Lurraldeko txapelketek ez ezik, eskualdeko txapelketek ere badute indarra Bizkaian. Egunotan Uribe Kostako Bertsolari Txapelketa jokatzen ari dira, kasurako, eta eskualdeko hamasei bertsolarik eman dute izena. ALBE Algortako Bertso Eskolak antolatu du, eta, lana eskatzen badu ere, «gustu handiz» egiten dutela kontatu dute bertso eskolako kideek. Martxoaren 23an jokatuko da finala.
Halako txapelketen bitartez «formatu informal eta herrikoi batean» publikoarengana iristeko aukera dutela azpimarratu du Paule Loizaga ALBEko kideak. Era berean, plaza bat eskaintzea ere bada asmoa: «Txapelketa nagusietan aritzen ez diren bertsolariei plazaz gozatzeko aukera ematen die eskualdeko txapelketak, etxeko berotasunean eta ohiko txapelketaren zurruntasunetik kanpo».
Joan den larunbatean abiatu zen txapelketa, Berangon: «Giro ona izan zen, hainbat lagun bildu ziren bi saioetan, eta txapelketari hasiera ederra eman zitzaion». Arrate Illaro eta Jone Uria izan ziren garaile, eta zuzenean sailkatu dira finalaurrekoetarako.
«Bertso eskolaren eta herriko bestelako eragileen eta komertzioen arteko sare bat eratzen ari gara, eta hori garrantzitsua da guretzat elkarlanerako zubiak eraikitzen jarraitzeko».
PAULE LOIZAGAAlgortako Bertso Eskolako kidea
Hurrengo bi saioak, berriz, gaur arratsaldean egingo dituzte, Sopelan. Etxekhi tabernan izango da lehenengoa, 19:00etan, eta bertsolari hauek arituko dira kantuan: Kerman Diaz, Imanol Uria, Aritz Landeta eta Naroa Torralba. Bigarren saioa Laiak tabernan egingo dute, 20:30ean. Paule Loizaga, Peru Irastortza, Joanes Igeregi eta June Diaz bertsolarien txanda izango da.
Saio horien ondotik, martxoaren 23an jokatuko da finala. ALBE bertso eskolak egun osorako egitaraua prestatu du, Algortan (Getxo): eguerdiko hamabietan hasita, hiru finalaurreko eta finala jokatuko dituzte. «Elkargune ederra izango da, elkarrekin bertso giroan gozatzeko eguna», zehaztu du Loizagak.
Oro har, Uribe Kostako eskualdean bertsolaritza eta bertsozaletasuna «osasuntsu» dagoela uste du Loizagak: «Oso eskola aktiboa gara, eta eskualde osoan eragiten ahalegintzen gara. Urtean zehar saio ugari antolatzen ditugu eskualdeko ia herri denetan, eta jendea agertzen da». Urterik urtera, gainera, eskualdean lekua hartzen ari direla uste du: «Saioak tabernetan egiten direnez, tabernariekin harremana sendotzen ari gara. Bertso eskolaren eta herriko bestelako eragileen eta komertzioen arteko sare bat eratzen ari gara, eta hori garrantzitsua da guretzat elkarlanerako zubiak eraikitzen jarraitzeko».
Alabaina, «hutsune bat» ere nabaritu dute azken urteotan: gazte falta. «Eskualdeko eskola zein ikastoletatik ez zaigu gazterik iristen ari bertso eskolara. Kezka pizten digu, eta gaia lantzen gabiltza, orain arteko osasunari eutsi nahi badiogu ezinbestekoa baita transmisioa eta belaunaldi berrien aktibatzea».