Harrien memoria nahasia

Bizkaiko flyschei ateratako argazkiekin erakusketa bat ipini du Martin del Bustok Bilboko Itsasmuseumen: ‘Flysch’. Hainbat inprimaketa modu eta euskarri erabili ditu.

Martin del Busto artista bere erakusketan, Bilboko Itsasmuseumen, uztailaren 3an. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Martin del Busto artista bere erakusketan, Bilboko Itsasmuseumen, uztailaren 3an. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2024ko uztailaren 28a
05:00
Entzun

Gertakariek arrastoa uzten dute harrietan, eta, geruzak azaleratzen badira, flyschetan gertatzen den legez, begi bistakoa egiten da iragan hori. Bilboko Itsasmuseumeko zuzendari Jon Ruigomezen arabera, flyschetan Paleogenoaren lorratzak antzeman daitezke —orain dela 65 milioi urte hasitako aroa, dinosauroak desagerrarazi zituen meteoritoaren ostekoa—, baina baita Bizkaiko industrializazioarenak ere. Adibide bat: museoaren dikeak 1868an eraiki ziren, ontziak konpontzeko, baina 1902an Euskalduna ontziolek barku bat eraiki zuten han, Bizkaiko Labe Garaietako hondakinak kentzeko. «Industria garai hartan sortu zen kutsadura hain izan zen handia, ezen gaur egun flyschetan igar baitaiteke», Ruigomezen esanetan. Eta, hain justu, eragin hori ere islatzen du Martin del Busto (Bilbo, 1999) argazkilariaren Flysch bildumak: Bizkaiko harriek gordetzen duten memoria erakusten dute haren argazkiek, formatu esperimental batean. Itsasmuseumeko Carol Iglesias aretoan ikusi ahal da argazki sorta, irailaren 15era arte.

Industriaren eragina izan da proiektuaren abiapuntua, Del Bustok berak erakusketaren aurkezpenean esplikatu zuenez, hilaren 3an. «Uste dugun baino antzekoagoak dira paisaia horiek». Izan ere, zergatik daude iragan metalurgikoaren aztarnak Aizkorriko hondartzan, adibidez? Eta zergatik dira hain antzekoak Bakioko labarreko harri bat eta Gallartako meatzeetako bat? Hainbat euskarriren bitartez ahalegindu da antzekotasunak nabarmentzen, argazkiak inprimatu baititu altzairuaren, aluminioaren eta paperaren gainean, besteak beste. Era berean, herriminak ere zeharkatu du proiektua, artistaren berbetan. «Hainbat urtez ibili naiz argazkia lantzen, hainbat gaitan sakontzen. Orain dela urte batzuk, Londresen nengoenean eta Bilboren falta sumatzen nuenean, ikertu nahi izan nuen nondik datorren paisaia hori. Eta historia ahalik eta gehien errespetatu nahi izan dut materialen bitartez».

Aluminioan inprimatutako irudi bat, izpi ultramoreekin. MARTIN DEL BUSTO
Martin del Bustoren lan bat: aluminioan inprimatutako irudi bat, izpi ultramoreekin. MARTIN DEL BUSTO

Halaber, materialak ere bide eman dio anabasara jotzeko: izan ere, argazkietako batzuk hain daude desitxuratuta, ezen lan abstraktuen antz handiagoa baitute, obra fotografikoena baino. «Batzuek esaten didate pinturak diruditela, eta horrek poztu egiten nau. Argazkilaritza errealtzat jotzen da, baina hemengo irudiak ez dakizu oso ondo zer diren: adibidez, Murueta ontzioletako kate batzuk daude, baina ez da igartzen harri bat den, herdoildutako metal bat...». Abstrakzioa bereziki nabarmena da bideoaren pareko argazki seriean: batean, hainbat orban beltz ageri dira hondo laranja baten gainean; beste batean, hainbat kolore nahasten dira forma jakinik gabe... Paperak ez du tinta ondo xurgatu, eta, mihisearen inklinazioak lagunduta, koloreak abaildu egiten dira.

Koloreek irrist

Del Bustok efektua berariaz lortu nahi izan du oraingoan, baina huts bat dago jatorrian: unibertsitate ikasketetako lehenengo urtean, argazki bat paperaren okerreko aldean inprimatu zuen. Urte batzuen buruan, fundizioaren gaia lantzen hasi zenean, teknika aproposa iruditu zitzaion, ordea. «Koloreen dentsitatearekin eta askotariko paperekin probatu nuen, eta konturatu nintzen tintaren irristatze horrek gai horiek guztiak azpimarratu zitzakeela». Tintak bi egun pasatu ditzake erortzen. «Obrak aldatu egiten da etengabe. Gehiago edo gutxiago erortzea nahi badut, inklinazioarekin jolasten naiz, adibidez». Eta ez denez erabat sikatzen —batez ere gune gorriak eta beltzak, kolore horiek pisutsuagoak baitira—, metakrilatozko pantaila batekin estali ditu lanak.

«Argazkilaritza errealtzat jotzen da, baina hemengo irudiak ez dakizu oso ondo zer diren: harri bat, herdoildutako metal bat...»

MARTIN DEL BUSTO Argazkilaria

«Argazkilaritza izan daitekeen horren mugak zabaldu nahi izan ditut beti, eta gisa horretako teknikek eremu piktorikoago eta eskultorikoagoetara eramaten zaituzte», artistaren hitzetan. Hala, paperaren zein alde erabiltzen den, emaitza koadro abstraktu bat izan daiteke; eta, orobat, materialek bolumen jakin bat eman diezaiokete obrari, eskultura baten tankera hartzeraino. Aluminioarekin erdietsi du efektu hori, zehazki. Metal xafla lodiak taxutu ditu, mozketa bereziekin, flyscharen erliebea simulatzeko. «Fundizioaren parte izatea gustuko dut, prozesua ulertzea». Paper fotografikoan inprimatu eta itsatsi beharrean, argazkia aluminioan inprimatu du zuzenean, izpi ultramoreak erabilita. «Aukeratzen dut zer gune nahi dudan tintak blaitzea, eta beste batzuk inprimatu gabe uzten ditut. Hala, ikusten diren gune gris horiek guztiak materiala bera dira».

Paper fotografikoan inprimatutako argazki bat. Analogikoki errebelatuta dago, kolore beroak lortzeko. MARTIN DEL BUSTO
Paper fotografikoan inprimatutako argazki bat. Analogikoki errebelatuta dago, kolore beroak lortzeko. MARTIN DEL BUSTO

Erakusketaren beste bazter batean, altzairuarentzako tokia ere badago. Inprimaketa ultramorea erabilita, halaber, altzairu xaflen gainean kokatu ditu argazkietako batzuk. Horman bermatuta ipini ditu, ez zintzilikatuta. «Piezaren alde eskultorikoago horrekin jolastu nahi nuelako. Gainera, atzean itzal interesgarriak sortzen dira». Horien aldamenean, euskarri klasikoa dago: paper fotografikoa. Imanekin itsatsi ditu panel batera, eta, koloreak erabilita, haien arteko antzekotasunak topatzen saiatu da.

Tonu beroak

Hori horrela, euskarrien eta inprimaketa estiloen aniztasun horren barruan, koloreak balio du puntu komunak ezartzeko. Mostrako piezetan, gailendu egiten dira kolore herdoilduak, laranjak eta marroiak. Materian jarri du arreta, eta, beraz, nahiz eta argazki digitalak diren proiektuaren oinarria —60.000 baino gehiago atera zituen propio—, analogikoki inprimatu ditu gela ilun batean. «Fisikotasuna lortzen saiatu naiz: kolore bero horiek digitalki erreplikatzea ezinezkoa da», Del Bustoren berbetan.

Bideo batekin biribildu du erakusketa, bitasun bat sortuta: izan ere, argazkietan desitxuraketa eta abstrakzioa izan ditu helburu, baina ikus-entzunezkoak bere horretan erakusten ditu Bizkaiko labarrak. «Adabaki pieza bat da: pieza gehienetan, ez dago argi zer ageri den; baina bideoak literalki erakusten du zer diren». Drone batekin, hainbat ikuspuntutatik grabatu ditu flyschak; besteak beste, goitik. Eta ediziorik gabe erakutsi ditu irudiok, muntaketaz bestelako esku hartzerik gabe. Vera Harloten musikarekin jantzi ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.