Komiki marrazkilaria

Jon Mikel Bañales: «Eskuz marrazteak gizatasuna ematen die komikietako protagonistei»

AEBetako DC Comics argitaletxerako komiki marrazkiak egiten ditu Bañalesek, pandemia garaitik. Fant jaialdiaren harira, haren marrazkietako batzuk ikusgai egongo dira Bilboko Barrainkua aretoan, maiatzaren 10era bitarte.

 Jon Mikel Bañales DC Comics argitaletxeko marrazkilaria, asteartean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Jon Mikel Bañales DC Comics argitaletxeko marrazkilaria, asteartean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
iraia vieira gil
2024ko maiatzaren 6a
05:00
Entzun

Hiruzpalau urte zituenean hasi zen marrazten Jon Mikel Bañales (Bilbo, 1998), gurasoen ofizioek eraginda, gehienbat. Izan ere, Goio Bañales aita komiki gidoilaria du, eta, Maria Jose Lopez amarekin batera, Trokola Bizkaiko lehenengo fanzinea sortu zuen 1980ko hamarkadan. Haien pasioa bere egin du Bañalesek, eta, Arte Ederretan lizentziatu ostean, DC Comics AEBetako argitaletxerako komikiak sortzen ditu orain. Bilboko Fant Fantasiazko Zinema Jaialdiaren harira, Bilbotik Kaliforniara erakusketa ikusgai jarri du Bilboko Abandoko Barrainkua aretoan. Maiatzaren 10era bitarte egongo da zabalik, eta DC Comics argitaletxeak argitaratu dizkion superheroien komikiak ikusteko aukera izango du publikoak.

Noiz hasi zinen DC Comics argitaletxerako lan egiten?

Pandemia garaian izan zen. Bartzelonako komiki azoka online egin zuten orduan, eta DC Comics argitaletxeari hainbat zirriborro bidaltzea erabaki nuen nik. Komiki gehienek, ordea, Marvel argitaletxeko pertsonaien istorioak biltzen zituzten; Spiderman superheroiarenak, esaterako. Eta hori zen nire kezka nagusia, elkarren arteko lehiakideak direlako bi argitaletxe horiek. Azkenean, nire marrazkiak gustatzen zitzaizkiela esan zidaten DC Comicseko arduradunek, eta, hilabete batzuk geroago, hamar orrialdeko komiki bat egiteko eskatu zidaten. Ordutik, haiekin aritu naiz lanean.

Nolakoa da horrelako enpresa handi batentzat marraztea?

Gainerako guztiaren gainetik, nabarmenduko nuke oso prozesu kolaboratiboa dela. Gidoilari batek testuak idazten ditu, eta testuok niri bidaltzen dizkidate. Aldaketak egin gabe, marrazkiak sortzen eta tindatzen ditut nik. Ondoren, kolorista batek eta errotulatzaile batek errepasatu behar dute lan guztia. Alde horretatik, oso garrantzitsua da eskatzen dizkiguten entrega epeak betetzea; bestela, komikiaren argitaratze data berandutu daiteke. Noski, sorkuntza prozesu horrek sekulako presioa eragiten du norberarengan, eta, askotan, inpostorearen sindromea ere sortu dit.

«Hego Koreak ondo egiten jakin du: azken urteotan, hango zinemaren berri izan du mundu guztiak, gobernuak kultura arloan inbertsio handiak egin dituelako. Uste dut hemen ere horrelako zeozer egin beharko litzatekeela, eta ez bakarrik komikiari dagokionez»

Zein da zure lan egiteko modua?

Nik eskuz marrazten dut, bi arrazoirengatik. Batetik, marrazten hasi nintzenean, ez zen batere ohikoa etxean tableta bat izatea; beraz, betiko teknikari eutsi diot. Eta, bestetik, uste dut komikiak eskuz marrazteak gizatasuna ematen diela istorioko protagonistei. Hau da, tableta batean marrazten duzunean, marrazteko programak zuzendu egiten dizkizu akatsak. Eskuz ari zarenean, hori ez da gertatzen: ile solte bat marrazten dut nahi gabe, eta horrek aurretik planteatu ez ditudan irizpideak jarraitzeko aukerak ematen dizkit.

Ingelesez egiten duzu guztia?

Bai, eta horrek alde onak eta alde txarrak ditu. Nire ingeles maila asko hobetu da, zalantzarik gabe; baina, era berean, beste hizkuntza batzuetan lan egiteko aukerak murriztu zaizkit. Euskarazko komikirik ez dut egin, adibidez. Badauzkat lagunak euskarazko komikiak egiten dituztenak, eta arlo horretan gogoz ari direnak lanean. Joker liburu dendak, zehazki, euskarazko komikiak kaleratzeko argitaletxea sortu du.

Oro har, zein da komikiaren egungo egoera?

Argi dago salmentek behera egin dutela, eta nik uste dut komikia sustatzeko bideak bilatu behar direla. Hain zuzen ere, edozein diziplina artistiko bezala, errealitatea interpretatzeko beste modu bat da komikigintza. Alde horretatik, Hego Koreak ondo egiten jakin du: azken urteotan, hango zinemaren berri izan du mundu guztiak, gobernuak kultura arloan inbertsio handiak egin dituelako. Uste dut hemen ere horrelako zeozer egin beharko litzatekeela, eta ez bakarrik komikiari dagokionez. Gazteek artearen inguruko interesa galdu dute, eta hori berpiztea ezinbestekoa da.

Adimen artifizialaren beldur zara?

Galdera ona da. Oraingoz, lasai nago. Duela gutxi, DC Comicseko marrazkilari bati salaketa jarri zioten marrazkiak adimen artifizialaren bitartez sortu zituela leporatuta. Argitaletxeak marrazkilari horrek egindako komiki guztiak merkatutik kendu zituen, eta argi utzi zuen ez zuela adimen artifizialaren bitartez egindako marrazkiak onartuko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.