Desgaitasun fisiko edo organikoren bat dutenei laguntzeko hainbat elkarte daude Bizkaian. Fekoor federazioak koordinatzen ditu horietako hemeretzi, eta lan gatazka betean dabiltza, Fekoorreko langileek urtebete baino gehiago baitaramate lan hitzarmen propioa eskatzen, eta, oraingoz, behintzat, ez dute etsitzeko asmorik. 85 bat langileri eragiten die lan itunak. LAB sindikatuak deituta, 24 orduko baraualdia egin zuten hilaren 3an, goizeko hamaiketan hasita. Oraingoz, desgaitasunen bat dutenei laguntzen dieten langileen hitzarmenaren bidez arautzen dira Fekorreko beharginen lan baldintzak, Espainiako lan itun baten arabera alegia, baina Bizkaiko Foru Aldundia arduratzen da finantzaketa emateaz eta sektorea kudeatzeaz.
Desgaitasunen bat dutenei laguntzen dieten beste elkarte batzuek lortu dute lan hitzarmen propioa izatea: Gorabidek eta Apnabik, kasurako. «Fekoorreko langileon baldintzak nabarmen desberdinak dira beste elkarte batzuetakoekin konparatuz», adierazi du Susana Ruiz de Tapia LABeko ordezkariak. Izan ere, sektoreko beste behargin batzuek urtean 1.592 ordu lan egiten dituzte, eta Fekoor federazioa osatzen duten elkarteetako langileek, berriz, 1.660.
«Asko apaldu zaigu erosahalmena, eta, lan hitzarmen hau aplikatuta, ez dugu urrundik ere berreskuratu»
SUSANA RUIZ DE TAPIAFekoor federazioko LABeko ordezkaria
KPIaren araberako azken igoera 2020an izan zuten, %3,75ekoa. Ordutik aurten arte, izoztuta eduki dute soldata. Urtarrilean %10 igo diete soldata, Espainiako lan hitzarmenak agindu bezala. Langile taldeak, halere, salatu du 2020tik %20 igo dela KPIa. Beraz, igoera hori «ez da nahikoa», Ruiz de Tapiaren esanetan. «Asko apaldu zaigu erosahalmena, eta lan hitzarmen hau aplikatuta, ez dugu urrundik ere berreskuratu». Era berean, LABeko ordezkariak gaineratu du lan baldintzak ez direla hobetu: «Gure oinarrizko soldata Espainiako Estatuko lan hitzarmenekoa da, eta, oro har, gure lan baldintzak oso urrun daude sektoreko gainontzeko elkarteetako langileenetatik». Sindikatuak bidalitako oharrean gehitu dutenez, Espainian negoziatutako hitzarmeneko edukiak «ez datoz bat Bizkaiko bizi mailarekin».
Mobilizazio ugari
Aurreneko negoziazio mahaia 2023ko azaroan sortu zuten, eta Fekoorreko langileak ordutik ari dira lan hitzarmen propioa eskatzen. Ikusita ez zutela lortzen ados jartzea, mobilizazioei ekin zieten iazko irailean. Lanuzte ugari egin dituzte ordutik hona, eta abenduaren 3an, Desgaitasunaren Egunean, greba ere egin zuten. Otsailean egin dute azken mobilizazioa: 24 orduko baraualdia.
Mobilizazio zikloaren barruan, Fekoor federazioan pisurik handiena duen elkartearekin bildu dira: Adembirekin. Esklerosi anizkoitza dutenei laguntzen die Adembik, ia 50 profesionalen bidez. Era berean, bilerak egiten ari dira alderdi politikoekin. EH Bildurekin, Elkarrekin Podemosekin, EAJrekin eta PPrekin batzartu dira, eta PSE-EErekin biltzeko zain daude. Ruiz de Tapiak ontzat jo ditu orain arteko bilerak, eta iragarri du asmoa dutela Eusko Legebiltzarrean hitz egiteko txanda eskatzeko.
«Elkarteko kudeatzailearekin negoziazioak hasi genituen, baina haren proposamenak Espainiako Estatuko lan hitzarmeneko berak dira»
SUSANA RUIZ DE TAPIAFekoor federazioko LABeko ordezkaria
Aurrez, langileek bertan behera utzi zituzten Javier Gil Fekoor federazioko kudeatzailearekin 2023an hasitako negoziazioak. «Negoziazioak hasi genituen elkarteko kudeatzailearekin, baina haren proposamenak Espainiako Estatuko lan hitzarmeneko berak dira», txarretsi du Ruiz de Tapiak. Bizkaiko Hitza Fekoorreko zuzendaritzarekin harremanetan jarri da, baina federazioaren ordezkariek ez diote azalpenik eman nahi izan gaiaren inguruan.
Langileek Amaia Antxustegi Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatuari ere eskatu diote negoziatzeko. Izan ere, langileek salatu dute Antxustegi Gilekin bildu izan dela. Langileek ez dute foru diputatuaren erantzunik jaso. Ruiz de Tapiak esan duenez, berriro eskatuko diote langileekin negoziatu dezala.
Desgaitasunen bat dutenei laguntzeko enpresen kudeaketa aldundiko Gizarte Ekintzako Sailaren ardurapean dago. Dena den, sindikatuak ohartarazi duenez, Fekoorrek ematen duena «pribatizatutako zerbitzu publiko bat» da: «Elkarte guztiok uste dugu ematen dugun zerbitzuak publikoa izan beharko lukeela».