Dagoeneko Sardinia iparraldeko Sassari hirian dira Bilboko Bidaideak gurpil aulkiko saskibaloi taldeko jokalariak. Han, Eurocup 1 txapelketako Zortziko Finala jokatuko dute, gaurtik igandera bitartean. Europako kluben arteko bigarren txapelketarik garrantzitsuena da, eta 2018an Bilboko Txurdinagako kiroldegian lortutako garaipena berritu nahi dute bilbotarrek. Asier Garcia Pereiro (Bilbo, 1981) Bidaideak-en kapitainak finalera iristeko «indar nahikoarekin» ikusten du taldea.
Zuen ustez, gai al zarete Eurocup 1 txapelketa irabazteko?
Asteburu honetan dugun egitekoa oso zaila da: finalera iristeko, guztira bost partida izango genituzke hiru egunean. Hala ere, taldea indar nahikoarekin ikusten dut finalera heltzeko, bai fisikoki, bai mentalki.
Aurtengoa hirugarren finala segidan izango litzateke. Hirugarrenean, lortuko duzue irabaztea?
Duela bi urte, Santo Stefano [Italia] taldearen kontra galdu genuen finala, eta iaz, Fenerbahceren [Turkia] aurka. Oso zaila da finalera iristea, baina, lortuz gero, horrek erakutsiko luke gauzak ondo egiten ari garela.
Nolakoa izaten da Zortziko Finala?
Launa taldek osatutako bi multzotan jokatzen da: guztiok guztion aurka. Multzo bakoitzeko lehenengo biak pasatzen dira finalaurrekoetara. Partida bakarrera da kanporaketa hori, eta irabazle biek finala jokatzen dute.
Multzorik zailena ala errazena egokitu zaizue?
Galatasaray [Turkia], Briantea Cantu [Italia] eta Le Puy en Velay [Okzitania] taldeen kontra ariko gara; hau da, haien herrialdeetako ligetan lehenengoak diren kluben aurka. Norgehiagoka bakoitza irabaztea zaila izango da.
«Aurrekontu txikia izan arren, talde indartsuenei aurre egiteko gai izan dela erakutsi du Bidaideak-ek»
Gurpil aulkiko saskibaloian ere diru gehien inbertitzen duten klubak izaten dira indartsuenak?
Diruak jokalari hobeak fitxatzeko aukera ematen dizu, eta horrek beti laguntzen du. Baina dirua ez da dena kirolean. Oso garrantzitsua da dauzkazun jokalariekin talde lehiakor bat osatzen jakitea. Aurrekontu txikia izan arren, talde indartsuenei aurre egiteko gai izan dela erakutsi du Bidaideak-ek azken sei edo zazpi urteetan.
Laguntza nahikoa jasotzen duzue?
Bilboko eta Bizkaiko instituzio publikoek babes nahikoa ematen digute. Hala ere, uste dugu erakunde pribatuen laguntza falta dela. [Espainiako] Estatu mailan eta nazioartean onenen artean egoteko, enpresen babesa izatea ere beharrezkoa da.
Espainiako Ligan zein da zuen helburua?
Fase erregularra amaitzeko, hiru partida falta dira, eta hirugarren gaude. Postu horri eutsi nahi diogu, ekainaren hasierako Lauko Finalera iritsi eta Albaceteren aurka jokatzeko. Laugarren amaitzen badugu, Ilunion taldearen [Madril] kontra jokatu beharko genuke. Madrildarrek partida guztiak irabazi dituzte, eta koska bat edo bi gorago daude.
Zaleak ere lagun dituzue?
Zalantzarik gabe, Espainiako Ligako zalerik onenak dauzkagu. Baina ez dugu guk bakarrik esaten hori: hainbatetan saritu izan dituzte gure zaleak, erakusten duten portaeragatik. Txurdinagako kiroldegira etortzen diren talde guztiek esan ohi dute bertan izaten den giroa txapelketako onena dela.
Uste duzue Bidaideak taldeari komunikabideetan nahikoa leku ematen zaiola?
Kluba komunikabideetan lortzen ari den oihartzuna oso garrantzitsua da. Izan ere, Bilbon ez ezik, Bizkaian ere jende askok daki zer lortzen ari garen. Bilboko gizarteko partaide garela sentitzea oso garrantzitsua da guretzat. Hedabide guztiek ahalegina egin dute gurpil aulkiko saskibaloia eta, bereziki, kirol egokitua, horixe bera direla erakusteko: kirola, beste helbururik gabe.
«Kirol eskola da esku artean dugun proiekturik garrantzitsuena: gurpil aulkiko saskibaloian hasi diren gazte asko dago»
Bidaideak eta halako kirol talde bat izatea garrantzitsua da elbarrien kolektiboa ikusarazteko?
Bidaideak elkartea, Bidaideak Bilbao gurpil aulkiko saskibaloi taldea eta Saiatu fundazioa lan handia egiten ari dira ezagutarazten desgaitasunen bat dutenek dituzten aukera guztiak. Klubari dagokionez, kirol eskola da esku artean dugun proiekturik garrantzitsuena. Azken urteetan, gurpil aulkiko saskibaloian hasi diren neska-mutil gazte asko daude, eta guretzat ohorea da Bilbon urritasunen bat duen jendeak kirola egiteko leku bat izatea.
Bidaideak klubaren etorkizuna bermatuta dago?
Espainiako Ligan harrobiko jokalari gehien duen taldea da Bidaideak. Gaur-gaurkoz eskolan entrenatzen dabiltzan horiek izango dira klubari bideragarritasuna emango diotenak. Klubaren etorkizuna bermatuta dago, baldin eta altxor txiki hori mantentzen eta zaintzen jarraitzen badugu.
Erakargarria al da gurpil aulkiko saskibaloia?
Jokalari profesional gisa daramadan 25 urteetan, ez dut ezagutu kirol honek arreta eman ez dion inor. Guztiek esaten dute oso polita eta bizia dela. Harrapatu egiten zaitu. Gazteenek eskolara etortzea baino ez daukate, eta ziur naiz, ikusi ondoren, gurasoei eskatuko dietela apuntatzeko.
Sasoiko ikusten duzu zeure burua jokatzen jarraitzeko?
Gorputzak eta buruak uzten didaten bitartean, jokatzen jarraituko dut. Oraingoz, urtetik urtera noa, eta saskibaloian jokatzen, gozatzen jarraitzen dut. Ez dakit urtebete, bi urte edo hiru urte jarraitzeko aukera izango dudan, baina, oraingoz, gogotsu nago.
Taldea uzten duzuenean, zer gustatuko litzaizuke jendeak zutaz gogoratzea?
Ondo eginak eta hutsak tartean direla, jendeak klub honen alde dena eman dudala baloratzen jakitea gustatuko litzaidake.