Abokatua eta itzultzailea

Jose Andres Etxebarria Etxeita: «Euskara naturaltasunez erabili behar da, gatazkarik gabe; hori da nire borroka»

Jose Andres Etxebarriaren arabera, jendea euskarara erakartzeko hizkuntza erabilgarriagoa eta errazagoa egin behar da. Esan du euskarazko lege testuen joskera desegokia dela eta horregatik dela zaila haiek ulertzea.

Jose Andres Etxebarria Etxeita abokatu eta itzultzailea, astelehenean, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Jose Andres Etxebarria Etxeita abokatu eta itzultzailea, astelehenean, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2025eko apirilaren 14a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bilbo erdiguneko kafetegi batean egin du hitzordua Jose Andres Etxebarria Etxeita itzultzaile eta abokatuak (Zornotza, 1958) Bizkaiko Hitza-rekin. «Erretiroa hartu arte, hemen ondoan egiten nuen lan, eta hona etortzen nintzen lankideekin. Leku honen oroitzapen gozoak ditut, eta horregatik aukeratu dut». Eguneko BERRIAren ale batekin etorri da. «Garai batean idazten nituen zuenean iritzi artikuluak eta zuzendariari gutunak, baina azkenaldian lanpetuta ibili naiz liburuarekin. Ea berriz hasten naizen». Hain zuzen, Bizkaiko ibilgailuen historia argitaratu du. Egunotan, Aste Santuko prozesioekin dabil.

Begoñako Anaidiko kidea zara. Zelan sartu zinen?

Ni euskaldun fededun arketipo horretakoa naiz. 2000. urtean kofradia horretara sartu nintzen. Hauek dira guretzat urteko egunik mugituenak. Aste Santuko prozesioak antolatzen ibili gara. Lan handia eskatzen du, baina gustura egiten da. Azken batean, prozesioak kaleko katekesiak dira. Ikasi nahi duenak hor ditu. Ikasi nahi ez duena alboko kaletik joan daiteke. Ez diote inori kalterik egiten. Gainera, lortu dugu kultura ondasun immaterial izendatzea. 40.000 lagunetik gora etortzen dira Bilbora prozesioak ikustera, hemengoak eta turistak. Arlo erlijiosoa alde batera utzita ere, prozesioek kultura arlotik ere interes itzela dute. 

Zelan ikusten duzu erlijioa euskal gizartean?

Motelduta dago, batzuetan ez delako jakin ondo proposatzen. Jendeak uste du erlijioa ukapenak direla, baina erlijioa baieztapena da. Jendeak uste du erlijioa dela akonplejatuta bizitzea, karka izatea, korrontearen auka joatea. «Hau bekatua da, hau gaizki dago, zigortuko naute». Ez, ez, ez. Modu egokian proposatzen bada, erlijioa da baieztapenik handiena, baita zoriontasunik handiena ere. Eliza minoritarioa izan den garaiak ez dira txarrak izan; beraz, baikortasunez begiratu behar diogu etorkizunari. 

Zuzenbide ikasketak egin zenituen. Zergatik aukeratu zenuen arlo hori?

Niri beti gustatu izan zaizkidanak autoak dira, mekanika eta mundu hori. Baina aitak, oso irizpide egokiarekin, esaten zidan: «Etorkizunean nahi duzuna izango zara, baina lehenengo karrera bat ikasiko duzu». UBI [Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtea, gaur egungo 2. Batxilergoa] ikasten ari nintzenean, hiru ikasgai hautatu behar ziren. Fisika, Zuzenbidea eta Marrazketa aukeratu nituen. Zuzenbidean bikain jarri zidan irakasleak. Gustatzen zitzaidan, baina ez nire bizitzari zentzua ematen ziolako. Karrera bat ikasi behar nuenez, Zuzenbidea aukeratu nuen, eta ez naiz damutzen. Aldi berean, arratsaldean euskara lantzeari ekin nion. Euskaldun zaharra naiz, baina nire garaian euskara debekatuta zegoen eskolan. Goizean Zuzenbidea ikasten nuen Deustuko Unibertsitatean, eta arratsaldean bizkaiera lantzen hasi nintzen, Labayrun; gero, euskara batua. 1981ean atera nuen garai hartan Euskaltzaindiak ematen zuen D titulua. 

Abokatu lanetan ere ibili zinen. Hori izan zenuen lehen lana?

Irakasle hasi nintzen. 1982ko otsailean, 24 urte bete aurretik, ertzaingaiei Zuzenbide eskolak ematen hasi nintzen, Arkautin. Han egin nituen bi urte, baina oso astitsu nengoen, eta itzulpenak egiten hasi nintzen, nire kabuz. Ezkontzekotan nenbilen, eta orduan nire andregaia zena, oraingo emaztea, Durangokoa da, eta jakin nuen Durangoko Udalak euskarazko itzultzailea behar zuela. Han egin nituen hiru urte. Dena zegoen gaztelaniaz, eta dena itzuli behar zen. Oso ondo egon nintzen. Baina oraindik baneukan abokatu moduan lan egiteko grina hori. Eta Bilbon lan egiteko aukera sortu zitzaidan. Bizkaiko Foru Aldundiak itzultzaileak lortzeko deialdi publikoa egin zuen, eta lanpostu finkoa lortu nuen. Erretiroa hartu arte, horretan ibili naiz. Goizean aldundian egiten nuen lan, eta arratsaldean abokatu lanak egiten nituen bulego batean. Pozik ibili nintzen, baina abokatu lana arin utzi nuen, goizean epaiketetara-eta joan behar izaten zelako.

«Modu egokian proposatzen bada, erlijioa da baieztapenik handiena, baita zoriontasunik handiena ere»

Neurri batean, lexiko juridikoa eta administratiboa sortzeko egongo ziren, ezta? 

Hiztegigintzan ibili nintzen. Administraziorako Euskal Eskuliburua egiten parte hartu nuen, Oñatiko HAEE [Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea] sortu berrian. Han ematen ziren irizpide batzuk ez dira gero bete direnak. Garai hartan, garbizaleagoa nintzen. Gero, aldatu egin dut apur bat iritzia, eta praktikoagoa egin naiz. Euskara ulergarriagoa nahi dut orain. Gure hizkuntza oso aberatsa da, baina behar dugu egin hizkuntza erabilgarriagoa eta errazagoa; batez ere, euskal mundutik kanpo daudenak guregana datozenean. Euskarara erakarri behar dugu jendea, baina modu egoki batean. Orain, Laukizen bizi naiz, eta astelehenetan euskara eskolak ematen ditut, doan, udalak utzitako lokal batean.

Euskaldunen artean askotan egoten dira zailtasunak testu juridikoak euskaraz ondo ulertzeko. Zein da arazoa?

Askotan, joskera. Sebero Altuberen galdegaiaren kokapenari buruzko arauak kalte egin zion euskarari. Haren arauak oso egokiak dira esaldiak laburrak direnean. Baina administrazio testu batean idazten baduzu bost edo zortzi lerroko esaldi bat eta lege horri jarraitzen badiozu, galdu egiten zara. XIX. mendeko euskarazko testuak, Usurbilgo ordenantzak-eta, joskera aldetik ulergarriagoak dira.

Euskararen egoerak kezkatzen zaitu?

Ezagutzaren eta erabileraren arteko jauzia oso handia da. Ezagutzan badago progresioa. Baina ulertu behar dugu erosoagoa dela gaztelania erabiltzea. Ohiturak aldatzea oso zaila da; batez ere, nerabeen artean. Nahikoa da batek ez egitea. Gaztelaniaren indarra oso handia da.

Barnetik kanpora bidean saiakera argitaratu zenuen 2021ean, euskararen inguruko zure gogoetekin. 

Badago oinarrizko uste bat: «Euskaldun guztiok euskaltzaleak gara». Baina euskaldun guztiak ez dira euskaltzaleak. Euskaldun askori, euskara ezagutu arren, euskara bost axola zaie. Nik euskaldunei euskaraz egiten diet beti, eta lehenengoan euskaraz erantzuten didate. Baina batzuek, bigarrenean, gaztelaniaz erantzuten didate. Hirugarrenean ere, euskaraz egingo diet, baina ikusten badut gaztelaniaz jarraitzen dutela, ni ere gaztelaniara pasatuko naiz. Ez naiz sokatirazalea. Bizitzan dena egin behar da naturaltasunez, eta euskara ere naturaltasunez erabili behar da, gatazkarik gabe. Hori da nire borroka.

ZALETASUNA. Betidanik gustatu zaizkio auto klasikoak Jose Andres Etxebarriari. «Nire filosofia da aldi berean bakarra izatea: dudana saldu eta berria erosten dut». Domekan, Gesaltzan (Añana, Araba) izan zen, hainbat zaletuk egindako txangoan. Irudian, bere MGB autoarekin, Zornotzako familia baserrian, 2016an.JOSE ANDRES ETXEBARRIA
ZALETASUNA. Jose Andres Etxebarriari betidanik gustatu zaizkio auto klasikoak. «Nire filosofia da aldi berean bakarra izatea: dudana saldu eta berria erosten dut». Domekan, Gesaltzan (Añana, Araba) izan zen, hainbat zaletuk egindako txangoan. Irudian, bere MGB autoarekin, Zornotzako familia baserrian, 2016an. JOSE ANDRES ETXEBARRIA
Liburuan diozu euskara politizatu egin dela.

Denok ezagutzen dugu gure historia. Horregatik, jende askok oraindik euskara identifikatzen du ideologia jakin batekin, eta horrek kalte itzela egiten dio. Ideologia horretakoak ez direnentzat, euskara ideologia hori dutenena bihurtzen da. Ez dezagun euskara politikarekin nahastu. 

Azkenaldian, enplegu publikorako eskakizunen inguruan dago gatazka. Zer iritzi duzu?

Mila ñabardura daude, baina adibide bat ipiniko dut. Bi zirujau ditugu; biak bikainak. Bata euskalduna da eta bestea ez. Euskaldunak eskuratu beharko luke lanpostua? Bai, noski: biak dira bikainak, baina hark plus hori du. Ostera, demagun bata oso ona dela eta bestea ez hainbeste. Hain ona ez denak lanpostua lortu beharko luke euskara dakielako eta besteak ez? Nire ustez, ez. Bestea hobea da. 

«Jende askok oraindik ideologia jakin batekin identifikatzen du euskara, eta horrek kalte itzela egiten dio hizkuntzari»

Kasu horretan, nola bermatuko duzu zerbitzu publikoetan arreta euskaraz jasotzeko eskubidea?

Euskara ofiziala izateak esan nahi du arlo publikoan eskubidea dugula euskara erabiltzeko. Eskubidea daukat ertzain bati euskaraz hitz egiteko, eta ertzain horrek euskaraz erantzun behar dit. Baina, adi: ez da erabili behar eskubide hori zirikatzearren, ez da erabili behar politikakerian sartzearren eta gatazka sortzearren. Naturaltasuna da inportantea.

Nondik datorkizu autoekiko zaletasuna?

Etxean ez dut zaletasun hori duen inor izan, baina ni beti erakarri naute ibilgailuek. Ibilgailuen eta pertsonen eguneroko bizitzaren arteko harremana landu dut liburuan [Historia del automóvil en Bizkaia: del BI-1 al BI-100.000]. Seiscientosa dut gogoan. Gure aitak bi izan zituen. Gizartea mobilizatu zuen, eta mugitzeko aukera eman zion jendeari. Ordura arte, autoa izatea aberatsen pribilegioa zen. Auto baino motor gehiago matrikulatzen ziren, jendeak ez zuelako dirurik autoa erosteko. 

Zer topatu daiteke liburuan?

Saiatu naiz islatzen ibilgailuek zenbateko eragina duten gure bizitzan. Denbora asko pasatzen dugu haiekin harremanetan. BI-1 matrikulatik BI-100.000ra artekoak hartu ditut, denbora tarte bat mugatzeko. Bilbon, 1902ko otsailaren 23an matrikulatu zen lehen autoa, eta jabea Salustiano Mogoroviejo zen. 100.000. autoa DYAren lehen anbulantzia izan zen; Gasteizko Industrias del Motorrek egin zuen, eta dohaintzan eman zion DYAri, 1967. urtean. Ikerketa lan itzela egin dut. Mila argazki inguru daude, eta bakoitzean ibilgailuari buruzko azalpena jarri dut, baina bizipenei lotutakoa. 

Zuk baduzu auto klasikorik?

Orain, MG auto bat dut, MGB modelokoa. Konpontzen ari dira.

Motzean

Liburu bat?
Ebanjelioak.

Berba bat?
Poztasuna.

Idazle bat?
Bernardo Atxaga.

Itzultzaile bat?
Xabier Mendiguren.

Aita santu bat?
Edozein. Aldian aldikoa. Orain, Frantzisko. Egunero otoitz egiten dut haren osasunaren alde. 

Bilboko gotzain bat?
On Mario Izeta. 

Santu bat?
San Ignazio, euskalduna. 

Nor da Begoñako Ama zuretzat?
Nire zeruko ama.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (3)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.