Arrazoi ezberdinak medio, denbora asko pasatzen dut azkenaldian San Mames inguruan. San Mames deitzen diot futbol zelaia, EHUren Ingeniaritza Eskola, EITBren egoitza, Bizkaiko Ogasuna, Basurtuko ospitalea, Bilboko autobus geltokia eta beste hainbat kontu inportante biltzen dituen inguruari.
Han inguruan mugimendu handia dago egunerokoan, eta aipatu ditudan eraikinetako zenbaitetan kontu garrantzitsuak kudeatzen dira. Eguneroko joan-etorri horietako batean, ordea, errealitate kolpe bat jaso nuen. Lagun batekin nengoen, metroaren eta tranbiaren arteko izkinan elkar agurtzen, bakoitzak zegokion garraioa har zezan. San Mamesko metro geltokiaren sarrerako eskaileren aurrean, ordea, Prosegurreko segurata bat zegoen sartu nahi zuten herritarrei bidea oztopatzen. «Zer egiten du hor?», pentsatu nuen. Gure hizketaldia bukatzen ari ginen bitartean, hainbat herritar ikusi genituen seguratarengana gerturatzen, eta pare bat hitz esan ondoren, erdi haserre buelta ematen. Antza, ezin zen metrora sartu. Arrazoia berehala jakin genuen: Athleticek jokatuko zuen San Mamesen, eta partida hasi baino 30 minutu lehenago ezin da San Mamesko geltokian metroa hartu. Atera baino ez. Partida ikustera joan baino ez. Hau da, San Mames bezalako hirigune batean arrazoi bakarra dago dena gelditzeko: futbola. Futbola, eta Athletic.
Istant batez gelditzen da, eta hori da axola duen bakarra. Hor dago fokua eta herritarrei egitea baimentzen zaien ekintza bakarra. Gu ezin gara metrora jaitsi, futbol estadiora doazenei metrotik ateratzen utzi behar zaielako. Ezin da futbol partidara berandu iritsi, inondik inora!
Batzuk San Mamesko partidara garaiz hel daitezen, gu berandu helduko gara etxegabetzeen aurkako manifestaziora
Futbolaren indarra. Zeinen gauza boteretsua, ahaltsua, izugarria. Eta, masaren parte ez bazara, itxaron egin beharko duzu. Haien denboretan mugitu, edo, bestela, partidarik ez dagoen tarteetan egin zereginak.
Zergatik baldintzatu behar du gure egunerokoa futbolak? Zergatik jakin behar dugu beti-beti noiz dagoen partida, eta, gainera, Athleticek irabazi ala galdu egin duen? Zergatik kudeatu behar dut nire ingurukoen aldarte aldaketa partida baten emaitzaren arabera? Futbol partida dagoenean hartzen diren neurri zehatzak topatzen saiatu naiz, baina ez ditut aurkitu. Ordea, Atheticek hurrengo partida noiz jokatuko duen jakiteko arazorik ez dut izan.
Herritar askok izugarri bizi dute futbola, eta Bilbon zein Bizkaian zale andana biltzen ditu. Bizi dute, baita emozioz bizi ere. Kontua da zer den zehazki emozioz bizi dutena, zer goratzen den, eta, bide batez, zer justifikatzen. Askotan erlijio kutsua hartzen diot futbolari, itsu-itsuan miresten den zera horren kutsua. Horrek arduratzen nau: zeri eta nori begiratzen diogun, eta zein arrazoi iruditzen zaizkigun hiri oso bat gelditzeko nahikoa. Eta zeintzuk, ordea, ez.
Aste honetan bertan familia bat etxegabetu dute Bilboko San Frantzisko auzoan. Bertan ziren segurtasun indarrak, atarian; etxekoak bortxaz kaleratzen eta babestera azaldu zirenenei sarrera bortxaz oztopatzen. Nahiko nuke futbolaren indarra beste arlo batzuetara hedatuko balitz. Bitartean, San Mamesen partida dagoen aldiro beste geltoki baten hartuko dugu metroa, eta, agian, batzuk partidara garaiz hel daitezen gu berandu helduko gara etxegabetzeen aurkako manifestaziora.