Aktorea

Jon Ander Urresti: «Egiten duzu obra bat zure maitasun guztiarekin, uste duzu ondo dagoela, baina gero ez dago taularatzeko behar beste plazarik»

JON ANDER URRESTI
MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2023ko abenduaren 4a
05:00
Entzun

Gerediagak ematen duen sormen beka irabazi zuen Jon Ander Urresti (Bermeo, 1992) aktoreak iaz, eta abenduaren 8an taularatuko du haren emaitza den Eucalyptus lana, Durangoko Azokako Szenatokian, San Agustin kulturgunean. Udalbiltzako Guretik sortuak beka ere jaso du, eta lanaren estreinaldi ofiziala Aulestin egingo du; beraz, Durangokoa aurrestreinaldia izango dela esan du. «Hau izango da proba bat, ikusteko egin dugun horrek zer harrera duen, funtzionatzen duen, egokitu behar dugun... Erakustaldi batzuk egin ditugu ogibideko jendeagaz, eta, oraingoz, feedbacka oso ona izan da, baina benetako plaza batean erakutsi arte ezin da jakin».

Eucalyptus obraren lehen erakustaldi hori Durangon eta azokan egitea ez da edonon egitea, ezta?

Oso plaza berezia da. Normalean aurrestreinaldiak leku babestuetan egiten dira, ez hain agerikoetan, eta, urduritasun aldetik, plus bat ematen dio. Baina plaza oso ona da: Durango, berez, ez da edozein plaza, eta, azokan bada, zer esanik ez. Komunikazio maila askoz hobea da beste leku batzuekaz alderatuta. Sinbolikoki, oso ironikoa da eukaliptoari buruz egitea antzezlana, eta liburu azoka batean aurkeztea, papera nagusi den lekuan.

Besteak beste, Gerediagaren beka eta Udalbiltzakoa izan dituzu lan honetarako. Antzerkia sortzeko euskaraz badago laguntza nahikorik?

Bakoitzak bere esperientzia izango du. Espainia aldeko beste leku batzuekaz konparatuta, hemen sortzeko nahiko erraz dagoela esango nuke. Nik, behintzat, lortu izan dut, lan asko eginda; beste leku batzuetan lan eginda ere ez duzu lortzen. Beti dago deialdiren bat edo erakunderen bat laguntzeko. Arazoa izaten da salmenta. Egiten duzu obra bat zure maitasun guztiarekin, uste duzu ondo dagoela, feedback ona jasotzen duzu, baina gero ez dago taularatzeko behar beste plazarik. Oso zaila da gira luze bat egitea. Jendeak lana ikusi nahi du programatu aurretik. Hori da dugun arazorik handiena. Mugitzen diren gauzak beti dira betiko lau konpainien ikuskizunak. Areto berriei gehiago kostatzen zaigu.

«Euskal Herrian ezinbestekoa da aktoreak sortzaile lanetan ere ibiltzea; bestela, oso gaitza da irautea».

Izenburuak dioen moduan, eukaliptoak dira protagonistak. Zer gogoeta sortuko dizkiote ikusleei?

Hainbat gai aterako dituzte. Baina, batez ere, lan harreman toxiko baten istorioa da, hori delako gure ustez eukaliptoarekin dugun harremana. Obrako bi pertsonaiek hori ordezkatzen dute. Batek boterea ordezkatzen du, jabetza pribatua, lurjabe handia da; bestea langilea da, gazteagoa da, jarrera ekologikoagoa dauka, gauzak zalantzak jartzen ditu, baina, aldi berean, idealizatuta duena basoa. Askotan hori gertatzen da, baina XIII. mendetik aurrera Euskal Herrian ia ez da egon basorik eta XIX. mendetik aurrera pinuak bete zuen dena. Agertzen den beste gai bat da kontsumoa: gatazka honetan ardura ezberdinak daude, eta hirietatik erraz epaitzen dute basoetan zer egin daitekeen, uste dutelako ez dutela zer ikusirik basoetan, baina kontsumitzen duten paper eta kartoi guztia, eukaliptotik eratorrikoa da. Momentu ekologikoagoak ere baditu lanak. Daukagun joera sortzeko paisaje hegemoniko bat hainbat arlotan. Asko dira gogoetak.

Taldean nortzuk zaudete?

Oholtzan Beñat Urrutia dantzaria eta ni egongo gara. Matxalen de Pedro ibili da zuzendaritza eszenikoan; Nerea Ibarzabal, testuagaz laguntzen, soinuan, Asier Renteria... Talde majoa lortu dugu, Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoak ere diru laguntza eman digulako.

Aurretik Tribiz baserri galdua ere sortu zenuen, gradu amaierako lanetik. Ez dakit kanpoan ere hala den, baina Euskal Herrian sarri ikusten dira aktoreak sortzaile lanetan ere.

Ezinbestekoa da, bestela oso gaitza da irautea. Zortea, talentua edo dena delakoa delakoagatik gutxi batzuk beti dute proiekturen bat, baina ez da erraza. Nik ere zortea izan dut, beti aktore ibili ahal izan naizelako. Baina egin behar duzu prest egon beste batzuentzat, beti castingak egin, ezezko pilo bat jasotzeko, zure sormen lanak sortu hutsune sasoiak bete, antzerki eskolak... Aldi berean, lanak sortzea bada nahi dituzun mezuak helarazteko modu bat ere. Zerbait kontatzeko grina duzunean, eskura dituzun tresnak erabiltzen dituzu, eta nire kasuan antzerkia da. Egia da askotan egin nahi izango ez zenituzkeen lanak egin behar izaten ditugula. Dirua banu komunikazioa, diru kontuak eramate eta hori guztia egiteko norbait hartuko nuke, baina, gaur-gaurkoz, nik egin behar dut den-dena, eta oso nekeza da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.