Zirikako liburuzaina eta Zirikaren sortzaileetako bat

Idoia Ugalde eta Gontzal Martinez de la Hidalga: «Euskaraz egindako saiakera gutxi dago, eta itzulitakoa, ia batere ez»

Bilboko Zirika herri guneak liburu denda indartu du. Bertan, liburu kritikoak saltzeaz gain, herri mugimenduak bildu eta elkarlanean aritzen dira.

Idoia Ugalde Zarate eta Gontzal Martinez de la Hidalga Zirika herri gunearen aurrean, atzo. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Idoia Ugalde Zarate eta Gontzal Martinez de la Hidalga, atzo, Bilbon, Zirika herri gunearen aurrean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
irene baranano
2024ko urriaren 7a
05:00
Entzun

Bilboko Zazpikaleetan dago Zirika herri gunea; Erronda kalean, hain zuzen. Kanpotik, liburu denda bat dela irudi lezake, baina ez da hori bakarrik. Komite Internazionalistak sortu zuen 2013an, bere lokala izateko, baita Mekauen konpartsa internazionalistaren biltegi zein egoitza izateko ere, eta herri mugimenduen topaleku gisa erabiltzeko esparru autogestionatua ere bada. Gontzal Martinez de la Hidalga (Bilbo, 1969) Komite Internazionalistak erakundeko militantea da, eta Zirikaren sorreran izan zen. Lokalaren historiaren inguruko bitxikeria asko dakizki. Idoia Ugalde Zarate (Bilbo, 1993), berriz, Zirikako liburuzaina da; liburu denda kudeatzen du, baita bertan antolatzen diren bilerak, jardunaldiak eta tailerrak ere, besteak beste.

Nola eta zergatik sortu zen Zirika herri gunea?

GONTZAL MARTINEZ DE LA HIDALGA: Zirika sortu baino lehen, Komite Internazionalistakeko kideok Mallonako galtzadetan genuen lokala, orain 97 irratia eta Sumendi osasunaren autogestiorako elkartea dauden tokian. Nolanahi ere, guk hona salto egin genuen beste proiektu honekin, Mallonako galtzadetatik kalera jaisteko eta publikoki handiagoak izateko.

Zergatik aukeratu zenuten leku hau?

MARTINEZ DE LA HIDALGA: Hamarkada askotako tradizioa du lokal honek. Zirika izan baino lehen, Gatazka kolektibo anarkistaren egoitza zen, eta liburu denda kritikoa zuten. Proiektu horrek urte asko iraun zuen. Horren aurretik, gainera, Likiniano elkarte anarkistaren lokala izan zen.

Zer-nolako ekintzak egiten dira hemen?

MARTINEZ DE LA HIDALGA: Herri mugimenduen asanbladak, hitzaldiak, jardunaldiak... Azken urtean, Palestinaren aldeko elkartasuna ere hemendik mugitu dute hainbat taldek, Kurdistanen eta Venezuelaren aldeko plataformak izan ditugu, eta beste hainbat ekitaldi antolatu izan dituzte zenbait kolektibok. Beste ekimen bat: hamar urte-edo daramatzagu tarteka Potemkin zineforuma antolatzen zinema onari buruzko hausnarketa kritikoak egiteko eta kontzientzia sortzeko zinemaren bitartez. Hilero egiten genuen, eta iaztik 7Katu gaztetxearekin batera egiten dugu, Zirikatu izenarekin; hilabete bakoitzean, batek proiektatzen du filma.

IDOIA UGALDE ZARATE: Zirikaren beste proiektu bat zera da, irakurle talde feminista bat sortzea orain, modu autogestionatuan. Informazioa zabaldu eta ardurak banatzeko prozesuan gaude.

Azken urtean aldaketa garrantzitsua egin duzue liburu dendan.

MARTINEZ DE LA HIDALGA: Iaz, pisu handiagoa ematea erabaki genuen. Betiko ekitaldiak egiten jarraitzen dugu, baina liburu denda handituta eta ardatz bihurtuta. Horrexegatik sartu da Idoia, liburuzain.

UGALDE: Lehen, eskaintza kontu handiz aukeratzen zen. Saiakerara jotzen genuen, batez ere, eta argitaletxe txikietako aleekin lan egiten genuen. Orain ere gure liburuek ikuspuntu politikoa dute, argi eta garbi, baina eskaintza askotarikoagoa da. Baina liburu denda kritiko baten parametroak zaintzen ditugu, noski.

«Lehen, eskaintza kontu handiz aukeratzen zen; saiakera genuen, batez ere. Orain ere gure liburuek ikuspuntu politikoa dute, argi eta garbi, baina eskaintza askotarikoagoa da»

IDOIA UGALDE ZARATEZirikako liburuzaina
Zeren arabera aukeratzen dituzue liburuak?

UGALDE: Lehen, gehienbat, ikasketa kritikoetako argitalpenak aukeratzen genituen, baina, gaur egun, filtro hori zabaldu egin dugu. Esate baterako, haur literatura gehiago dugu. Haur literatura ere politizatua izan daiteke, eta hori zaintzen dugu.

Haurrentzat zer duzue?

UGALDE: Txoko bat dugu haur literaturarekin, eta ekintzak egiten ditugu. Adibide bat jartzearren, Euskaraz, zergatik? liburuaren egile Maitane Nerekan filosofoak tailer bat egingo du abenduaren 3an, haurrak filosofiara hurbiltzeko, euskara ardatz hartuta.

Euskara sustatzeko bidean bilakaerarik ikusi duzue Zirikan?

MARTINEZ DE LA HIDALGA: Zirikaren identitatearen ezaugarri nagusietako bat da hasieratik, Bilbon gaudela kontuan izanda betiere. Bilbo plaza garrantzitsua da, baina plaza zaila. Bestalde, euskaraz idatzitako saiakera gutxi dago, eta itzulitakoa, ia batere ez. Horren inguruko hausnarketa egin behar dugu. Administrazioa oso gutxi egiten ari da euskarazko literatura sustatzeko. Urtean behin literatura unibertsaleko sari bat itzultzen dute, eta uste dute horrekin nahikoa dela. Kristoren hutsunea dugu, saiakera nagusiak ez baitaude itzulita: Chomsky ez dago euskaraz, Marxen Kapitala ere ez, Frantz Fanon 1970eko hamarkadan itzuli zen...

UGALDE: Euskaraz gutxi argitaratzen da, eta, bitartean, gazteleraz gauza oso interesgarriak sortzen dira. Euskarak munstro oso boteretsu baten aurka egin behar du. Eskerrak Katakrak, Txalaparta eta antzeko proiektuak euskara bultzatzen ari diren, baina asko dago egiteko. Orain, liburu denda handiagoarekin haur literatura eta eleberri gehiago edukita, euskara areagotzea lortu dugu. Hausnarketa egitean, zera pentsatu genuen: euskaraz klasikoak eta idazle gazte askoren lanak daudela, eta horiek eduki behar ditugula; halere, gutxi dira.

Zer eman dizue Zirikak?

MARTINEZ DE LA HIDALGA: Adibidez, Zirika sortu eta urte batzuetara, erreforma egiteko crowdfunding bat egin behar izan genuen, eta arrakasta handiz lortu genuen erreforma egitea. Polita izan zen: bultzada ekonomikoa eta morala eman zigun. Batzuetan, bakardadea sentitzen duzu horrelako proiektu batean, talde txiki batekoak gabiltzalako bultzatzen, nahiz eta jende askok erabili. Baina, gero, jendearen laguntza ikustea oso hunkigarria izan zen.

«Batzuetan, bakardadea sentitzen duzu horrelako proiektu batean, talde txiki batekoak gabiltzalako bultzatzen, nahiz eta jende askok erabili. Baina, gero, jendearen laguntza ikustea oso hunkigarria izan zen»

GONTZAL MARTINEZ DE LA HIDALGAZirikaren sortzaileetako bat

UGALDE: Beste proiektu bat aipatzearren, abenduan Herri Denda egiten dugu urtero, eragileen azoka, eta jende askok horregatik ezagutzen du Zirika. Bisitari eta eragile asko etortzen dira; horrek Zirika erreferentziazko gunea izatea lortu du. Jendea material bila etortzen da, Zirikak gainontzeko kolektiboei uzten die-eta, baina etortzen dira bilerak egitera ere, liburuak erostera...

Kontrako jarrerarik nabaritu duzue?

MARTINEZ DE LA HIDALGA: Oro har, ibilbide lasaia izan du Zirikak. Egia da herrialde honetan ezker mugimendua zatituta egon dela, baina esango nuke hemen korronteak biltzen direla, ezadostasunak gaindituta. Adibide moduan, duela urte batzuk Munduko preso politikoak askatu izeneko jardunaldiak antolatu genituen bi astez, eta eztabaida politak atera ziren.

UGALDE: Antikapitalismoan kokatutako edozein erakundek lekua du hemen. Zirika ezadostasunak plazaratzeko gunea da, modu sano batean elkartzekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.