Garai bateko doinuen izen-abizenak

Trikitia, alboka, txistua, dultzaina eta panderoa jo duten Bizkaiko hamabost musikariren bizitza eta lana bildu dituzte 'Bizkaiko musikari tradizionalak' erakusketan. Getxon dago ikusgai, Itzubaltzetako kultur etxean.

(ID_14253263) (Mikel Martinez de Trespuentes/@FOKU) 2024-09-14, Getxo. Bizkaiko musikari tradizionalak erakusketa Erromoko Kulturet...
'Bizkaiko musikari tradizionalak' erakusketa, Itzubaltzetako kultur etxean, joan den asteburuan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Getxo
2024ko irailaren 20a
05:00
Entzun

«Ikusten genuen gure seme-alabek Rosalia eta halako nazioarteko abeslari ezagunak ezagutzen dituztela, baina gure musika ondarea oso ezezaguna dela haientzat». Hori aldatzeko asmotan, Getxoko Itxartu dantza taldekoei erakusketa bat egitea otu zitzaien, taldeko kide Xabier Fernandez de Labastidak azaldu duenez. Musikariaren biografia, haren musika tresna eta haren kantak: hiru elementu horiek bilduta, Bizkaiko musikari tradizionalak izeneko erakusketa ondu dute, Getxo Kultura udal erakundearen babesarekin, eta RKE Itzubaltzetako kultur etxean dago ikusgai. Astelehenean zarratuko dute.

Izenak dioen moduan, euskal musika tradizionalean ibili diren musikariak biltzea izan da asmoa. Euskal folkloreko bost tresna nagusiak daude liburuan: trikitia, alboka, panderoa, dultzaina eta txistua. Tresna bakoitzeko hiru musikari aukeratu dituzte. Fernandez de Labastida ibili da ikerketa horretan, Asier Bilbao eta Aitzol Aretxabaletarekin batera.

Aitortu duenez, ez zitzaien erraza egin musikariak aukeratzea. «Badakigu batzuek pentsatuko dutela beste musikari batzuek ere merezi dutela erakusketan egotea, eta baliteke arrazoi izatea, baina guk hauek aukeratu ditugu, musika tresna horiekin ibili direnen artean adierazgarrienak direlako, edo ezagunenak», dio Fernandez de Labastidak. Kontatu duenez, beste izen batzuek ere proposatu dizkiete, baina, esaterako, ez dago haiek jotakoaren grabaziorik edo musika tresnarik. Izan ere, erakusketan, informazioa paneletan bildu dute, eta han daude musikariei buruzko informazio zehatza eta argazkiak ikusteko. Musikarien familiek utzitako musika tresnak ere ikus daitezke, eta, panelarekin batera, entzungailu batzuk ipini dituzte, musikarien euren musika entzuteko. Berbarako, Romualda Zuloagaren panela irakurtzen den bitartean, haren musika entzun daiteke, eta han daude haren panderoak ere.

Hogei panel dira guztira, eta lauko taldeetan banatuta daude. Batean, musika tresnaren inguruko informazioa dago, eta, beste hiruretan, berriz, tresna hori jotzen zuten musikariena. Panel bakoitzak QR kode bat ere badu, dantza taldeak ondutako webgunera joan eta informazio gehiago eskuratzeko. Esaterako, webgune horretan daude ikusgai lortu dituzten bideoak. Fernandez de Labastidarentzat, ikus-entzunezkoen artean badago harribitxi bat: Jose Mariano Barrenetxea albokariari lotutako bat, hain zuzen. «Barrenetxeak sustatuta, Euskal Herriko Albokari, Pandero jole eta Koplarien Elkartea sortu zen. Haren ekimenez elkartu ziren Galdakaon, 1967an eta 1968an, eta orduan egindako grabaketa bat lortu dugu, Juan Mari Beltranen bitartez».

Silvestre Elexkano 'Txilibrin'en, Jose Mariano Barrenetxearen eta Leon Bilbaoren albokak, Getxoko Romo Kultur Etxean, joan den asteburuan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Silvestre Elexkano 'Txilibrin'-en, Jose Mariano Barrenetxearen eta Leon Bilbaoren albokak, Getxoko Itzubaltzeta auzoko kultur etxean, joan den asteburuan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

Izan ere, Fernandez de Labastida, Bilbao eta Aretxabaleta ibili dira bilketa lana egiten, beste boluntario batzuen laguntzarekin. Eta euskal musikari eta ikertzaile ugari ere izan dituzte bidelagun. Barrenetxeari buruzko informazio guztia Soinuenean dago, Oiartzunen (Gipuzkoa), eta handik eskuratu dute ikus-entzunezko hori erakusketarako. Sabin Bikandi, Jon Gaminde, Roberto Etxebarria… Asko dira parte hartu duten musikari eta adituak. «Lana luzea eta mardula izan da: ez genuen hainbestekoa espero», aitortu du Fernandez de Labastidak. Musikarien senideekin bildu dira, informazioa jaso, tresnak eskatu eta baimenak lortzeko.

Irailaren 6an zabaldu zuten erakusketa, eta harrera ona izan du, dantza taldeko kidearen arabera. «Jende asko etorri zen inauguraziora —besteak beste, musikari gehienen senitartekoak—, eta denei iruditu zaie oso interesgarria». Aurrerantzean, Bizkaikomusikaritradizionalak.eus webgunean egongo da eskura egunotan Getxon ikusgai dagoen hori. Dena den, ez dute baztertzen erakusketa Bizkaiko beste herri batzuetara ere eroatea aurrerago; Fernandez de Labastidak esan du horretarako hainbat proposamen egin dizkietela jada. Ez dute baztertzen, halaber, erakusketaren beste bertsio bat egitea, beste musikari batzuekin. «Hasieratik asmoa izan da ahalik eta gehien biltzea, ez ahazteko».

Historia luzea

Proiektuaren helburua, batez ere, dibulgazioa da, eta euskal musikaren historiaren berri jakiteko tresna baliagarria da. Besteak beste, han kontatzen dute Bizkaian trikitiari buruz izandako lehen aipamen idatzia 1889koa dela. Urte hartan, Juan Carlos Guerra historialariak Urkiolako erromeriari buruz idatzi zuen, eta «akordeoi berri-berri» bat aipatu. Erreferentzia horrek, lehen trikitilari ezagunak Bizkaikoak izateak eta lehen trikiti denda Bilbon egon izanak (Zengotita) indartu egiten du, erakusketaren arabera, akordeoi diatonikoa Bizkaitik gainontzeko euskal herrialdeetara hedatu zela dioen teoria.

Alboka, berriz, zaharragoa da Euskal Herrian. XV. mendekoa da lehen aipamen idatzia. Bizkaian, batik bat, Gorbeia inguruko nekazariak izan dira historikoki albokari.

Adituen arabera, XIII. mendean agertu zen panderoa Europan, gurutzatuek Ekialde Hurbiletik ekarrita. «Gaur egun, zorionez, gizonezkoak eta emakumezkoak aritzen dira musika tresna guztiak jotzen, baina musika tradizionalarena beste garai bat izan zen, eta orduan emakumeak pandero jotzaileak ziren, batez ere», zehaztu du Fernandez de Labastidak.

Jose Luis Etxebarria 'Txelu'-ren, Bonifacio Fernandez 'Boni'-ren eta Alejandro Aldekoaren txistuak eta tanborrak, Getxoko Romo Kultur Etxean, joan den asteburuan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Jose Luis Etxebarria 'Txelu'-ren, Bonifacio Fernandez 'Boni'-ren eta Alejandro Aldekoaren txistuak eta danborrak, Getxoko Itzubaltzeta auzoko kultur etxean, joan den asteburuan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

Hain zuzen, erakusketan dauden hamabost musikarietatik hiru baino ez dira andreak, eta hirurak, pandero jotzaileak: arestian aipatutako Romualda Zuloaga, Felisa Arrizabalaga eta Maurizia Aldeiturriaga, gaur egun ere ikono dena. XX. mendean, emakumezko pandero jotzaileak ugaritu egin ziren, beste tresna bat jotzen zuen gizonezko batek lagunduta edo bakarlari moduan, panderoarekin erritmoa markatuz eta koplak abestuz. Askotan, kopla horiek bat-batean sortzen ziren.

Panderoarekin batera gutxi jo izan diren instrumentuetako bat da Bizkaiko dultzaina; normalean, danborra izaten zuen lagun. Metalezko dultzaina bat da, Juan Pradere Durangoko galdaragileak XIX. mendearen bukaeran asmatua. Instrumentu hori ospetsu egin zen XX.ean, zurezkoa ordezkatzeraino. Dultzainaren lehen aipamen idatzia XVIII. mendekoa da: Arretxinagan jotzeagatik Manuel Bustriniri ordaindutako soldata aipatzen da. Erromerietan asko erabili izan da joan den mendearen hasieran.

Euskal musika tresnetan nagusia, dena den, txistua da. Erromerietan ere jo izan den arren, gainontzeko musika tresnen aldean leku garrantzitsua izan du protokoloan. Ekitaldi garrantzitsuetan txistulari bandak jotzen zuen: bi txistu, silbotea eta atabala. Bizkaian, bazeuden euren ezagutzak belaunaldiz belaunaldi transmititzen zituzten txistulari dinastiak. Berbarako, Berrizen, Patxiko Amezua Itsua izan zen, XVIII. mendean, Patxiku, Patxiko edo patxikotarrak izeneko leinuan lehena; Berrizko dantzari dantza eta erregelak 1973ra arte transmititu eta kontserbatu zituzten sendi bereko txistularien bost belaunaldi izan ziren.

ERAKUSKETAKO Musikariak

  • TRIKITIA.
    • Rufino Arrola (1909-1996). Lemoiztarra zen; Andrakako errementarie zuen ezizena. Baserriko lanetan laguntzen ari zela, 9 urte zituela, osaba batek utzitako trikitia aurkitu zuen. 13 urterekin izan zuen lehen emanaldia, Geldosen (Zamudio). Bizkaiko Trikiti Txapelketa irabazi zuen 1973an, Kepa Arrizabalagarekin batera —1972an akordeoi jotzailerik onenaren saria irabazi zuen—, eta 1980an, laugarren geratu zen Euskal Herriko Trikiti Txapelketan.
    • Bonifazio Arandia, 'Fasio' (1909-1987). 

      Igorreko Elexalde auzoan jaio zen, eta belarriz ikasi 

      zuen jotzen, Pedro Egia Popon-ekin, hark 

      Arantzazun zuen bizartegian. 13 urte zituela hasi zen plazetan jotzen. Denbora luzez jardun gabe egon ondoren, 1970eko hamarkadan itzuli zen. 

      Euskal Herriko musika hirukote ospetsuenetako bat osatu zuen Maurizia Aldeiturriaga pandero 

      jotzailearekin eta Leon Bilbao albokariarekin.

    • Balbino Ojanguren (1907-1975). Bilboko Erronda kalean jaio, eta haurtzaroa Fikako familia baserrian igaro zuen. Ezkondu zenean, Bilboko Olabeaga auzora joan zen 

      bizitzera, eta Bilboko 

      Udaleko desinfekzio zerbitzuan egin zuen lan erretiroa hartu zuen arte. 

      Silvestre Elezkano Txilibrin-ekin, Euskal Herriko trikitia eta alboka bikoterik ospetsuenetako bat osatu zuen; 1971ko, 1972ko eta 1974ko Bizkaiko Trikiti Txapelketak irabazi zituzten.

  • ALBOKA.
    • Silvestre Elezkano, 'Txilibrin' (1912-2003). 

      Igorreko Basauntz auzoan jaioa, gaztetatik ikasi zuen alboka jotzen, Ignacio Uribarri osabarekin. Igorreko harrobietan lan egin zuen, eta anaiari lagundu zion bere bizartegian eta zapata dendan. 36ko gerra bukatuta, 

      Euskalduna ontzioletan aritu zen, 

      1971ra arte. Albokaria ez ezik, pandero jotzailea, koplaria, dantzaria, irakaslea eta alboka egilea ere izan zen. Hainbat dantza talderen laguntzaile eta sortzaileetako bat izan zen, eta nazioarteko hainbat jaialditan parte hartu zuen, hala Europan nola Amerikan. Alboka eta trikiti txapelketak irabazi zituen Balbino eta Fasiorekin batera, panderoa 

      jotzen.

    • Jose Mariano Barrenetxea (1937-2006). Getxon jaio bazen ere, Galdakaon hazi eta bizi izan zen. Aita koplaria 

      izateak eta elezkanotarrekin —dantzari, pandero-

      jotzaile, koplari, dultzainero eta albokari familia— zuen familia loturak albokaren ikertzaile garrantzitsuenetako baten bidea markatu zuten. Gaztetan musika ikasi ondoren, Galdakaoko Andra Mari dantza taldeko dantzari, txistulari eta albokari izan zen. Han ezagutu zuen 

      Romualda Zuloaga pandero jotzailea, eta lehen alboka diskoa grabatu zuen harekin. 1967an eta 1968an, 

      Euskal Herriko Albokari, Pandero jole eta Koplarien Biltzarra antolatu zuen Galdakaon. Alboka ikasteko metodo bat landu zuen.

    • Leon Bilbao (1916-1990). 

      Arteagan jaioa; nekazaritzan 

      aritu zen. 

      Jose Mari Bilbao albokari eta albokagilea zuen aita, eta hark irakatsi zion jotzen, 12 urte zituenean. 

      Herri askotan ibili zen, Maurizia pandero 

      jotzailearekin eta Benancio Bernaola Karakol 

      trikitilariarekin batera, baita Fasiorekin ere. Irakasle ibili zen, eta albokagilerik onenetakoa izan zen. Etxean zuen tailerra.

  • PANDEROA.
    • Felisa Arrizabalaga (1922-2015). 

      Muxikan jaio zen, eta, txikitan, Bizkargi mendian aritu 

      zen artzain. 14 urterekin, senarra izango 

      zuena ezagutu zuen: Eduardo Egiarte trikitilaria. Elkarrekin jotzen zuten

      Jota dantzari handiak ere 

      izan ziren. 1971n Bilbon, 

      Bizkaiko Nekazaritza Azokaren 

      harira, beteranoentzako jota txapelketako lehen saria irabazi zuten. Bere kabuz ikasi zuen panderoa jotzen, 40 urte zituenean. 1970eko hamarkadan Zahargaztiek musika taldea sortu zuen, Basilio 

      Undagoitia Txiki, Juanita Gorroño, Juan Bilbao eta 

      Kristobal Txarterina Kristo musikariekin

      Leon Bilbao albokariarekin ere aritu zen, Maurizia 

      hil zenean. 

      Irrintzilari handia zen. 

    • Romualda Zuloaga (1913-1971). 

      Galdakaoko Arteta auzoko Txapelgorri baserrian 

      jaio zen, familia xume batean. S

      ardina saltzaile gisa jardun zuen 

      denbora batez, eta etxea ostatu bihurtu. 

      1964an, Jose Mariano Barrenetxearekin batera, lehen alboka diskoa grabatu zuen. 

      Belarriz ikasi zuen

       panderoa jotzen, etxeko sukaldean. Jose Ojanguren pandero jotzailearekin ezkondu zen. Sarritan jotzen zuten biek Marcelo Arrieta 

      Borlas Galdakaoko trikitilariarekin, baita

       garaiko albokari onenekin ere. Dindirri eta Olaeta Balleta dantza taldeen 

      ohiko pandero jotzailea izan zen.

    • Maurizia Aldeiturriaga (1904-1988). 

      Zeberioko Egia baserrian jaio zen, eta bere kabuz 

      ikasi zuen panderoa jotzen. 12 urterekin, Ugaoko 

      irute lantegi batean hasi zen lanean. Garai hartan 

      hasi zen jaiegunetan Zeberioko 

      plazan jotzen, Joakin Gotirekin. 

      Leon Bilbao albokariarekin eta Fasio 

      soinu jolearekin batera lortu zuen ospea, eta 

      hainbat diskoren grabatu zituzten. 

      Plazan jotzen ari zen batean, Benancio Bernaola Karakol trikitilaria ezagutu zuen. Urte askoan 

      bikote artistikoa osatu zuten, eta 1927an ezkondu egin 

      ziren.

  • DULTZAINA.
    • Patxi Bilbao (1902-1992).

      Dimako Ubelde baserrian jaio zen. 8 urterekin hasi 

      zitzaion musikarako zaletasuna, amak txirula 

      bat erosi zionean. Ogibidez artzaina zen, eta Eskubaratz 

      eta Inungaineko zelaietan ganadua zaintzen zuen 

      bitartean ikasi zuen dultzaina jotzen, belarriz. 

      Hala ere, Jose Antonio Elezkano dultzaineroak 

      hobetzen 

      lagundu zion. Hainbat erromeriatan parte hartu 

      zuen, Esteban Soloeta koinatua 

      lagun zuela danborrean. Azken urteetan, Sabin Bilbao semeak 

      lagundu zion danborra jotzen. I

      puin, atsotitz, esaera 

      zahar eta herri kanta ugari zekizkien, eta

       Jose Miel Barandiaranek eta Xabier Amurizak bildu zituzten.

    • Juan Aiesta (1893-1988). Bediako Aztegieta baserrian jaioa. 14 urterekin dultzaina jotzen ikasi zuen, Demetrio Artetxerekin. Lau urte geroago, Bizkaiko erromeriarik 

      ezagunenetan elkarrekin jotzen hasi ziren. Berrogei urtez jotzen ibili ondoren alargundu, eta erabaki zuen jendaurrean jotzeari uztea. 1978an, Jose Javier Abasolo Tiliño-k animatuta berriro hasi, eta hil arte jardun zuen. 

    • Juan Bilbao (1905-1991). 

      Mañariko Aldebaraieta auzoko Ortuoste 

      baserrian jaioa; artzaintzan aritu zen. 

      12 urterekin txirula eta txistua jotzen ikasi zuen,  autodidakta moduan erabat, ganadua zaintzen zuen 

      bitartean. Baina dultzaina jotzeko zaletasuna geroago piztu zitzaion, 

      1922an Melillan soldadutza egiten ari zela hildako

       Manuel anaiak jotzen zuen dultzaina heldu zitzaionean

      . Ordutik aurrera, bere

       kabuz ikasi, eta erromeria askotan parte hartu zuen. 

      Denbora luzez jo gabe egon 

      ondoren, 1970eko hamarkadan berriro ekin zion, 

      Karmelo Bilbao 

      semeak atabalarekin lagunduta.

  • TXISTUA. 
    • Jose Luis Etxebarria, 'Txelu' (1925-2015). 

      Begoñan jaio, eta, 6 urterekin, Begoñako Batzokiaren inguruan ikasi zuen dantzatzen. Gerraostean, euskal dantzak sustatzen aritu zen Dindirri, Gaztedi eta 

      Galdakaoko Andra Mari taldeekin. 

      Dantzak irakasteko musika beharrak 

      eraginda, solfeoa eta txistua ikasi zituen bere kabuz. Txistu metalikoa asmatu zuen, fabrikazioa errazteko eta merkatzeko 

      helburuarekin. Gainera, Bizkaiko dantzen 

      inguruko hainbat liburu argitaratu zituen.

    • Bonifacio Fernandez, 'Boni' (1924-2009). 

      Bilboko Urazurrutia kalean jaioa, lanbidez jostuna

      . Umetan musika ikasia zuen, eta 

      Santanderren (Espainia) soldadutzan zegoela ikasi zuen txistua jotzen, bere kabuz, Aita Hilario Olazaranen metodoarekin. 

      Gaztedi, Dindirri eta Etorki dantza 

      taldeekin aritu zen, besteak beste. Arrigorriagako Udaleko txistularia izan zen bost urtez. 1958an, Bilboko Udal Txistulari Bandako lehen txistu eta zuzendari hasi zen lanean, harik eta 1989an erretiroa hartu zuen arte. Argentinan eta Erresuma Batuan jo zuen, baita Vatikanoan ere, Balentin Berriotxoa kanonizatu zutenean.

    • Alejandro Aldekoa (1920-1996). 

      Berrizen jaio zen, eta 12 urterekin ikasi zuen txistua jotzen, Leon Laspiur txistulariarekin. Horretarako, solfeoa ikasi behar izan zuen Modesto Aranarekin. Dantzaria izan zen txikitatik. 1952an, Berrizko San 

      Lorentzo dantza taldea sortu zuen; 

      XVII. mendetik egiten den Berrizko dantzari 

      dantza bizirik iraunarazten duen taldea da. 

      Begoñako txistulari postua lortzear zegoela, 

      gerra hasi, eta etxea utzi behar izan 

      zuen. I

      tzultzean, armagintza tailer txiki bat

       sortu zuen etxe aurrean, eta txistua jotzeari ekin zion berriro. Plazako txistulari aritu zen Zaldibarren. 1973an, Serafin Amezua Berrizko udal txistularia hil zenean, Aldekoak ordezkatu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.