Eskerrak emateko esperimentua

Zamudioko Lagatzu Euskera Alkarteak kontzertu berezi batekin ospatuko du 25. urteurrena, zapatuan, herriko kiroldegian. Oholtzara hainbat musikari igoko dira, talderik gabe eta abesti ezagunen bertsio ezezagunekin, ‘Kultura bere bidean’ ekitaldian.

2024ko Lagatzu Eguna-euskal jaia, ekainaren 29an, Zamudion. LAGATZU EUSKERA ALKARTEA
Zamudioko aurtengo Lagatzu Egunaren une bat, ekainaren 29an. LAGATZU EUSKERA ALKARTEA
irene baranano
2024ko urriaren 14a
05:00
Entzun

Zamudioko Lagatzu Euskera Alkarteak 25 urte bete ditu. Kultura bere bidean ekitaldiarekin ospatuko dute, zapatuan, herriko kiroldegian, eta ez dute edonola ospatuko: hamazazpi artista musikal igoko dituzte oholtzara, talderik barik. Gonbidatuen artean, Gozategiko Asier Gozategi eta Iñigo Goikoetxea daude, eta AMAK taldeko Amaia Oreja, Kris Solano eta Maixa Lizarribar. Horiez gain, Zamudion izango dira Betagarriko Iñaki Ortiz de Villaba, Zarama taldeko Roberto Moso, Doctor Deseoko Francis Diez, ETS taldeko Iñigo Etxezarreta, Sorotan Beleko Gorka Sarriegi eta Urbil Artola, Haize Arrosa taldeko Eneritz Gorritxategi eta Edurtzeta Ania eta Jokaldiko Juantxu Urkiaga. Gainera, bakarlari batzuk ere gonbidatu dituzte: Eider Saez eta Mikel Markez kantariak eta Etxahun Lekue bertsolaria. Ikuskizun puntua Kukai dantza taldeak jarriko du.

«Lagatzuk beti egiten ditu halako gauza bereziak», azaldu du Iñaki Atxutegik, elkarteko kide eta jaialdiaren antolatzaileetako batek. Berritzailea izango da ekimen hori ere. «Artista gonbidatuek ezagutzen ditugun kanten bertsio ezezagunak joko dituzte»; bakoitzak abesti bat edo bi, edo musikari bat baino gehiago ariko dira elkarrekin. Euren taldea etxean utziko dute, baina antolakuntzak sei musikariz osatutako kuadrilla bat jarriko du abeslariak laguntzeko.

«Horrelako formatuak egin izan dira beste hizkuntza batzuetan, baina euskaraz bakarrik egiten duten kantariekin ez da sekula egin, esan digutenez»

IÑAKI ATXUTEGIAntolatzailea

Kontzertu bat egin nahi zutela esan du Atxutegik, baina formatu ezberdinarekin: «Horrelako formatuak egin izan dira beste hizkuntza batzuetan —gazteleraz eta ingelesez, adibidez—, baina euskaraz bakarrik egiten duten kantariekin ez da sekula egin, esan digutenez». Hori guztiori antolatu dute Lagatzuri «horrenbesteko denbora eta gorabehera tarteko» lagundu dioten pertsonei esker ona adierazteko. Atxutegiren berbetan, «formula berezi bat» sortu dute, «jendearen gozamenerako».

Euskal kultura Zamudion naturaltasunez bizitzeko aukera ere izango da Kultura bere bidean. Izenburua tentu handiz aukeratu dute: «Badakigu gure ingurua zein den, Zamudion gure egoera linguistikoa daukagulako, baina ahalegintzen gara kultura eta batez ere euskal kultura naturaltasunez erabiltzen».

Euskara Zamudion

Zamudion 3.000 biztanle pasa bizi dira, eta bertako egoera soziolinguistikoa plurala da. Populazioa etengabe hazi da azken mendean, eta azken urteetan, Atxutegik dioenez, Bilbo Handian bizi izandako pertsonak joan dira bertara bizitzera, batez ere. Pozik agertu da, edonola ere, euskararekiko duten jarrera onarekin: «Batzuk euskaraz jakin barik etorri dira, edo batuaz bakarrik jakinda, baina aldeko jarrerarekin etorri dira».

Lagatzuk herrian esfortzuak egiten ditu euskara modu naturalean bizi dadin. «Euskara klaseak ematea besterik ez zaigu falta...», adierazi du Atxutegik. Izan ere, Lagatzu Euskera Alkarteak hainbat lan egiten ditu, eta era askotakoak. Kasu baterako, Zamudioko euskararen inguruko liburuak argitaratu izan ditu; herriko berbei buruzko bat eta bertako ahoskeraren inguruko beste bat, adibidez. Horrez gain, Lagatzu Eguna eta Euskal Jaia ere antolatzen ditu, baita bestelako ekitaldiak ere. «Gauza txikiak eta handiak egiten ditugu», esan du Atxutegik: «Bakarrizketa bat edo magia ekitaldi bat,  Herri Txiki Infernu Handi saioaren grabaketa, kontzertu bat...». Berbarako, urriaren 18an, Porrotx eta Marimotots kiroldegian izango dira, 18:00etan.

Zamudion euskara normalizatzeko bidean, Atxutegik gogoan du duela 25 urte elkartea sortu zeneko kartel bat. Bertan ageri ziren orduko alkatea, oposizioko burua, eskolako maistra bat, aguazil bat, futbol klubeko presidentea, nekazari sindikatuan zegoen kide bat... «Pertsona ezberdinak, mundu eta ohitura ezberdinetakoak, baina bazuten gauza bat batzen zituena: euskara».

Gaur egun, logika horren eskutik egiten du lan Lagatzuk. Jaialdiaren antolatzaileen esanetan, Zamudion eta inguruan «harrera ona» egiten diete. «Gu oso pozik gaude Zamudioko biztanleek ematen diguten babesagatik», adierazi du Atxutegik. Harro dago Zamudioko 3.000 biztanleetatik bostehun biltzen dituztelako euskal jaian: «Badakigu Lagatzuk herriaren babesa duela. Euskaldunak ala ez, mota askoko pertsonek babesten gaituzte, eta berdin jarraitzea espero dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.