Maria Ortega Zubiate

Erromesak eta turistak, edo biak batera

2024ko urriaren 4a
05:00
Entzun

Batzuetan, bizitzak leku bitxietara eramaten zaitu, eta zelan izan den oso ondo ez dakidala, nazioarteko «bidaiarien» Telegram talde batean agertu naiz gaur. Bidaiariak, kakotx artean, mezuak irakurtzera sartu eta lehenengo mezuan «munduko biztanle» bat aurkitu dudalako; herririk ez duten horietakoa, baina bai pasaportea eta mardula gainera, granate kolorekoa, noski. Bada, gauzak zelan diren, hori irakurri dudanean etxean sentitu naiz; gure herriko terraza batean, zehazki. Hau irakurtzen gernikarrik badago jakingo du zer ari naizen esaten.

Gure herrian uda eta turismoa ez dira sinonimo; gure herria, bere horretan baita turismoaren sinonimoa, neurri batean, betiere. Guk ez dugu beraneanterik, hona ez dator hiriburuko aberatsik (edo bai, baina horiez ez dut berbarik egingo gaur). Gurera santiageroak heltzen dira, aldraka heldu ere. Eta ni, egiari zor, betidanik erakarri izan naute.

Beti eman didate inbidia, urteko sasoia edozein dela ere, mota horretako bidaiak egiteko aukera duten horiek, «mundua ikusi» ahal izan duten horiek. Euren konbertsazioak gutiziaz entzuten hasi naiz. Ahate pausoak ematen dituzten koitadu horiek plazara hurbiltzen ikusi orduko hasi ohi naiz belarriak tente eta burua martxan, nire barne-barnean nik ere eurek modukoa izan nahi nuela, mundua ikusi nahi nuela sinetsiz. Mundua bai, baina ze mundu?

«Badirudi, zelan gertatu den oso ondo ez badakit ere, kontzientzia aurrerakoi eta bakezale bat dutela sinetsita dauden aberatsen talde batean infiltratu naizela»

Barroetako bidetik heltzen dira, gurera Northern Spain zeinen polita den miresten. «Hola»-ren batekin agurtzen dituzte paseoan dabiltzan herritarrak, gidaren batean irakurritako tabernen izenez galdezka aritzen dira gaztelera traketsean, edota, zuzenean, ingelesez; eta, arratsaldeetan, eguzki izpiak aprobetxatzen dituzte, herriko terrazaren batean garagardo bat eta beste bat eta beste bat irensten dituzten bitartean. Eta, jada laugarren garagardoan edo, hasten dira, nire Telegrameko taldekoak moduan, munduko herritar izaten.

Telegram talde horretan bere burua aurkeztu duen lehenak munduko biztanletzat du bere burua, ez dakielako zehazki nongoa den; lau etxe ditu eta. Gure herrian camino-ari jarraiki dabiltzan enpresa jabe, arkitekto, ingeniari edota hemengoen hiru pentsio beste kobratzen dituzten jubilatuei berdin die han edo hemen, erdiek ez dutelako lan egiteko premiarik eta beste erdiak nomadak direlako; mundua da euren agertoki, eta, beraz, berau dute euren herri.

Badirudi, beraz, zelan gertatu den oso ondo ez badakit ere, kontzientzia aurrerakoi eta bakezale bat dutela sinetsita dauden aberatsen talde batean infiltratu naizela. Agian plazaratuko ditut nire ikerketaren emaitzak, baina, bestela, segi gure herriko plazara eta jarri belarria alboko mahaietakoei: munduko tendentzien berri izango duzue, baina ez duzue jakingo Madrilen ala Parisen zaudeten, eurek ere ez dakite eta; munduan daude, beste barik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.