Guggenheimen ereduari jarraituta

Bilboko eta Bizkaiko kultur azpiegituren kudeaketa pribatizatzeko prozesua zelan bultzatu eta garatu den aztertu dute Haizea Barcenillak eta Ahoztar Zelaietak.

Esperantzako liburutegiaren pribatizazioa salatzeko Bilboko Liburuzainak kolektiboak iazko urrian egindako elkarretaratzea. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Esperantzako liburutegiaren pribatizazioa salatzeko Bilboko Liburuzainak kolektiboak iazko urrian egindako elkarretaratzea. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2025eko martxoaren 8a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Haizea Barcenilla arte historialariaren arabera, 1990eko urteetan ezarri ziren Bilbon «kultura pribatizatzen duen ereduaren oinarriak», eta abiapuntua artea izan zen. Zehatzago esateko, Guggenheim museoa. «Deigarria da museoak izan duen eraginari buruz egin diren ikerketa guztietatik bakar batek ere ez duela aztertu zer ekarpen egin dion artearen eta kulturaren arloari», azpimarratu du. «Hori ez da inoiz izan museoa sustatu zutenen helburua». Lehen saio haren ondoren gehiago etorri direla esan du, eta Bilbon gertatu diren azken bi adibideak gogoratu ditu: Esperantzako liburutegia eta Azkuna zentroa. Astelehenean, Ahoztar Zelaieta kazetariarekin batera, Kulturaren pribatizazioa izeneko mahai inguruan izan zen, Bidebarrieta liburutegian, Bilboko Liburuzainak kolektiboak gonbidatuta. 

Bilbon, Guggenheim museoa eraikitzeko proiektua 1992an onartu zen, eta 1997an inauguratu zuten. «Ez zen proiektu kultural moduan diseinatu. Industria arloko arduradunen proiektu bat izan zen: Bilbo industria krisi bete-betean zegoen, eta museoa proposatu zuten, zerbitzuetan oinarritutako hiri eredu baterantz jotzeko. Gaur egun museoak turismoa erakartzeko eta ostalaritza sustatzeko baliabideak dira». Salatu du hori gertatuko dela Busturialdean ere, Guggenheim museoa hara hedatzean. «Inork ez daki barruan zer egingo den; agintariek zera esaten dute bakarrik, zenbat bisitari erakarriko dituen Urdaibaira eta nola lagunduko duen eskualdeko ekonomia suspertzen».

«Pribatizatutako museoak dira nolabait, nahiz eta fundazioetako kideak erakunde publikoak izan»

HAIZEA BARCENILLAArte historialaria

Barcenillak azpimarratu du Guggenheim ez dela museo publiko bat, fundazio batek kudeatutako museo pribatua baizik. «Erakunde publikoak kide dira, baina New Yorkeko Guggenheim museoak pisu handia du. Esan ziguten elkarlan publiko-pribatua izango zela, baina alde publikoa dirua jartzera mugatzen da». 10-12 milioi euroko aurrekontua izaten du urtero, eta iaz, berbarako, horietatik 8,5 milioi Eusko Jaurlaritzak ipini zituen. «Kudeaketa, ostera, pribatua da erabat». 

Guggenheim sortu zen garaian, Bilboko eta Bizkaiko museoak publikoak ziren, baina Guggenheimek eragina izan zuen haiengan. Esaterako, orduan bihurtu zuten Bilboko Arte Ederren museoa fundazio, nahiz eta, kasu horretan, patronatuko kide guztiak erakunde publikoak diren. Guggenheimen ondoren sortu zen Artium Gasteizen, eta hura ere fundazio bat da. «Pribatizatutako museoak dira nolabait, nahiz eta fundazioetako kideak erakunde publikoak izan. Museootako beharginak, esaterako, ez dira langile publikoak», zehaztu du Barcenillak.

Bilboko Liburuzainak kolektiboak antolatuta, astelehenean Bilboko Bidebarrieta liburutegian egindako mahai ingurua. Irudian, kolektiboko kide bat, Ahoztar Zelaieta eta Haizea Barcenilla. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bilboko Liburuzainak kolektiboak antolatuta, astelehenean Bilboko Bidebarrieta liburutegian egindako mahai ingurua. Irudian, kolektiboko kide bat, Ahoztar Zelaieta eta Haizea Barcenilla. ARITZ LOIOLA / FOKU

Arte historialariak azaldu du «eraikin ikonikoak» eraikitzeko ere aprobetxatzen direla museoak Bilbon. «Guggenheimera datozen turista gehienak, eraikina ikustera etortzen dira». Arte Ederretako Museoa eta Euskal Museoa ere eraikinak eraldatzen ari dira. Barcenillaren arabera, museo bien arazoa izan da funtsak gordetzeko leku falta. Baina, biltegiratzeko lekua sortu ordez, Arte Ederren Museoa eta Euskal Museoa handitzean erakusketa lekuak ugaritu dituzte. 

Azkuna zentroan ere azpiegitura erakargarria da. Sarrerako atrioaren bueltan hiru eraikin ditu. Bata liburutegia da, BBK fundazioaren esku. Bestea, kiroldegia; hura ere pribatua. Hirugarrena beheko erakusketa guneak eta Lantegiak osatzen zuten. Bilboko Udalak La Caixa fundazioaren esku uztea erabaki du, STEM gune bat sortzeko. Azkuna zentroko zuzendari Fernando Perez ez zen ados egon erabaki horrekin, eta dimisioa eman zuen iaz. 

Enpresek kudeatuta

Barcenillak azaldu duenez, Bizkaiko museo txiki guztien kudeaketa ere pribatizatu du diputazioak. «Gehienak Alaiki enpresaren esku daude, eta beste asko Ortzadar izeneko enpresak kudeatzen ditu», esan du. Alaiki enpresa 1990eko urteetan sortu zuten, Ahoztar Zelaieta kazetariak azaldu duenez. Gotzon Bilbao Leioako Kultura zinegotzi izandakoa eta Andoni Busquets Basauriko alkate ohia dira gaur egun enpresa horren buru, kazetariaren arabera. «EAJk udal liburutegien kudeaketa pribatizatuko zuela erabaki zuenean sortutako enpresa bat da», zehaztu du Zelaietak.

«Kasualitatez, zerbitzuen kudeaketa pribatizatzean, enpresek beti dute harremana alderdiarekin»

AHOZTAR ZELAIETAKazetaria

Besteak beste, Zierbenako udal liburutegiaren kudeaketa eskuratu zuen Alaikik, lehiaketa publikoan eskuratu ere. Beste lehiakidea Hazian izeneko enpresa izan zela kontatu du; hau da, iaztik Bilboko Esperantzako liburutegia berria kudeatzen duen enpresa. Kazetariaren arabera, egun Euskalduna jauregiko zuzendari den Iñigo Iturrate legebiltzarkide jeltzale ohiak sortu zuen Hazian. 

Zelaietak azaldu duenez, Hazianen egoitza soziala Sabino Arana fundazioa dagoen leku berean dago. Han daude, baita ere, gazte jeltzaleen Uztarri fundazioa eta Gaztetxoko EAJko eskaut taldea. «Kasualitatez, zerbitzuen kudeaketa pribatizatzean, enpresek beti dute harremana alderdiarekin», esan du kazetariak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.