Edozein markinarri, xemeindarri edo etxebarritarri paseatzeko gonbita eginez gero, guztiek joko dute Etxebarriko bidegorrira (Lea-Artibain, ez Hego Uriben). Eta, ez dugu arrazoirik falta, zoragarria baita bidegorri horren bista, parajea. Errekondotik, gora eta behera doa, asto eta ardien albotik, baserri zahar eta txalet eraberrituen artetik. Postal batean sentitu daiteke, kasik, bisitaria. Visit Basque Country letrak baino ez zaizkio falta bidean dauden ehunka seinaleei.
Egiari zor, azkenaldian erdi galduta daukat bertara joateko ohitura, baina noanero darabilt ideia bat buruan, eta lehengo egunean Euskadi Irratian entzun nuen tertulia batek klik moduko bat egin zidan, eta bi ideiak lotu nituen. Han baserri munduko jendeak bere esperientziatik berba egin zuen, eta jasandako bazterkeria plazaratu zuen. Inor gutxik ukatuko du hori horrela dela, denok ikusi dugu nola baztertu den baserriko jendea. Denok ikusi dugu, baita ere, nola baztertu den baserria bera; ondo gogoratuko dute otsailaren 9an Bilboko Areatzan izan zirenek.
Baina, gutxienean, ironikoa da landa eremuko biztanleak eta bereziki baserritarrak baztertu eta ahaztu dituzten kargudun politikoak izatea idealizazio eta folklore ariketa sakon hori egiten dutenak. Eta hori diodanean, Visit Euskadi delako kanpainez ari naiz, eta baserria eta bere ingurune guztia gure herriaren, eta, bereziki, gure ohituren eta ahaideen senaren sinonimotzat aldarrikatzen duten gorbatadunez.
Hasi beharko genuke gure herriaz berba egiten dugunean, gure ustezko sustrai sakratu horiei begiratu beharrean, begiak gure errealitatean edo, are, etorkizunean jartzen.
Eta hori pentsatzen joaten naiz Etxebarriko bidegorrian barrena noanean, Ahaztuen Oroimenaren seinaleak irakurtzen, ur jauziaren zarataz gozatzen. Harik eta zarata eta usain zakar batek nire pentsamenduetatik ateratzen nauen arte, eta errealitatearekin topo egiten dudan arte: fabrika baserrien musturren parean. Eta orduan konturatzen naiz irudi hori, fabrika, auto eta langileen joan-etorriarena, askoz ere fidelagoa dela gure herria saltzeko orduan baserria, abarkak eta belar meta baino.
Testu hau ez da, inondik inora ere, baserriaren kontrakoa, edota datozen postal turistikoetan Zamudioko parke teknologikoko argazkiak jartzearen aldekoa (ez, mesedez). Baina, agian, hasi beharko genuke gure herriaz berba egiten dugunean, gure ustezko sustrai sakratu horiei begiratu beharrean, begiak gure errealitatean edo, are, etorkizunean jartzen.
Gomutan dut zelan duela urte pare bat Markina-Xemeinen entzun nuen lauzpabost urteko ume txiki bat anaiari berbetan, horman ikusi zuen pintada baten harira. Begiratu nuen, eta ikusi nuen duela urte mordoa pintatutako Segiko izar bati buruz ari zela. Anaiari esan zion: «Begira, Maroko». Haur hark bere herriaren historian bere arbasoen herriaren bandera ikusi zuen. Txiolaria banintz #mikroipuina traolarekin utziko nuke azken paragrafo hau, baina egoera hori ez denez, zera esanda amaituko dut: Euskal Herria baserria den beste dira fabrika eta atzerritarrak eta atzerritarren seme-alabak.
P.D.: eta akabo nire zutabe intentsoak; hurrengoan gai lasai bati buruz idatziko dut, sukaldaritzaz edo nik zer dakit.