Geldi egotetik, apurka martxa hartzera

Bizkaian rallyetarako afizio handia badago ere, mundu hori «ez aurrera, ez atzera» dagoela uste du Bizkaiko Automobilismo Federazioak.

IMANOL OTEGI / FOKU
Rally lasterketa bat, artxiboko irudi batean. IMANOL OTEGI / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2024ko apirilaren 12a
05:05
Entzun

Bizkaian automobilismoaren inguruko hainbat talde eta elkarte sortu dira, Rikardo Perez Bizkaiko Automobilismo Federazioko presidentearen arabera: «Talde batzuk beste batzuk baino aktiboagoak dira, baina, denera, hamabost edo hogei elkarte daude egun». Zaleak ere asko dira, baina, oro har, «ez aurrera, ez atzera» dago mundu hori, presidentearen ustez: «Betidanik egon izan da rallyetarako zaletasun handia Bizkaian. Kontua da azken urteotan jendea ez dela horrenbeste mugitzen auto lasterketak ikusteko».

2008ko krisi ekonomikoaren ondotik, «nahiko» kostatu zitzaien kirol hori berreskuratzea, baina, suspertzen ari zirenan, koronabirusaren pandemia iritsi zen: «Ekonomikoki, pandemiak min handia egin du: asko kostatzen da babesleak edota laguntzaileak aurkitzea». Perezen ustez, baina, badago bestelako kezka bat ere: antolatzeko gogo falta. «Urtebetean auto lasterketarik ez antolatu ondoren, asko ari zaigu kostatzen berriro martxa hartzea eta jendea lasterketak antolatzeko motibatuta egotea».

«Betidanik egon izan da rallyetarako zaletasun handia Bizkaian. Kontua da azken urteotan jendea ez dela horrenbeste mugitzen auto lasterketak ikusteko».

RIKARDO PEREZBizkaiko Automobilismo Federazioko presidentea

Bizkaian urtean hamar lasterketa inguru antolatzen dituzte. Horien barruan, baina, hainbat modalitate daude. Bizkaian, kasurako, rallyak, mendiko lasterketak eta eslaloma dira nagusi. «Gure lurraldean rallyek dute oihartzunik handiena, baina mendiko lasterketek ere erakartzen dute jendea, zaleen artean mendizale asko baitaude».

Arazo pertsonalen eraginez, joan den abenduan aldatu zuten Bizkaiko Automobilismo Federazioko zuzendaritza batzordea. Aurten, beraz, hauteskundeak egingo dituzte, eta horien ondoren hasiko dira aurrera begirako erronkak zehazten. «Trantsizio garai bat da. Oraingoz, kokatzen gabiltza, baina aurki joango gara ikusten zer aldatu edo hobetu dezakegun».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.