Euskal filmen erakusleiho

Gaur emango diote hasiera Laburbira film laburren zirkuituaren 21. aldiari. Guztira, hogei minutu inguruko zortzi film labur emango dituzte 36 udalerritan. Bizkaian, esate baterako, 11 udalerri bisitatuko dituzte.

Jone Arriolaren 'Dena asmatuta dago' film laburra. Laburbira zirkuituan emango dute aurten.
Jone Arriolaren 'Dena asmatuta dago' film laburra. Laburbira zirkuituan emango dute aurten. ANDONI URZELAI
iraia vieira gil
2024ko apirilaren 12a
05:00
Entzun

Euskarazko zinemagintza hauspotzeko asmoz, Laburbira film laburren zirkuitua abiatuko du gaur Euskaltzaleen Topaguneak. 21. aldia izango da aurtengoa, baina aurreko urteetako helburuari eutsiko diote oraingoan ere: euskarazko lanak egiten dituzten sortzaileak eta eurek ekoitzitako film laburrak ezagutaraztea. Hain justu, Andoni Urzelai zirkuituaren antolatzaileak azaldu duenez, euskal zinemagintzan sortzen ari den hori zabaltzeko «erakusleiho potentea» da Laburbira. Guztira, hogei minutu inguru irauten duten zortzi film labur erakutsiko dituzte Euskal Herriko 36 udalerritan, eta Bizkaian, zehazki, 11 herri bisitatuko dituzte. Armintzan (Lemoiz), Diman, Ermuan, Jataben, Igorren, Durangon, Etxebarrin, Areatzan, Basaurin, Arteagan eta Markina-Xemeinen izango dira, hurrenez hurren. Maiatzaren 12an egingo dituzte azken emanaldiak.

Aurkeztuko dituzten film laburrei dagokienez, Urzelaik aurreratu du ikusleek «kalitate» handiko lanez gozatu ahal izango dutela. Babesa, Dena asmatuta dago, Katalinaren zoria, Erro, Mundu berri bat, Zirrara, Talkak eta Betizu buru lanak emango dituzte, eta, edukiz zein estiloz oso desberdinak diren arren, zirkuituaren antolatzaileak azpimarratu du lan onak direla guztiak. Urzelaik berak onartu du «ezinezkoa» zaiola bakar bat aukeratzea: «Badaude batzuk edukian izugarriak direnak, eta badaude beste batzuk edukian hain onak ez direnak, baina itxuran eta forman harritzen zaituztenak». 

Alde horretatik, Urzelaik adierazi du epaimahaiari aski zaila egin zaiola herriz herri erakutsiko duten labur sorta osatzea. «Aurten, guztira, 28 lan aurkeztu dira Laburbira zirkuitura, eta izugarri kostatu zaigu horietatik zortzi aukeratzea». Aukeraketa prozesuan, beraz, berebiziko garrantzia hartu du film labur bakoitzaren kalitateak. «Badakigu irizpide oso subjektiboa dela, baina tira...». Horrez gain, beste ezaugarri batzuk ere ikertu dituzte: autorea emakumea edo gizona den, aniztasunari dagokionez edukia nolakoa den... Are, lurraldetasunari ere erreparatu diote, besteak beste. Sortzaile berrien eta profesionalen arteko oreka ere zaindu dute, eta genero ikuspegitik ekoitzitako obrak lehenetsi. Edozein ikuslerentzako moduko lanak dira guztiak.

«Aurten, guztira 28 lan aurkeztu dira Laburbira zirkuitura, eta izugarri kostatu zaigu horietatik zortzi aukeratzea».

ANDONI URZELAILaburbiraren antolatzailea

Berrikuntza gisa, gainera, aurten ikusleek aukera izango dute jaialdiko film laburrik onena hautatzeko. Hala ere, Laburbiraren xarma bestelakoa dela gogorarazi du Urzelaik: «Ez dugu gura horri hainbesteko garrantzia ematea. Hau ez da lehiaketa bat, erakusleiho bat da. Hori osagarri moduan egingo dugu, jakiteko ikusleei zer gustatu zaien». 

Harreman ereduak nagusi

Aurreko aldietan bezala, aurten ere askotariko generoak landuko dituzte Laburbira zirkuituko film laburrek; horietako askok, gainera, gai sozialak izango dituzte kontakizunaren ardatz nagusi. Ander Iruretagoienaren Babesa film laburrak, esaterako, prostituzioan aritzen den gizon baten istorioa kontatzen du. Aratz du izena protagonistak, eta, oharkabean, bere bezeroetako batekin biziki maiteminduko da, Migelekin. Egoera horrek, ordea, Aratzen bizimodua konplikatuko du. Arazo horietan oinarrituta, maiz ikusezina den errealitate bat plazaratzen du Iruretagoienaren lanak.

Maitemintzearekin eta egungo bikote ereduekin lotura du Jone Arriolaren Dena asmatuta dago film laburrak ere. Arrosa koloreko bainugela batean daude Lur eta Martin, vintage estiloko bainuontzi batean sartuta. Porro bat erretzen ari dira erdi bana, eta, halako batean, bizitzaren inguruan hausnartzen hasiko dira. Elkarrizketak aurrera egin ahala, elkarren arteko harremana zelakoa den zehazten saiatuko dira: duela sei hilabete ezagutu zuten elkar, baina oraindik ez dakite zelako harremana duten. «Dena asmatuta badago, gure artekoa zer da?», galdetuko diote elkarri.

Harremanak ditu hausnarketa bide Ane Cuestaren Zirrara lanak, halaber. Aurrekoek ez bezala, ordea, norberarekin lotutako kontuak aztertuko ditu: neska gazte bat bere gorputza deskubritzen hasiko da, eta horrek uste baino buruhauste handiagoak sortuko dizkio. 

Kim Maitenyren Betizu buru film laburrak eta Ilune Diazen eta Jordi Nueten Talkak lanak, ordea, bikote krisiak ekarriko dituzte gogora. Harremanak konpondu ahal izateko, bikote bakoitzak bere bidea bilatuko du: baserri batean asteburu-pasa egingo dute Maitenyren pertsonaiek, eta jolas azoka batean euren erlazioa konpontzeko erantzunak bilatuko dituzte Diazen eta Nueten protagonistek. Betizu buru lanean bortizkeria nagusituko da; Talkak-en, berriz, bikotekideek azkar konponduko dituzte desadostasunak.

bizkaiko Egutegia

  • Apirilak 12. Armintzako kultur etxean (Lemoiz), 19:00etan. 
  • Apirilak 19. Dimako eskolako ganbaran, 19:30ean.
  • Apirilak 25. Ermuko antzokian, 20:30ean.
  • Apirilak 26. Jatabeko kultur etxean, 18:00etan, eta Igorreko Lasarte aretoan, 20:00etan.
  • Maiatzak 2. Durangoko Elkargunean, 19:00etan, eta Etxebarriko kultur etxean, 19:00etan. 
  • Maiatzak 3. Areatzako udaletxeko areto nagusian, 19:00etan.
  • Maiatzak 8. Basauriko Zutarri kultur elkartean, 19:30ean.
  • Maiatzak 10. Arteagako kultur etxean, 19:00etan.
  • Maiatzak 12. Markina-Xemeingo Esperantza aretoan, 18:00etan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.