Surbisako presidentea

Jon Bilbao: «Etxea doitua badago, berdin du ehun urte dituen edo bakarra»

Etxebizitzak zaharberritzeko diru laguntzak eman eta kudeatu, aholkatu, tramitazioak erraztu... Askotariko ardurak ditu Surbisa Bilboko Udaleko Berregokipenerako Hirigintza sozietateak, Jon Bilbaoren esanetan. Elkarteak berrogei urte egin ditu aurten.

Jon Bilbao, Surbisaren egoitzan, Bilbon, apirilaren 16an. GORKA RUBIO / FOKU
Jon Bilbao, Bilbon, Surbisaren egoitzan, apirilaren 16an. GORKA RUBIO / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2025eko apirilaren 26a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

1983ko uholdeek kalte handiak eragin zituzten Bilboko Zazpikaleetako eraikinetan eta ondarean. Hein batean, horiek lehengoratzeko sortu zuen udalak Surbisa Berregokipenerako Hirigintza sozietatea, 1985ean. Berrogei urteko ibilbidean, hiriko eraikinen %22 zaharberritzea sustatu du Surbisak, eta 58.000 herritar baino gehiago artatu ditu. «Diru laguntzak ematen dituen sozietate bat baino askoz gehiago gara», azpimarratu du Jon Bilbaok (Bilbo, 1965), Bilboko Udaleko Hiri Berroneratzea saileko zinegotzi eta Surbisako presidenteak.

Surbisak Bilboko Zazpikaleetan egin zituen esku hartzeak hasierako urteetan. Zein da egoera orain?

Zazpikaleetako ondarea eta etxebizitza zaharberritzen eta leheneratzen lan egin zen hasieran, Bilbo Zaharrean gero, eta handik beste eremu batzuetara hedatu da. Gaur egun, hamar auzo daude lehentasunezko eremu gisa ezarrita. Baina irisgarritasunari eta efizientzia energetikoari dagokienez, Surbisak hiri osoan egiten ditu esku hartzeak.

Batez ere, 2005etik aurrera zabaldu zen jarduketa eremua. Zein ziren premiak orduan?

Beste behar batzuk atzeman ziren eremu zaurgarrietan. Tresna bat dugu erabakitzeko zein lekutan esku hartu, eta aurten doitu egin dugu tresna hori.

Zer irizpideren arabera erabakitzen duzue non esku hartu?

Batetik, eraikinen egoerari erreparatzen diogu. Eta, bestetik, parametro sozioekonomikoak hartzen dira kontuan: hau da, auzokideen zahartze tasa, heziketa maila, immigrazio askoko eremua den edo ez, zer errenta jasotzen duten erretiroagatik edo ezintasunengatik... Batzuetan, arazoa ez dira soilik diru sarrerak: jende nagusiak laguntza gehiago behar izaten du, adibidez.

«Batzuetan, arazoa ez dira soilik diru sarrerak: jende nagusiak laguntza gehiago behar izaten du, adibidez»

Zuen datuen arabera, Bilboko eraikinen %47k ez dute irisgarritasun unibertsalik eta %15ek ez dute igogailurik. Hain justu, irisgarritasuna da Surbisaren lehentasunetako bat. Zer zailtasun topatzen dituzue?

Antzinako eraikinak dira. Beraz, eskailera estuak dituzte —batez ere, hiruzpalau solairutako eraikinak badira—, eta ez dago zulorik igogailua ipintzeko. Batzuetan, eskailera eraitsi beharra dago, igogailua haren tokian jarri eta eskailera kalera atera. Horrek obra garestitu egiten du, tramitazio administratiboa konplexua da esparru publikoa okupatu beharra dagoelako, eta, sarri, etxebizitzen jabeek uste dute ezinezkoa dela. Guk esplikatu egiten diegu prozesua, bizilagunak ados jartzen ditugu, tramitazioan laguntzen diegu...

Beste lehentasunetako bat birgaitze energetikoa da. Zer behar dute etxeek?

Lehenik eta behin, itxitura onak izan behar dituzte: leihoak, fatxadak...; gasolio galdarak ordezkatu nahi izaten dituzte gas galdarekin edo elektrikoekin; plaka fotovoltaikoak ipintzea ere eskatzen dute, edo aerotermia sistema bat... Europako Batasunaren irizpideei erreparatuta, Bilboko eraikinen erdiek egin behar dute eraginkortasun energetikoarekin lotutako obraren bat. Baina proiektu garestiak dira. Diru laguntzen hainbat lerro ditugu, eta bankuekin akordioak ditugu halako lanak errazteko; batez ere, lehentasunezko esku hartze eremuetan, diru sarrerak apalagoak direlako. Etxeen jabeek beharrezko erreformatzat jotzen dituzte irisgarritasuna edo fatxada, baina nekezago gastatzen dute eraginkortasun energetikoan. Hamar etxebizitza inguruko eraikin batean, fatxada zaharberritzeak 10.000-15.000 euroko kostua izan dezake etxebizitza bakoitzeko; igogailuak, 20.000-30.000 eurokoa; eta eraginkortasun energetikoak, 30.000-40.000koa. Obra guztiak egitea bideraezina izan daiteke; beraz, lehenetsi beharra dago.

Zenbat urte dituzte Bilboko eraikinek?

Eraikin zaharrak dira, eta zaharkituak: etxeen %55ek 50 urte baino gehiago dituzte, eta, horietatik %80k, 70 urte baino gehiago. Zazpikaleetako eraikinek 80 urte dituzte, batez beste.

Etorkizunera begira, horrek kezkatzen zaituzte?

Uste dut horrek garrantzi handiagoa ematen diola Surbisaren lanari. Eraikin berriak ere egiten dituzte, baina mugatuta dago haien kopurua; tokia dela eta, batez ere. Daukazun etxeak denbora gehiago iraun dezala eta egoera onean egon dadila, horrek ere lotura du jasangarritasunarekin. Etxeak ehun urte baditu, baina doitua badago, eta konponduak baditu irisgarritasunarekin eta eraginkortasun energetikoarekin lotutako arazoak, berdin du ehun urte dituen edo bakarra.

«Fatxada zaharberritzeak 10.000-15.000 euroko kostua izan dezake etxebizitza bakoitzeko; igogailuak, 20.000-30.000 eurokoa; eta eraginkortasun energetikoak, 30.000-40.000koa»

Azken urteetan, bereziki pandemiaz geroztik, aldatu egin dira bizigarritasun irizpideak? Horrek zelan eragin dio zuen lanari?

Pandemiak agerian ipini zuen garrantzitsua dela gure etxea ahalik eta erosoena izan dadila, eta kanpora irteera izan dezala, leihoez aparte. Azken hori lortzea zailagoa da. Jada eraikita dauden etxebizitzetan balkoiak txertatzeko proiektuak garatzen ari dira. Pandemiaren harira, halaber, Helduak programa sortu genuen, doikuntza txikietarako diru laguntza bat. Izan ere, batzuetan gauza txikiak eginda asko hobetzen dugu bizi kalitatea.

Etxea Gaztetu programa pilotua ere sortu duzue, belaunaldien arteko bizikidetza sustatzeko.

Bi sektore batu nahi ditugu: 60 urtetik gorakoak edo desgaitasunen bat dutenak, eta 35 urtetik beherakoak. Jabeari laguntza ematen diogu erreformaren bat egiteko, eta hark 35 urtetik beherako batekin partekatzen du etxea, 350 euroko alokairu baten truke. Nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko balioko du, baita gazteak auzoetara erakartzeko ere. Bilbo Zaharrean abiatu genuen, eta orain lehentasunezko esku hartze eremuetara zabaldu dugu.

Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko, bestelako proiektuak ere abiatu dira Bilbon: esaterako, erabiltzen ez diren lokal komertzial batzuk etxebizitza bihurtu dituzte. Proiektu bideragarria da?

Udal guztien mahaietan dago kontu hori. Bideragarria da. Nire ustez, esfortzua egin beharko litzateke, baina ez da erraza: ez da posible eremu guztietan, aintzat hartu behar delako uholde arriskua, zarata... Eta hiria ezin duzulako utzi lokal komertzialik gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.