Ikasketak ere jarri dituzte jopuntuan: beste leku batzuetan, bertoko dantza tradizionalak ere sartzen dituzte ikasketa planetan, baina «Dantzertin, euskal dantza ez dago ikasketa programan», nabarmendu du Goirizelaiak. «Uste dut plan bat egin beharko luketela dantzak indartzeko, haiei laguntzeko eta babesa lortzeko».

lehiaketa

  • Gaur.
    • 16:00. Sailkatze saioa. Haurren saila eta Euskal Dantza / Dantza Libreko taldeak.
  • Bihar.
    • 09:30. Sailkatze saioa. Junior / Nagusia saila.
    • 16:00. Taldeka eta nagusia.
  • Etzi.
    • 18:30. Finala: finalistak nazioarteko dantzariekin batera ariko dira. Ondoren, sari banaketa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.