Maria Ortega Zubiate

Gazte gara gazte

2024ko maiatzaren 24a
05:00
Entzun

Gazte ziren gazte eta ez zeuden konforme. Orain, tira... Horrela omen da, hori sumatzen ei da egungo gazteon artean. Jada ez ei gara lehen beste mugitzen, batzen, gizartearekin konprometitzen. Gizarte mugimendu askotako errealitateetara begiratuz gero, argazkiak gero eta zimur gehiago ditu; ez dago ia aurpegi gazterik. Eta bai, agian egia da hori, neronek ere badut horren zantzurik. Baina agian, ez da, soil-soilean, gazteon errua; ez gurea bakarrik.

Ez zaizkigu arrazoiak falta, lehengoei falta ez zitzaizkien gisan, protestarako, saretzeko, erresistentziarako. Baina bai falta zaizkigula, agian, indarrak, denbora eta baliabideak. Ez nabil esaten lehengoek horiek guztiak bazituztela, baina bai beste kultura bat zegoela, beste ulerkera bat; eta, batez ere, injerentzia gutxiago.

Ez da albiste mundu indibidualista eta kapitalista batean bizi garela. Ez da berria, era berean, munduaren bilakaera are indibidualistago eta kapitalistago dela. Eta txikitatik izan behar dugula konpetitiboak, trebeak eta jantziak, datorkigun etorkizun are indibidualista eta kapitalizatuagorako. Etengabe bueltaka doan zirkulua da.

Tiktoker eta nomada digitalen garaiotan leku gutxi dago garai bateko prozesu luze eta sakonak garatzeko, bilera amaigabe eta engaiamendu baldintza gabekoetarako.

Horrela daude 10 urteko umeak astelehen eta eguaztenetan aleman eta ingeles eskolak dituztenak, martitzen eta eguenetan matematika eta fisika ikasten dutenak eta bariku eta zapatuetan arte eskola dutenak. Eta horri gehitu eskolan bikain ateratzeko duten presioa. Ze ume horiek lanean hasiko direnerako beharko dute euren inguruko onenak izan, errendimendu altua lortu eta langile nekagaitz bihurtu. Oso erraza da honi buruz ironiaz berba egitea, sarkasmoz are: zoramen hutsa da hezkuntza formalerako beste ezetarako astirik ez edukitzea. Baina zelan irten hortik? Zelan egin muzin zurrunbilo horri norberak ere etorkizunik izango badu?

Injerentzia nioenean, esandako honi buruz egin nahi nuen berba: oso zaila dela tarterik aurkitzea beste mundu ikuskera bat landatzeko etorkizunaren hazia direnak guztiz zukututa daudenean. Agenda eta aukeren estutasunari gehitu behar zaizkio egungo korronteak: moda azkarrak, Tiktokeko bideo baten gisan atzamar kolpe batez pasa daitezkeenak, mundu ikuskera zabala; baina ez internazionalismotik, globalismotik baizik. Tiktoker eta nomada digitalen garaiotan leku gutxi dago garai bateko prozesu luze eta sakonak garatzeko, bilera amaigabe eta engaiamendu baldintza gabekoetarako.

Baina, tira, dena ez da ezkorkeria. Hasi beharko genuke pentsatzen lehengo formak ez direla bakarrak eta onenak, forma horiek eratu ziren moduan egungo beste batzuk ere eratu daitezkeela. Eta gazteak egun ere mugi gaitezkeela, gure erara eta gure baldintzetan. Aukera bakarra dugu: eragiteko erak aldatzea besterik ez da geratzen, herri izaten jarraitu nahi badugu, herriari azal leun eta garbia ezarri nahi badiogu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.