Uxue Gutierrez Lorenzo

Garaiz heltzea

2025eko otsailaren 28a
05:00
Entzun

Otsailaren 6a. Aspaldi iragarrita zegoen data. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak Confebask patronalarekin bildu ziren Lan Harremanen Kontseiluak Bilbon duen egoitzan. Hizketagaia aspaldi planteatu zuten sindikatuek: Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako lurraldeetan lanbide arteko gutxieneko soldata propioa adostea, egun indarrean dagoena baino altuagoa. Patronalak, ordea, uko egin zion negoziatzeari, argudiatuta «sektore bakoitzeko hitzarmenek jada zehazten» dutela «gutxieneko soldata bat». Are, gutxieneko soldataren igoerak enpresen «lehiakortasuna eta bideragarritasuna» kolokan jarriko lituzkeela ere adierazi zuten. Jaurlaritzak, bere aldetik, patronalaren jarrera gaitzetsi zuen. Aste honetan jakin dugu sindikatuek —oraingoan ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek—, beste bilera batera deitu dutela martxoaren 20rako hizketagai beraren bueltan. Hau da, patronalak ezezkoa eman zuen arren, arazoa ez delako konpondu.

Sindikatuek diote autonomia erkidegoan bizitza Espainiako Estatuko gainerako lurraldeetan baino garestiagoa dela, eta, beraz, gutxieneko soldata interprofesionalak altuagoa behar duela izan. Gaur-gaurkoz, 1.184 eurokoa da gutxieneko soldata. Patronalaren aburuz, igoera ez da bideragarria. Eta, zein da errealitatea?

Erraza da erantzuna jakitea. Goazen langile baten egunerokoa aztertzera, adibide erreal bat baliatuta. 56 urteko andrazkoa, Barakaldon bizi da —martxoaren 17an tentsio handiko eremu deklaratuko dute Barakaldo—. Hauek dira hilean nahitaez ordaindu behar dituenak: hipoteka, 450 euro; argia, 50 euro; gasa, 50 euro; ura, 30 euro; erosketak, 200 euro; komunitatea, 20 euro; Internet konexioa eta sakelakoa, 30 euro. Guztira: 840 euro gastu finkoetarako, hilean. Herriko komertzio baten egiten du lan, eta gutxieneko soldata jasotzen du: 1.184 euro hilean. Bere soldataren %70 behar du gastu finko horiei aurre egiteko.

Sistemaren esklabo izateko aukerarik ere ez du ematen 1.184 euroko soldatak

Errealitatea da, eta xehetasun askoren faltan daude gastuok. Laneko joan-etorriak, autoa, ariketa fisikoa, hedabide bateko harpidetza, arropa, izorratutako gailuak, opariak... oharkabeko gastu finkoak dira, nolabait. Are, sistemak ere behar ditu gastu horiek; patronalak aipatu dituen enpresa horien guztien sostengu dira gure kapritxoak. Tabernetan gastatu behar dugu, tabakoa erre eta loterian jokatu; gailu elektronikoak erosi behar ditugu, autoak erosi eta gasolinaz bete; arropa erosi behar dugu, ile apaindegira joan eta dentista pribatuan hortzetako aparatua jarri. Gainera, eguneroko lan estresagarriari aurre egin ahal izateko, terapia, fisioterapia eta yoga sesioak ordaindu behar ditugu. Ahal dela, gimnasiora ere joan behar dugu, liburuak erosi, antzerkira joan eta, tarteka, jatetxe merke eta garestietan afaldu. Adi, eta ez ahaztu atseden ere hartu behar dela: oporretan ere joan behar dugu!

Sistemaren esklabo izateko aukerarik ere ez du ematen 1.184 euroko soldatak. Hala laburbildu zuen 56 urteko andrazkoak: «Kontua da gu beti gabiltzala atzetik, bizitza garestitzen da lehenago, eta, agian, ondoren hazi egiten da gure soldata; horrela ezinezkoa da inoiz inora garaiz heltzea». Martxoaren 20an beste hitzordu bat dute patronalak eta sindikatuek; baina, agian, dagoeneko berandu da garaiz heltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.