Iraide Somarriba (Gernika-Lumo, 1973) eta haren ahizpak umetatik ibili dira sukaldean gurasoekin: Sopelako Gardoki jatetxean eta Ander Deuna ikastolan dirua biltzeko egiten zituzten bazkarietan, berbarako. Azken hogei urteak Urdulizko Regi jatetxeko sukaldean egin ditu; Maitane ahizparena eta biena da. Ez da damutzen, lana asko gustatzen zaio eta, baina zalantzak ere izan ditu azken urteetan: «Noiz edo noiz galdetu diot neure buruari aurrera jarraitu edo ez. Ondo pentsatuz gero, ez du konpentsatzen alabaren hazkuntzan hor egon ez izana. Askotan esan dit nire falta sumatzen duela, eta etxean geratzeko ere eskatu izan dit sarritan».
Ikusi gehiago
Zelan hasi zinen sukaldean? Nondik sortu zitzaizun zaletasuna?
Aita sukaldaria zen, petroliontzietako maiordomoa. Etxean taberna bat genuen. Ikastea ez nuen gustuko; beraz, lanean hastea erabaki nuen. Ez zegoen beste aukerarik.
Non ikasi zenuen?
Aitarekin eta etxeko negozioan. Ostalaritza eskolara ere joan nintzen, eta, gero Martin Berasategirenean egon nintzen zortzi hilabetez.
Zelan gogoratzen duzu esperientzia hura?
Gogorra izan zen, baina benetako sukaldaritza ezagutzeko balio izan zidan. Asko ikasi nuen: diziplina, ordena... Etxean lan egina nuen, baina goi mailako jatetxe batera joan nintzen. Soldaduska egitearen modukoa izan zen, baina sukalde batean. 23-24 urte izango nituen orduan. Han hasi nintzen udan, 52 pertsona geunden sukaldean.
Zenbat emakume zineten?
Galiziako andre bat, Frantziako beste bat eta hirurok. Lanari eta esfortzuari esker, geure lekua egin genuen. Ni ikastera joan nintzen hara, ez nuen geratzeko asmorik. Beraz, anbizio handirik ere ez. Bizkaitarra naiz, eta hemen bizi gura nuen. Agian ez zitzaidan inportako beste jatetxe batera ikastera joatea, baina etxera itzuli behar nuen, etxeko negozioaren kargu egin behar genuen eta.
Zuen amak Urdulizen zeukan Regi tabernaren kargu egin zineten Maitane ahizpa eta biok.
Hemen egin ditugu hogei urte luze. Hasieran, goiko partea geneukan, eta Maitanek eta biok behekora ere zabaldu genuen gero.
Zergatik egin zineten etxeko negozioaren kargu, inertziaz edo gustuko zenutelako?
Zintzoa izango naiz: niri asko gustatzen zait ostalaritza. Maitanek ez zekien zer egin, eta probatzea proposatu nion. Dirudienez, gustatu egin zitzaion, baina niri baino gutxiago, nik uste dut.
«8 urte ditu alabak, eta inoiz ezin izan naiz joan haren eskolako Gabonetako ikuskizunetako bat ikustera»
Foru aldundiak, Euskal Gastronomia Akademiak eta Deustuko Unibertsitateak egindako ikerketa baten arabera, kontziliazioa da emakumeok goi sukaldaritzara ailegatzeko dituzuen arazo nagusietako bat.
Kontziliatzea ezinezkoa da, ez da existitzen halakorik. Kontziliatzea lor dezakezu, egoera zein den. Adibidez, pentsatu [Eneko Atxaren] Azurmendin [Larrabetzu] sukaldari ari zarela, eta 10:00etatik 18:00etara izaten duzula txanda. Tira, hala bada, bideragarria izan daiteke. Baina zure negozioa baldin baduzu, hipoteka ordaindu beharra, alokairua, ardura pila bat..., ezinezkoa da. Ez zabaldu jatetxe bat zortzi orduko laneguna izango duzula pentsatuz. Ostalaritzan sakrifizioa baino ez dago: ordu pila batean egin behar da lan.
Zu ama zara. Zelan moldatu zara?
Zoritxarrez, ni oso gutxi egon naiz alabarekin: nire bikotekidea egin da haren kargu. 07:30ean uzten dut umea autobus geltokian, eta etxera nekez ailegatzen naiz 21:00etan afaltzeko. Bikotekideak afaria prest izaten du. Erditu eta hamabost egunera lanean nintzen berriro. Alabak 8 urte ditu, eta inoiz ezin izan naiz joan haren eskolako Gabonetako ikuskizunetako bat ikustera, barikuan izaten da eta. Ezta iloba baten jaunartzera ere: jatetxea zarratzen ez baduzu, ezin zara joan. Izan ere, gaur egun ezinezkoa da lantalde sendo eta egonkor bat osatzea ostalaritzan. Inork ez du lanik egin gura asteburuetan. Bizkaiko ostalaritza eskoletako ikasleetatik %10 baino ez dabiltza ostalaritzan ikasketak bukatu eta bost urtera. Telebistan ikusteko oso lanbide ederra da, baina errealitatea oso sakrifikatua da.
Ikusten duzu kontziliazioa errazteko modurik?
Arazoa ekonomikoa da: kontuak ez dira ateratzen. Ez dugu laguntza ekonomikorik. Autonomook zerga pila bat ordaintzen dugu. Orain 37 orduko lan astea ezarriko digute. Nire langileek berrogei ordu egiten dituzte, eta nik, laurogei. Hiru lagunen lana egin behar dut: ezin dut beste inor hartu. Negozio txikietan oso zaila da aurrera egitea. Kaltzifikazio bat izan dut sorbaldan, eta lanean jarraitu behar izan dut, administrazioek ematen dizkiguten laguntzekin ezinezkoa baitzen atseden hartzea.