Hainbat berbaldi egin ditu Elixabete Etxanobek Bizkaiko ahaldun nagusi den urte luzean. Baina eguaztenean Gernika-Lumon Batzar Nagusietan egindakoak aparteko garrantzia zuen, berak aitortu bezala: «Zaila da folio zuriari aurre egitea». Azkenean, 33 folio. Politika orokorreko lehen osoko bilkura izan du. Bizkaia ondo ikusten duela adierazi du: «Gizarte modernoa gara, aurreratua; gizarte kohesioa bermatzen duten zerbitzu publiko onak ditugu. Ehun ekonomiko osasuntsua eta kultura sare zabala ditugu». Uste du ekonomiaren motelaldiari aurre egiteko moduan dagoela Bizkaia, «inguruko herrialdeak baino hobeto». Aitortu du arazoak ere badaudela, eta bat egin du «bizkaitarren kezka nagusiekin»: enplegua eta gizarte gero eta zahartuagoa.
1
Guggenheim eta kultura
Guggenheim museoa Busturialdera hedatzea «herritarren eta herrialdearen zerbitzura» dagoen proiektua da, Etxanoberen arabera. Esan duenez, zer egingo duten «definitzen» dabiltza, baina aurreratu du «lurraldeari egokituta» egongo dela, eta artearen bitartez «naturaguneak babestearen inguruko kontzientzian sakonduko» duela. Ahaldun nagusiak aitortu du «entzutea eskatzen duen proiektua» dela. Esan du «marra gorriak herritarrekin» ipiniko dituztela. «Ez dugu egingo Busturialdeko bizimoduari kalte egingo dion ezer». Dagoeneko hainbat lan egin dituzte: Gernikako industria hondakinak kendu dituzte, eta zoruetako eta akuiferoetako kutsadura garbitu dute.
Guggenheimen esperoan, datorren urtean hiru kultur azpiegitura nagusi irekiko dira berriro, Bilbon: Rekalde areto berritua, Arte Ederren Museo handitua eta Euskal Museo eraldatua.
2
Lurralde kohesioa
Plan estrategikoa izango duen bosgarren eskualdea izango da Busturialdea. Helburua izango da garapen sozioekonomikoa bultzatzea, eta erakunde publikoen hainbatetan esan dute Guggenheim izango dela akuilu nagusietakoa. Etxanobek iragarri du plan estrategikorako talde eragilea aurki sortuko dela: Jaurlaritza, diputazioa eta eskualdeko alkateak izango dira kide. Martxorako onartu nahi dute, eta datorren urtean bertan hasi lehen jarduerekin. Enkarterrin 17 miloi euroko inbertsioa egin dute planaren bitartez; Ezkerraldea-Mealtzaldean, 40koa. Aiaraldeko plan estrategikoa prestatzen dabiltza; Bizkaian, Urduñari, Arakaldori, Arrankudiagari eta Orozkori eragingo die. Ermua eta Mallabia parte diren Debabarreneko plana definitzen ari dira. Arratian eta Mungialdean indarrean dagoen Herri Txiki Aukera Handi programa, Busturialdera zabaltzeko lanean dabiltzala iragarri du Etxanobek: helburua da zerbitzu publikoak modu orekatuan bermatzea udalerri guztietan.
3
Mugikortasuna
Eusko Jaurlaritzak Bilboko metroaren laugarren linearen ibilbidea diseinatzeko lehen proposamenera itzultzea proposatu dio diputazioari asteon. Erdibana ordaintzea dute adostuta. Etxanobek esan du aztertuko dutela «teknikoki eta ekonomikoki erabaki egokiena» hartzeko. Bizkaibusen kasuan, aurki transbordoak kenduko dituztela iragarri du, eta datozen urteetan tarifak bateratuko dituzte, eremuak erraztuko dira eta maiztasunak hobetuko dira. Pozik dago Bizkaibizik izan duen harrerarekin, eta hedatzen jarraituko dute.
4
Gizarte gaiak
Zaintza ereduen trantsizio prozesuan jarraitzen du diputazioak. Urtea amaitu aurretik, 5.000 adinekok etxeTIC laguntza zerbitzua erabiliko dute, 733 biziko dira bizikidetza unitateetan eta 125 plaza soziosanitario egongo dira ospitaletik irten ondoren zaintza berezia behar dutenentzat. Getxon datorren urtean irekiko dute belaunaldi arteko zentroa. Populazioaren zahartzeari erantzuteko zuzendaritza berezi bat sortuko dute; gobernuaren «politika guztietan» izango du eragina. Adingabeei dagokienez, ahaldun nagusiak ohartarazi du bakarrik etorritako etorkinei arreta ematen dieten hamasei zentroetan «muga-mugan» daudela, eta Espainiako Gobernuari kontingentzia plan bat eskatu dio.
5
Bestelakoak
Ekonomia eta energia arloetan hainbat programa aipatu ditu Etxanobek. Esaterako, azaroan Energy Intelligence Center zabalduko dute Abanton, trantsizio energetikoa bultzatuko duen ikerketa zentroa. Ingurumenari lotuta, datorren urtean Zornotzako BZB birziklatze zentroa handitzen hasiko dira, baita Artigasko biometanizazio planta eraikitzen ere, biogasa sortzeko. Zerga politika «ondo» dabilela uste du ahaldun nagusiak, baina iragarri du urtea bukatu aurretik berrikusteko proposamena aurkeztuko dutela Batzar Nagusietan; besteak beste, ingurumena, etxebizitza eskubidea eta gizarte kohesioa izango ditu ardatz.
Erreakzioak
- Iker Casanova (EH Bildu):
- «[Guggenheimen kontuan] Elkarrizketarako deia egin duzu, baina bai ala bai egingo dela esan duzu. Zertaz hitz egingo dugu orduan?».
- «Bizkaia polizentrikoa ezinbestekoa dugu. Lurraldeko eskualde guztietan zerbitzuak, mugikorrasunean eta ekonomia garapenean aukera berdintasuna ezinbestekoak dira».
- «Zaintza eredu publiko komunitarioa eraiki behar dugu gaurko feminizazioa, prekarizazioa, familirizazioa eta merkantilizazioa gaindituz».
- Eneritz Madariaga (Elkarrekin Bizkaia):
- «Herritarrek erosteko ahalmena galtzen jarraitzen du, klase herrikoiak pobretzen ari dira eta oraindik ez dugu etxebizitzarako eskubidea gauzatu».
- «Urte hau galdua izan da, eta neurri eta politika garrantzitsuak ezar zitezkeen, ekonomian, gizartean eta ingurumenean eragina izan dezaketenak».
- «[PSEri] Erabil eta defenda itzazu erakusten dituen jarrera aurrerakoi eta ezkertiarrak».
- Raquel Gonzalez (PP):
- «Diputazioaren benetako arazoa da iragana mantentzea etorkizunerako gida gisa. Iragarri duzun guztia izapidetzen ari zen, eta berdin geratzen da. Oinordetzan hartu duzu guztia».
- «Sopuertako adingabeen zentroan gertatutakoa arreta zerbitzuak gainezka egin duen azken adibidea da. Gainera, Viveroko egoitza zarratu duzu eta profesionalak kaleratu dituzu».
- Goyo Zurro (PSE-EE):
- «Euskadiko gainontzeko herrialde historikoen aldetik eskuzabaltasuna eta lankidetza behar dira etorkin adingabeei arreta emateko».
- Jesus Lekerikabeaskoa (EAJ):
- «Ez dago hasieran kritikak jaso dituen proiektu garrantzitsu eta arrakastatsu bakar bat ere».