Nico Cuenca

Euskaran gara herri

2025eko apirilaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Marmeladan igeri egitea. Aspaldi izan nuen lanean nagusi bat metafora hori maiz erabiltzen zuena. Esango nuke gauza gutxi ikasi niola nagusi horri, eta baliteke hori izatea gordetzen dudan haren herentzia bakarra. Eta, egia esan, marmeladan igeri egitearena euskara azken boladan pairatzen ari dena definitzeko modu ezin hobea da. Aurrera egin nahi bai, baina trabek, oztopoek eta erasoek ez digute uzten. Oldarraldi judizial batean murgilduta bizi gara aspaldi, eta astero-astero jasotzen dugu euskararen normalizaziorako bidea zailtzen duen beste dosi bat, ebazpen judizialen bidez. Beste batzuetan, aldiz, (ustez) aliatuak direnen partetik datoz erasoak, «nahigabe» eta «oharkabean»  egindako adierazpenen bidez. Egiari zor, ez dut uste euskararen kontra daudenik kasu askotan, baina adierazpen horiek euskararen jarioa eta emaria oztopatzen duten marmelada koilarakadak dira. 

Euskararen normalizazioa eta euskaltzaleon eskubideen defentsa helburu duen Deustuko Berbaizu Euskara Elkartearen pareko herri ekimenak dira euskaldunok euskaran askatasun osoz igeri egin ahal izateko sortu ditugun tresnak. Asko zor diegu euskaltzaleon topagune horiei, eta, horregatik, mende laurdena betetzea baikortasun txute garrantzitsua da. Lehenagotik bazegoen euskararen aldeko herri mugimendua Deustualdean, baina duela 25 urtekoa oso aurrerapauso nabarmena izan zen. Euskaraldiaren atarian egonda, Berbaizu-ren eta halako elkarteen lana omentzeko zutabea behar zuen honek, baina marmeladak berriro zipriztindu du dena. Aurreko astean ezezagun batzuek Berbaizu-ren lokalari eraso, barrura sartu, eta hainbat material eta dirua lapurtu dute. Oztopo berri horrek, baina, berehalako erantzuna izan zuen, langileek egoeraren berri eman eta berehala elkartasun oldea zabaldu baitzen, elkartearen produktuak erosita edo diru ekarpenak eginda. 

Ez al da polita denda batera joan eta dendaria txaparekin ikustea? Ez al du horrek konplizitate irria sortzen?

Euskal Herriko beste zenbait txokotan bezala, bolo-bolo dabiltza Deustualdean aurtengo Euskaraldia prestatzen. Udaberri koloretan murgilduko gara aurten euskaraz aritzeko ekimen erraldoi horretan, euskara loratzen hasteko. Euskaraldiak, azken batean, badu loratzetik asko. Erleak bezala, lore hautsak barreiatuz lore gehiagotara hel daiteke euskararen fruitua. Oraingoan, baina, txapak izango dira euskaraz aritzeko gonbita zabalduko dutenak, modu adeitsu eta ikusgarri batean bidaide eta aliatu berriak konektatuz. Ez al da polita denda batera joan eta dendaria txaparekin ikustea? Ez al du horrek konplizitate irria sortzen? Horixe da Euskaraldia, oztopo eta erasoen aurrean begirada konplizeak elikatzea. Azken finean, zenbaitetan unean uneko oztopoek gauzak argi ikusten uzten ez badigute ere, garrantzitsuena herri begirada ez galtzea da. Ikuspegi berari eutsi dio Berbaizu-k azken 25 urte hauetan, eta etorkizunari ere hala ekin nahi dio, marmeladan igeri egin nahi ez duen herriari itsaso berriak zabaltzeko. Lelo ezin hobea aukeratu dute Berbaizu-ko lagunek urteurrena ospatzeko, Euskaraldiak hauspotu nahi dituen txapen begirada konplizeei herri begirada gehitzen diena: Euskaran gara herri!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.