PROPOSAMENA: ZINEMA IKUSEZINA JAIALDIA

Eskulanaren soinu bereizgarria

Artisautza aldarrikatu du Ainhoa Urgoitia zinemagileak ‘Eskuen soinua’ film laburrean, luthierren jardunean oinarrituta. Zinema Ikusezina jaialdian emango dute pelikula.

'Eskuen soinua' filmeko irudi bat. AINHOA URGOITIA
Ainhoa Urgoitiaren 'Eskuen soinua' filmeko irudi bat. AINHOA URGOITIA
amaia igartua aristondo
2024ko urriaren 12a
05:00
Entzun

Zarata ez da beti berdina: ozenagoa da batzuetan, erritmo biziagoa du zenbaitetan, moteldu egiten da detaileren bati arreta jartzeko... Halakoa da eskuek egiten duten soinua: aldakorra, ez-mekanikoa. «Soinu berezia da, zuk sorrarazten duzulako; zu zara egurrezko pieza bati bizitza ematen ari dena. Elkarrizketa bat da, zure eta egurraren artekoa». Hala deskribatu du luthier baten jarduna Ainhoa Urgoitia zinema zuzendariak (Bilbo, 1976), eta film labur batean jaso ditu soinua bera eta musika trenak sortzeko urratsak: Eskuen soinua du izena lanak, hain justu. Enrique Reyrekin batera ondu du, eta Zinema Ikusezina jaialdian proiektatuko dute, Bizkaiko hainbat herritan.

Ikusi gehiago

Galdera bat dago pelikularen oinarrian: gaur egungo bizimodua eta lan egiteko era aintzat hartuta, utopikoa al da oraindik ere eskuekin lan egitea? «Gure ustez, ez», erantzun du Urgoitiak, irmo. Eta ez dira hori pentsatzen duten bakarrak, ekoizpenean baieztatu dutenez. «Badirudi luthierren lana lehengo kontua dela, eta ez da horrela. Sorpresa bat izan zen: pila bat jende dago hori ikasten. Gazte asko zeuden interesatuta: askok nahi dute horrelako produkzio moduak iraun dezan».

Potentziala aitortzea

Artisautzaren aldarrikapen bat ere bada Eskuen soinua, haren balioa gogorarazteko ahalegin bat. «Makina batek ezin dezake egin pertsona batek egin dezakeen pieza. Ezin diezazkioke berezitasun berak eman, ezta arima ere. Uste dut horretan dagoela ezberdintasuna», argudiatu du zuzendariak. Era berean, zalantzan jarri ditu ziurtzat ematen diren bi baieztapen: batetik, makinaren lana eskuzkoa baino azkarragoa dela, eta, bestetik, eskulana garestiagoa dela. «Erlatiboa da. Beste modu batean kontsumitzen hasi beharko genuke, ez beti diruari edo denborari begira. Eta eskuekin lan egitearen garrantzia ere hor dago: beste modu batean kontsumitzera eta produzitzera eramaten gaitu».

«Badirudi luthierren lana lehengo kontua dela, eta ez da horrela. Sorpresa bat izan zen: pila bat jende dago hori ikasten. Gazte asko zeuden interesatuta»

AINHOA URGOITIAZinemagilea

Orokortu egin du eskulanaren balioa: ez da luthierren edo bestelako artisauen ardura soilik, pertsona orok erabiltzen baititu eskuak egunerokoan, eta ez bakarrik beharrean. «Makina batek ez dauzka gure gaitasunak. Gure zentzumenei balioa eman behar diegu. Gure bizitzan gauza asko egin ditzakegu eskuekin, eta ez dugu ahaztu behar potentzial hori daukagula». Nahiz eta, haren esanetan, balio horiek ez diren behar bezala helarazten. «Askotan, ikastetxeetan baztertu egiten da eskuekin lan egitea, eta mekanizazioa bultzatzen da». Paradigma horren inguruko gogoeta bat eragin nahi dute zinema festibalean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.