Ibiltzeko makulu baten laguntza behar duen arren, burua oso argi du Ander Manterola Aldekoa etnografo eta abadeak (Zeanuri, 1934). Ibilbide oparoa egin du Elizari eta euskal kulturari lotuta. Eusko Ikaskuntzan ardura postuetan ibili da, Etniker taldearen Euskal Herriko Atlas Etnografikoaren arduraduna da, Labayru fundazioaren buru izan da urte luzez, eta hango Euskal Biblioteka sortu zuen. Hain zuzen ere, Ander Manterola izena ipini berri diote bibliotekari. Hainbat arlotan erretiroa hartuta, elizbarrutiak Bilboko Abando auzoan duen egoitzan bizi da, beste hainbat abaderekin. Besteak beste, Lekeitioko Zine Bileraren sortzaile Benito Ansola du bizilagun. «Zinema emanaldiak antolatzen dizkigu hilean behin».
Zer da Euskal Biblioteka?
Euskal gaiak ikertzeko eta aztertzeko sortu nuen. Gutxitik hasi ginen, baina hazi egin zen. 70.000 liburuki izango ditu. Horrez gainera, agiri edo dokumentazio zentro handi bat dauka. Hor denetarik dago. Gehienbat, Euskal Herriari eta, batez ere, Bizkaiari gertatutako gauzak dira. Orain otu zaie nire izena jartzea; baina izenak inportantzia txikia dauka, edukiak dauka inportantzia.
Baloratzen da edukia?
Ez nik nahi nukeen beste, baina baloratzen da. Tesiak eta ikerlanak egin dira. Gaur egun, nik uste nuen baino gutxiago ikertzen da euskal historiari, etniari, hizkuntzari buruz. Gainera, katalogatu egin dugu. Internet bidez ere heldu daiteke katalogora. Dokumentazioa ez dago guztiz katalogatuta; zailagoa da. Komeni da katalogatzea, biblioteka bat ez baitira liburuak bakarrik, baizik eta liburuak sailkatuta izatea, eta jakinik non aurkitzen diren eta zerk zegaz daukan hartu-emana. Sailkatu barik biltegi bat baino ez da.
Zelan sortu zenuten biblioteka?
1970. urtean sortu zen. Urte hartan hasi genuen guk [Derioko] seminarioan udako euskal ikastaroa. Euskaldunentzat zen. Ez zen euskara irakasteko; hara zetozenek denek zekiten euskara. Euskara lantzeko eta aztertzeko zen: gramatika eta literatura ezagutzeko. Irakasleentzat liburu batzuk behar genituen, eta horrela hasi zen biblioteka. Hasi nintzen liburuak pilatzen, sailkatzen. Liburuak etorri ahala, haziz joan zen. Ikastaroa ere asko ugaritu zen. Hasi eta hamabosgarren urtean, 1985ean, zazpiehun ikasle izan genituen. Andereñoak ziren gehienbat. Abadeei gertatzen zitzaiena gertatzen zitzaien andereñoei: euskara bazekiten, baina sekula ez zuten landu. Ikastaroan bide bat topatu zuten. Hamabost egunekoa izaten zen, baina ehun ordukoa. Bost maila zituen. Beraz, guztira bostehun ordukoa zen. Andereñoentzat oso ondo zegoen. Bizkaitik hasi ginen, bizkaieraz. Gero gipuzkera eta lapurtera ere gehitu genituen. Gaurko idazleetatik hasi ginen, eta klasikoekin jarraitu.
Nortzuk ibili zineten irakasle?
Karmelo Etxenagusia, Mikel Zarate, Lotxo Zugazaga eta beste batzuk, ni neu tartean. Gero gehiagotu egin zen: ikasleak eurak irakasle egiten ziren. Azkenean, 50 irakasle inguru izango ginen ikastaro bakoitzean.
Zuri nondik datorkizu euskaltzaletasuna?
Euskalduna naizelako. Nire etxean ez da maitatu bakarrik egin euskara, idazleak ere egon dira. Gerraurrean gure aita [Txomin Manterola] Euzkadi egunkariaren korrespontsala zen Zeanurin. Baserritar bat ezizenagaz sinatzen zuen. Eskolatu barik zegoen, eta Kirikiñok zuzentzen zizkion kronikak. Kirikiño hil zenean, Lauaxetak. Horregatik, hartu-emana izan dugu beti idazleekaz. Gure osaba bat, Gabirel Manterola, abadea zen. Ekin aldizkaria zuzentzen zuen; astekaria zen. Diktadura etorri zenean hori dena desagertu egin zen. Etxeratu egin zen euskara, eta etxean egiten genuen. Irakurtzen genuen zerbait, baina ez gehiago. Hortik sortu zen nire zaletasuna.
«Abadeei gertatzen zitzaiena gertatzen zitzaien andereñoei: euskara bazekiten, baina sekula ez zuten landu»
Baina, diktadura gorabehera, zuk euskarari lotuta jarraitu zenuen, ezta?
Baina etxean bakarrik. Seminarioan ez genuen ezer eman euskaraz. Lehenengo Arteagara joan nintzen. Gero, Gasteizera: lehen urte bietan Humanitateak ikasi nituen; beste hirutan, Filosofia; eta lau urtez, Teologia. Norbaitek ematen zuen liburutxoren bat irakurtzeko, baina ofizialki ez zegoen euskararik seminarioan.
Abadegaien artean euskaldun asko egongo zineten. Ez zenuten pentsatu zuen artean zerbait sortzea?
Nik etxerako kartak idazten nituen. Ez genekien euskaraz idazten; ez ortografiarik, ez ezer. Etortzen zen moduan idazten genuen. Hori da onena, e? Hortik hasi behar da. Etortzen den moduan idatzi behar da: ahotik eskuetara. Bizitasuna hor dago. Idatzizko hizkuntza hizkuntzaren errepresentazio bat da. Liburu bat zabaltzen ez baduzu, hilda dago. Behar du norbaitek irakurtzea. Horregatik, euskara bizia da batez ere zaindu behar duguna. Ez dezagun esan sekula ere «hori euskara txarra da». Euskararik txarrena erdara da. Euskara bizi behar dugu, bizitza bera euskaraz bizit izanda.
Bizitasuna galdu du euskarak?
Euskara asko hobetu da ofizialki. Horrek babesa ematen dio. Baina gizartean ez dakit hobera egin den. Lehen bazeuden herri batzuk, non haietan bizi ziren guztiak euskaldunak ziren. Euskaraz ez zuten egiten eskolan; euskaraz maitemintzen ziren, jokatzen zuten, haserretzen ziren, egiten zuten barre edo negar. Hori da euskaraz bizitzea. Horretan beharbada ez da hobera egin. Ofizialki, bai, eta entzun ere gehiago egiten da: irratiak, telebista, zinema... Denetarik dago euskaraz. Baina euskaraz gutxiago bizitzeak bizitasuna kentzen dio euskarari. Ahozkoak aberasten du hizkuntza bat, bizitzari lotutako berbek. Bestela, latinaren modukoa izango da: hildako hizkuntza bat. Arima faltako du.
Kalean ere gehiago entzuten da.
Jende askok daki. Nik neure probak egiten ditut. Ni hemengo edozein bulegotara joaten banaiz, eta 25 urtetik beherako gazte bat ikusten badut, euskaraz egiten diot. Euskara jakingo du, eta poztu egiten da euskaraz egin diodalako. Zergatik? Euskalduntzat hartu duzulako. Hori ere badago. Lehen alderantziz gertatzen zen: «Nahiago dut erdaraz egin», esaten zuten.
Arteagako eta Gasteizko seminarioetan ez zenuten euskararik. Ostera, Deriokoan udako euskal ikastaroa sortu zenuten. Zer aldatu zen?
Salto handia egin zen. Batez ere, gero gotzain izango zen Karmelo Etxenagusiak eman zuen. Bera hasi zen euskarazko eskolak ematen seminaristei. Giroa bera ere aldatu zen; Franco azkenetan zegoen. Ez zen horrenbesteko gorrotoz ikusten euskara. Euskaldun ez zirenek ere ikusten zuten euskarak balioa daukala, gure ondarea dela. Euskarari buruzko usteak aldatu ziren. Elizan euskararen aldeko joera bat zegoen. Elizak zaindu du ondoen euskara, e? Hori horrela da. Beste leku guztietan erdara hutsean egiten zenean, elizan euskaraz egiten zen. Baina ez bakarrik orduan, baita XVII. eta XVIII. mendeetan ere. Euskaraz predikatzen zen, doktrina euskaraz irakasten zen. Baina epaitegietan ez zen euskararik egiten. Mediku euskaldunen batzuk erabiliko zuten, baina gehienek, ez. Ez geneukan unibertsitaterik. Ez zegoen euskara goi mailara igota. Hori guztia da gure historia. Euskararen historia tragikoa da. Baina aterako da. Nekez, baino egingo du aurrera; ez da galduko.
Eusko Ikaskuntzan ardura postuetan ibili zinen. Etnikerren ere bai. Jose Migel Barandiaranek eroan zintuen, ezta?
Eusko Ikaskuntzan hamabi urte egin nituen. Bizkaiko ordezkaria nintzen. Etniker On Jose Migelen proiektua zen. Bizkaiko ardura hartu nuen nik. Gero, Barandiaran hil zenean, zuzendari izendatu ninduten. Gure lanik handiena da Euskal Herriko Atlas Etnografikoa. Asko gara lan horretan sartutakoak. Uste dut hirurogeiren bueltan ibiliko garela Euskal Herri osoan. Lan praktikoa zen. Hartu koadernoa, eta inkesta bat egin behar da: hartu datuak, nortzuk, zenbat, non, zelan... Esan didate guk uste baino gehiago aipatzen dela Atlasa. Gaur egun Interneten dago, eta mundu guztian erabiltzen da jakiteko benetako Euskal Herria zein den bere ohituretan.
«Elizak zaindu du ondoen euskara. Beste leku guztietan erdara hutsean egiten zenean, elizan euskaraz egiten zen»
Galtzen ari da Atlasean bildu duzuen Euskal Herri hori?
Aldatzen. Gauza batzuk galtzen, baina beste batzuk irabazi ditugu. Esaterako, lehen euskara baserrietako eta herrietako hizkuntza zen, eta gaur egun hirietan ere egiten da. Etnografikoki Euskal Herria asko aldatu da, eta hamarkada gutxian. Bizimodu batzuk galdu egingo dira. Baina jakin dezakegu zelan izan den hori.
Zelan sartu zinen abade?
Mezamutil izan nintzen Zeanurin. Asko gustatzen zitzaidan intsentsuagaz-eta ibiltzea. Osaba bat ere abadea zen. 11 urtegaz sartu nintzen. Aita pozik jarri zen, baina ama, oso pozik. Urteak joan ahala, gero eta gehiago ikasi eta konbentzimendu handiagoa izan nuen. Krisiak ere egoten dira. Abadetza ez da beti ogi samurra jatea.
Eliza ere asko aldatu da, ezta?
Asko, eta Elizak ere asko galdu du. Jendea ere urrundu egin da Elizatik; batzuk Jaungoikoarengandik ere bai. Baina denok goaz Jaungoikoarengana.
Besteak beste, Comillasen, Sorbonan eta Lovainako unibertsitateetan ikasi duzu, eta ikerketan ibili zara. Aldi berean, hainbat parrokiatan izan zara abade; gehienbat, Zeanurin, Ipiñaburun. Non edo zertan ibili zara gusturen?
Parrokietan, zalantza barik. Ipiñaburun [Zeanuri] eta Zamudion. Durango ere bai. Leopoldo Zugaza, Gurutzi Arregi eta beste lagun handia batzuk egin nituen han, baina nahaste batzuk ere izan nituen. Isuna ipini zidan gobernadoreak: 35.000 pezeta. Esan nuen ez nuela ordainduko, eta autoa kendu zidan epaileak. Zaldi biko bat nuen. Jendeak asko lagundu zidan: beste zaldi biko Citroen bat erosi zidaten. Egon den autorik onena da. Azkenik, 35 urte egin ditut Ipiñaburun, etxean: domeka eta jai egunetan meza ematen nuen, gaixoak laguntzen nituen... Jendeagaz tratuan egoteak ematen dit bizitasuna. Umetxoak eta edadekoak ezagutu. Denek dute jakituria itzela. Ezin da esan «hau ezjakin bat da». Ezjakina? Eta zelan bizi izan da 90 urte...
MOTZEAN
Liburu bat?
Lauaxetaren Arrats-beran irakurtzen ari naiz orain, baina Labayruk egindako edizio berrian: gaurkotu egin dute. Lauaxeta asko maite dut.Kanta bat?
Sinner Man. Bekataria, ingelesez. Ez naiz kantaria, eta hori etorri zait lehenengo burura. Uste zenuen euskarazko bat esango nuela? Ba, Gernikako arbola.Leku bat?
Etxea, Zeanurin. Etxea daukagu han, aitarena. Aita dendaria zen, eta gu kalekoak gara. Ama, errotakoa, Errotabarrikoa. Errota utzi zigun; oso maitea dut, leku ederra da.Atzerrian?
Erroma. Hamar-hamabi bider joan naiz oporretan uda aldean. Aztertzea gustatzen zait: muinoak, elizak, tokiak... Historia guztiaren laburpen bat da.Berba bat euskaraz?
Ez dut sekula pentsatu horretan. Aberria; asaben herria da.