Gorlizko eta Plentziako Etxebizitza eta Eskubide Sozialen Bulegoko teknikaria

Ekaitz Ariznabarreta: «Etxebizitzaren arazoak herri batetik bestera zabaltzen dira»

Ekaitz Ariznabarretaren arabera, etxebizitzak merkatuaren logikatik kanpo uzteko baliabideak behar dituzte. Gorliz eta Plentzia tentsio handiko eremu gisa izenda daitezkeen aztertuko dute.

(ID_14427133) (Marisol Ramirez/@FOKU) 2024-11-13, Gorliz. Ekaitz Ariznabarreta, Plentziako eta Gorlizko Etxebizitza eta Eskubide So...
Ekaitz Ariznabarreta. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Gorliz
2024ko azaroaren 17a
05:00
Entzun

Irailean sortu zuten Gorlizko eta Plentziako Etxebizitza eta Eskubide Sozialen Bulegoa, bi udalek elkarlanean, Europako Funts Sozialak lagunduta. Ekaitz Ariznabarreta da arduraduna (Gorliz, 1998), Uribe Kostako Behargintzaren laguntza bati esker. Bulego fisikoa non ipini erabaki bitartean, udaletxe bietan egoten da, txandaka. 

Zer da Gorlizko eta Plentziako Etxebizitza eta Eskubide Sozialen Bulegoa?

Etxebizitzaren eta eskubide sozialen arloan eragingo duen bulego bat da. Etxebizitzaren inguruko azterketa bat egiten ari gara, eta horrekin plan bat garatuko dugu. Jakin nahi dugu [Espainiako 12/2023] Etxebizitza Eskubidearen Legea tresna eraginkorra den herriotarako, ea tentsio handiko eremu gisa izenda daitezkeen, eta horrek onurarik ekarri ahal duen. Eskubide sozialei dagokienez, errolda soziala erabilgarria izan daitekeen aztertzen ari gara. 

Zer da errolda soziala?

Erroldatu ezin diren pertsonentzako errolda da; udalean erroldatuta agertu ahal izateko tresna bat, haiek ere euren egoera erregularizatzeko eta hainbat diru laguntza jaso eta baliabide erabili ahal izateko. Badaude etxea alokatzen dutenak baina maizterrari ez diotenak uzten han erroldatzen. Kontratu gabe alokatzen dutenak ere ezin dira erroldatu. Asko izan daitezke kasuak. Ongi Etorri Errefuxiatuak elkartekoekin ere egon gara, eta esan digute eurek laguntzen dituzten pertsonentzat ere baliabide ona izango dela. 

Herritarrek zertara joan ahal izango dira bulegora?

Etorri ahal izango dira informazioa jasotzera, ezagutzeko zer laguntza eskaini ahal dizkiegun. Koordinakunde bat ere izango da herriko elkarteentzako; haien beharrak ikertuko dira, eta ikusiko da nola lagundu daitezkeen. Gidak sortuko dira: identifikatu dugu eskaintzen diren tresna eta baliabide batzuk ez direla ezagunak herritarren artean. 

«Badaude etxea alokatzen duten jabeak, baina maizterrari ez diotenak uzten han erroldatzen»

Zein da etxebizitzaren egoera Gorlizen eta Plentzian?

Behin-behineko txostenean jaso ditugu hainbat datu. Ekonomikoki nahiko maila oneko eskualdea da gurea, baina turistifikazioak kalte egin die zerbitzu publikoei. Udan hirukoiztu egiten da populazioa. Adibidez, osasun zentroa ezinean egoten da, eta, noski, alokairuen prezioetan eta etxebizitzan, oro har, eragin zuzena du. AME Alokairu Merkatuaren Estatistikak argitaratzen ditu datu batzuk, baina [EAEko] Etxebizitza Behatokiak argitaratu zuen ikerketa bat esanez batzuetan AMEren datuak ez direla errealak. AMEk esaten du Plentzian alokairua 740-750 eurokoa dela hilean, baina Behatokiaren ikerketan islatzen da prezioa handiagoa izaten dela: 1.000-1.200 eurokoa. Gainera, etxebizitzen portzentaje handi bat noizean behin baino ez dira erabiltzen. Hemen jaio eta hemen independizatu nahi duen jendearen aukerak asko murrizten ditu horrek. 

Badakizue zenbat etxebizitza dauden turismoari lotuta?

Gorlizen, etxebizitzen %23,28 noizean behin erabiltzen direnak dira; lau etxetik ia bat dira. Ziur aski, udan erabiltzen dira soilik. Plentzian, %17 dira. Horrek eragiten du hemengo bizitza turismoak baldintzatzea. Eragin zuzena du gure herrietako sektore ekonomikoan ere. Gorlizen %90 eta Plentzian %91 zerbitzu sektoreko lanpostuak dira. Ondorioz, hemen lan egiten dugunon errentak apalak dira, soldata apaleko enpleguak direlako. Hemen ez dago errenta handiko enplegurik; beraz, zailagoa da etxebizitza lortzea. Gainera, herri biek dute hezkuntza maila handia: helduen %55-56k goi mailako ikasketak dituzte, baina ez dute lanik herrian. 

Gazteak herritik kanpo joaten dira etxe bila?

Nire adineko jendea emantzipatu denean, ez da herrian geratu; Berangora edo Urdulizera joan dira. Lehen herri merkeagoak ziren, baina orain tentsio handiko eremu bihurtu dira haiek ere. Legearen arabera, herrika izendatzen da tentsio handiko eremu, baina ez da eraginkorra. Eskualdeka edo herrialdean egin beharko litzateke, egiturazko arazoa delako. Ez diogu zentzurik ikusten herri bat tentsio handiko eremu izendatzeari, ikusi dugunez arazoak herritik herrira pasatzen direlako. Gorlizko eta Plentziako gazteak Urdulizera eta Berangora joan dira, azken bi horiek tenkatu dituzte, eta orain hango gazteak Leioara joan beharko dira etxebizitza bila.

«Gorlizen, etxebizitzen %23,28 noizean behin erabiltzen direnak dira; Plentzian, %17»

Zer konponbide ikusten diozue herriotako egoerari?

Merkatuaren arazo bat dela esan daiteke: eskaintza eskariarekiko urria denean, prezioa igo egiten da. Baina egia da hemen etxe hutsak eta noizean behingo erabilera dutenak asko direla, eta hori etxebizitzaren erabilera merkantilista baten ondorioa da. Bizitzeko behar diren ondasunak merkatutik kanpo utzi behar dira, espekulaziotik kanpo. Pentsa dezakegu arazoa konpondu ahal dugula etxe gehiago eraikita, baina ez bada ikuspegia aldatzen, arazoa berriro itzuliko da. 

Zer egin soilik udan alokatzen diren etxebizitzekin?

Alokairu luzeak bultzatu beharko lirateke, horrelako alokairuak egiten dituzten jabeak lagunduta eta alokairu laburrak egiten dituztenak zigortuta. Hemen asko gertatzen da alokatzen dizutela irailetik maiatzera, eta maiatzean esaten dizute udarako beste kontratu bat egingo dizutela, garestiagoa, edo zuzenean esaten dizute udatiar bati alokatu diotela, garestiago. Aztertu behar dugu tentsio handiko eremu izendatzeak zer aukera ematen dituen horretarako. 

Udalek tentsio handiko eremu izendatzeko eskaera egin nahi dute?

Plentziak eta Gorlizek ez dituzte betetzen tentsio handiko eremu izateko irizpideak, baina badago Etxebizitza Behatokiaren beste txosten bat esanez AMEren datuak ez direla zuzenak, agian. Beraz, Plentziak eta Gorlizek beste ikerketa bat egin dezakete irizpideak betetzen dituzten egiaztatzeko.

Zeintzuk dira irizpideak?

Azken bost urteetan alokairuaren prezioa %20 edo gehiago garestitu izana. AMEren txostenaren arabera, %15 igo da, baina ematen duten batez besteko prezioa 750 euro da, eta prezio horiek ez dira errealak. Beste irizpide bat da familien errenten %30 edo gehiago etxebizitza ordaintzeko erabiltzea. %25aren inguruan daude Gorliz eta Plentzia, baina hori ere aldatuko litzateke alokairuaren prezioak garestiagoak direla frogatzen badugu. Behin ikerketa hori egin ondoren, hiru urterako etxebizitza plan bat egin behar da, eta programa bat. Ikerketarekin, planarekin eta programarekin Eusko Jaurlaritzara joan beharko lukete, eta hark erabakiko lukete tentsio handiko eremu izenda daitezkeen edo ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.