Bizkaiko baserritarrek urteko ekitaldi garrantzitsuetako bat izango dute etzidamu: urriko azken asteleheneko azoka Gernika-Lumon. Dagoeneko prestaketa lanetan dabiltza, euren postuen bueltan elkartuko diren milaka lagunei produkturik onenak eskaintzeko. Preziatua izaten da gazta, eta eguerdi aldera lehiaketa irabazi duena enkantean saldu ohi dute. Erosleek, batez ere, indaba bilatzen dute, hura baita urriko harribitxia. «Beste indaba mota batzuk eroango ditut, baina Gernikako indaba nekez izango dut ordurako», ohartarazi du Jacquelin Txertudi Kortezubiko baserritarrak.
Ikusi gehiago
Normalean hiru mila kilo biltzen ditu Txertudik, indaba mota guztiak gehituta; iaz, erdia. Aurten gutxiago izango dira. Izan ere, aurtengo uzta «oso txarra» izan dela kontatu du, «negar egitekoa», eguraldiagatik: «Ekain hasieran, erein behar genuenean, euri asko egin zuen, eta ezin izan ginen ortura sartu. Beraz, uztailean erein genuen. Abuztuan, loretan zegoenean, bero handia egin zuen eta erre egin zizkion lore gehienak. Irailean, oraindik garaua osatu barik izan du». Urrian ere aroak ez die gehiegi lagundu. «Goizetan altxatu eta euria dela ikusten dudanean, negargura sartzen zait». Izan ere, euriak lekaren azala bustitzen du, eta barruan dauden indaba garauen kolorea aldatzen da. «Berez, indaba ona da, balio du, baina jendeak itxuraren arabera erosten du». Asteotan bildutakoa sikatu ezinik ibili direla ere azaldu du, beroa behar dutelako: eguzki ordu asko eta hego haize epela.
Oro har, ez dira garai onak indaba ekoizleentzat. Kontsumoak behera egin du nabarmen azken urteetan, bizkaitarren ohiturak aldatu direlako. «Lehen edozein etxetan astean behin edo bi astean behin jaten ziren indabak, baina orain etxe gehienetan zerbait folklorikoa bihurtu da: jendea jatetxeetara joaten da beren-beregi indabak jatera, edo jaietako lehiaketa gastronomikoetan prestatzen ditu», esan du Kortezubiko baserritarrak.
«Beste indaba mota batzuk eroango ditut, baina Gernikako indaba nekez izango dut ordurako»
JACQUELIN TXERTUDIKortezubiko indaba ekoizlea
Prezioaren aldagaia ere garrantzitsua da, gainera. Txertudik oraindik ez du erabaki zenbatean salduko duen azken asteleheneko azokan: «Gutxi dago, beraz, guk nahi ez arren, seguruenik, garesti egongo da». Joan den astelehenean, hogei euroan saldu zuten Gernikako indaba Gernika-Lumoko asteroko merkatuan. Aitortu du erosleek «garesti» irizten diotela, «supermerkatuetan topatzen dituzten beste indaba batzuen prezioarekin alderatuta», batez ere. «Ez dira ohartzen atzean zenbateko lana dagoen», kexatu da. «Ekainean, eskuz ereiten dugu; irailean, eskuz batzen dugu. Sikatzen denean, guk makinatik pasatzen dugu garantzeko. Baina, gero, eskuz aukeratu behar dira, txarrak eta txikiak kentzeko; horiek ez dira saltzen».
Marka gorabeheratsua
Txertudik landatzen duen gehiena Gernikako indaba da, eta Gernikako Indaba Elkartea izenpean merkaturatzen du. Hazi fundazioak Eusko Label etiketarekin Euskal Lekaleak izeneko produktu sail bat dauka, baina han ez dago Gernikako indaba, nahiz eta izen hori erregistratuta daukan Hazik. Gernikako Indaba Elkarteak Bizkaiko Hitza-ri azaldu dionez, hasieran hasi ziren Gernikako indaba ekoizleak Eusko Label etiketarekin eta Gernikako indaba izenarekin merkaturatzen, baina gero «zorroztu» egin zituzten baldintzak eta ekoizleek jarraitzeari uko egin zioten, ez zelako bideragarria eurentzat. Tolosako babarruna markaren adibidea ipini du elkarteak: «Produkzio zentro bat dute Tolosan, eta ekoizleek hara eroaten dute indaba guztia. Han garantzen dute, eta marka berarekin saltzen dute guztiek. Gernikako indabak ez du horrelako zentrorik. Ekoizle gutxi dira, produkzioa ere txikiagoa da, eta horrelako zentro bat sortzeak eskatzen duen inbertsioak ez die konpentsatzen. Esfortzu ekonomiko handia eskatuko lieke, eta, ikusten dutenez kontsumoa gero eta txikiagoa denez, ez die merezi. Gainera, prezioa asko garestituko luke».
Horregatik, gaur egun, Gernikako indaba ekoizleek Gernikako Indaba Elkartea izenpean merkaturatzen dute. «Segurua da elkartearen etiketarekin merkaturatzen dutenek Gernikako indaba saltzen dutela, baina egon daiteke elkartetik kanpo Gernikako indaba motako indaba saltzen duen baserritarrik», dio elkarteak. Izan ere, ereingo den hazia Gernikako indabarena dela bermatzen du Gernikako Indaba Elkarteak. «Urtero hazia biderkatzen dute guri emateko; urtero, hazi berri bat jasotzen dugu ereiteko. Ez du balio iazkoak ereiteak, erein eta erein, degradatu egiten delako, ezaugarriak aldatzen direlako», azaldu du Txertudik. Behin indabak bilduta, elkartekoei esaten diete zenbat kilo dituzten, eta etiketak eta kiloko eta kilo erdiko zakutxoak bidaltzen dizkiete, indabak merkaturatzeko.
Gernikako indaba zer den Neiker Eusko Jaurlaritzaren ikerketa zentroak dauka zehaztuta. Phaseolus vulgaris baba arruntetik datorren indaba da. Landarea itxura handikoa da, hosto zabalekoa eta kolore berde ilunekoa. Garaua obala edo biribildua da, ertaina edo handia, eta granate kolorekoa orban argiagoekin. Txertudiren arabera, itxuraz «oso elegantea» da, eta prestatutakoan «salda oso ona» egiten du. Gernikako Indaba Elkarteak azaldu duenez, bi aldaera ditu, elkarren artean «oso antzekoak»: Malen eta Pintarka.
Gernikako indabaren landatze eremua Bizkaia da. Elkartea ekoizle bik ipini zuten martxan, eta haiek egon ziren luzaroan bakarrik. Gero gehiago batu zitzaizkien, baina batzuek utzi egin zuten. Gaur egun, zortzi ekoizle dira kide, baina urtero ereiten dutenak, lauzpabost. Oraintsu arte, urte onetan, Gernikako Indaba Elkartea izenpean lau mila kilo inguru saltzen izan dira urtean, baina, gaur egun, ekoizpena nabarmen jaitsi da, eta bi mila kilo izango dira. Aurten askoz gutxiago izango direla aurreikusi dute, urte txarra delako.
Ez dute uste Gernikako indaba desagertuko denik, ekoizleek ereiten jarraituko dutelako, «sentimentalismoz» bada ere. Gaur egun, elkartean ez dago gazterik. Txertudik ere ez du uste berak uztean etxekoek lekukoa hartuko diotenik. Nekazaritza, oro har, lanbide «gogorra eta zaila» da, Kortezubiko baserritarraren esanetan. Are gehiago indaba ekoizpena: beste produktu batzuek baino lur eremu zabalagoa behar du, lan handia eskatzen du, eta eskaera gero eta txikiagoa da. Aurka dituzten faktore batzuk ezin dira konpondu —klima aldaketa, esaterako—, baina kontsumitzaileek asko egin dezaketela uste du Gernikako Indaba Elkarteak: «Erosten duen indaba nongoa den jakin, zer indaba mota jaten duen jakin, bertokoa baloratu, horrek atzetik duen lana aitortu eta bertoko baserritarrek ekoitzitakoa erosi».