Frantsesez noeud berbak korapiloa esan nahi du, eta kontzeptu hori erabili du Gipuzkoako DAB dantza konpainiak izen bereko pieza ontzeko: deskorapilatze bat irudikatu dute, askatze bat. Konpainiako kide Marina Eskisabelek esplikatu duenez (Donostia, 2000), Cristobal Balentziaga diseinatzailearen eta Eduardo Txillida eskultorearen lanetan oinarritu dira, eta haiengandik hartu dute bai estetika, baita espazioaren lanketa ere: Balentziagaren jardunetik, jantzien zabaltasuna; Txillidarenetik, haren obren kaleko presentzia, besteak beste. Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Nazioarteko Jaialdian dantzatuko dute Noeud, bihar, 18:00etan, Pergolan. Leioako Umore Azokan ere izango dira, hilaren 16an eta 17an.
Askatasunaren eta estutasunaren arteko gatazka bat dago piezaren oinarrian?
Hala da. Piezak bi inspirazio dauzka. Alde batetik, inspirazio artistikoa. Cristobal Balentziagak eta Eduardo Txillidak bat egiten zuten bi kontzeptutan oinarritu gara: espazioaren sorkuntza eta figura lerromakurrak. Horiek erabili ditugu mugimenduak sortzeko, baita estetikarako ere, jantziak eta atrezzoa sortzeko. Beste alde batetik, inspirazio soziala ere eduki dugu, gizartean zeresana edukitzea bilatzen dugulako. Balentziagaren garaian emakumezkoek kortsea erabiltzean sentitzen zuten estutasuna eta mugimendu mugatuak hartu ditugu. Balentziagak emakumearen figura mantendu zuen bere diseinuetan, baina kortsea kendu zuen, sorbaldei zabalera handiagoa eman zien, eta aire kamera deitzen dena sartu zuen.
Eta nola bihurtu teoria hori mugimendu?
Ariketen bidez. Hiru dantzari gara, eta bakoitzaren gorputzarekin eta jantziekin aztertu dugu nola sortu espazioak. Konturatu gara figura lerromakurrekin ere lotura duela horrek. Bestalde, Zu dantzan deituriko proiektu bat egin dugu, gizarteko hainbat talderekin batera: familiak, haurrak, gizarte bazterketa arriskuan daudenak... Ikastaroak egin genituen, guk egindako ariketak eskaini genizkien, eta haiek hainbat modutara erantzun zuten. Haiek ere inspirazio iturri izan dira.
«Eskuak gerrian jarrita, erakusten dugu zer sentituko genukeen kortsea edukiko bagenu; eta eskuak kentzen direnean, zer sentitzen dugun kortsea askatzen denean, zer zabaltasun»
Nola sortzen da espazioa gorputzarekin?
Erabili ditugu, batez ere, besoen eta hanken mugimenduak enborrarekiko, biribiltasuna bilatzen. Eta gure gorputzen artean zer-nolako espazioa sortzen den aztertu dugu: gertuago baldin bagaude, espazio gutxiago sortzen da; urrutiago bagaude, zabalagoa da. Dantzariek gonak daramatzagu, eta bati gona irauli egiten zaio: bere gorputzaren eta oihalaren artean espazio bat geratzen da, eta literalki ikusten da espazioaren sorrera, besoak zabaltzean globo baten modura zabaltzen baita jantzia. Eskuak gerrian jarrita, erakusten dugu zer sentituko genukeen kortsea edukiko bagenu; eta eskuak kentzen direnean, zer sentitzen dugun kortsea askatzen denean, zer zabaltasun.
Jantziak eta atrezzoa aipatu dituzu. Eszenografia berezi bat landu duzue?
Gona erraldoi bat daukagu. Jaiotzen garenean, dena jartzen digute ilara zuzen batean; guk ia aukeratu gabe badakigu zer egin behar dugun. Noeud ibilbide bat da: enkortsetamendutik askatasunaren bila sortzen goazen ibilbidea. Eta, azkenean, gona erraldoi hori agertzen da, islatuz non bukatu dugun.
Konpainia 2022an sortu zenuten. Zutabeetako bat bitartekaritza da. Nola lantzen duzue?
Nahietako bat da gizartera konektatuta sentitzea. Dantza garaikidea egiten dugu, eta batzuetan zaila da ulertzea. Guk nahi dugu erraza izan dadila, eta horregatik ematen diogu garrantzia bitartekaritzari, modu oso eraginkorra baita jendearengan interesa eta zaletasuna pizteko. Gorputzarekin esperimentatu dutenez, beste erantzun bat lortzen dugu.