Euskararen alde irmo lan egiteko prest

Errime euskara elkartea sortu dute Iurretan. Herriko hizkuntza paisaian, erabileran eta udaleko agenda politikoan eragin gura dute, beste kontu batzuen artean. Gaur aurkeztuko dute.

Errime euskara elkarteko kideak, logoa eskuetan dutela, artxiboko argazki batean. ERRIME EUSKARA ELKARTEA
Errime euskara elkarteko kideak, logoa eskuetan dutela. ERRIME EUSKARA ELKARTEA
Olatz Enzunza Mallona.
2025eko otsailaren 21a
05:00
Entzun

Irmo, sendo. Iurretan horixe esan nahi du errime berbak. Azken urteotan Iurretan euskararen egoera larria dela ohartu da herritar talde bat, eta horri aurre egiteko asmoz, Errime euskara elkartea sortu dute. «Eskua errime luzatzera gatoz», adierazi dute elkartearen sare sozialen bitartez. Herrian eragiteaz gainera, udalaren agenda politikoan ere presente egon gura dute. Gaur aurkeztuko dute Errime, 19:30ean, Dantzari plazako ekitaldi batean.

Duela urte batzuk Gurien Bai euskara elkartea egon zen Iurretan. 1995ean sortu zuten, baina handik urte batzuetara utzi egin zuten jarduna. «Ordutik herrian ez da egon euskara elkarterik. Bidearen zati bat egin zuten, eta guri dagokigu hurrengo pausoetarako indar egitea», esan du Eñaut Aiartzaguena Errime elkarteko kideak.

«Iurretan egoera oso larria da, eta sekulako hutsunea dago: kalean ez da euskararik erabiltzen, eta giroa geroz eta erdaldunagoa da. Hori da gure pertzepzioa behintzat»

EÑAUT AIARTZAGUENAIurretako Errime euskara elkarteko kidea

Herrian aspaldi antzeman zuten euskararen alde lan egiteko tresna baten beharra: «Euskaraldia, Korrika eta halako ekinaldiak etorri izan direnean, ez zegoen inor horiei heltzeko. Udalak bilera parte-hartzaileak antolatzen zituen, eta horietan galdetzen zuten ea norbait era boluntarioan lan egiteko prest zegoen. Talde bat bildu ginen, eta lanean aritu gara azken urteotan». Talde horretatik abiatu dute orain Errime euskara elkartea. «Herrian eragiteko erreminta bat behar genuen, eta, era berean, udalari exijitu nahi genion aurrekontuetan eta udal politiketan euskara presente egon dadila».

Zortzi bat kide daude taldean, baina espero dute aurrerantzean kopurua handituz joatea. «Aurkezpena egiten dugunean, herritar orok izango du taldera batzeko aukera». Hala ere, Aiartzaguenak azpimarratu du konpromisoa ezinbestekoa izango dela euskara elkarteak funtziona dezan: «Lanera gatoz eta eragiteko asmoa dugu, ez gara azalkerietan geldituko».

(ID_17397992766095) Korrika Iurretan
Korrika, Iurretan, iazko martxoaren 22an. AEK

Iurretan, azken urteotan, gero eta herritar gehiagok dakite euskaraz, baina erabilerak kezkatzeko joera ageri du, Aiartzaguenaren hitzetan: «Egoera oso larria da, eta sekulako hutsunea dago: kalean ez da euskararik erabiltzen, eta giroa geroz eta erdaldunagoa da. Hori da gure pertzepzioa behintzat». Nabaritu dute ere udalaren ardura falta: «Udalean ez dago euskara teknikaririk, eta ez da aparteko aurrekonturik bideratzen euskalgintzara. Horrek asko kezkatzen gaitu, uste baitugu euskarak lehentasuna izan behar duela herrian».

Herritarrak euskarara erakartzea izango da Errimeren helburu nagusietako bat. «Herriko hizkuntza paisaian eragin gura dugu: euskara presente egon dadila herriko leku guztietan». Era berean, udalaren agenda politikoan ere eragin nahi dute: «Euskarak lehentasunezko hizkuntza izan behar du, eta udalak ere lanketa hori egin behar du agenda politikoan».

Bizkaia osoan antzera

Inkesta soziolinguistikoaren arabera, Bizkaiko egoeraren isla da Iurretakoa. 2021eko datuei erreparatuta —ordukoak dira azken datuak—, inoiz baino euskaldun gehiago daude lurraldean: ia hirutik bat da euskalduna. Bizkaian euskaldun hartzaileen kopurua ere nabarmen handitu da — batez ere, gazteen artean—, baina erabileran dago kezka nagusia. Izan ere, duela 30 urte, hiru euskaldunetik bat errazago aritzen zen euskaraz, eta, orain, bostetik bat; gehiengoa, beraz, erosoago aritzen da erdaraz. Inkestaren arabera, Bizkaian %14,5 dira euskaraz erdaraz bezainbeste edo gehiago aritzen direnak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.