Jon Bastantek (Zornotza, 1988) hamabost urteko esperientzia du ekoizpen ekologikoan. 2012an hasi zen Zornotzako Ibarra baserria kudeatzen, eta bertako ortuan hazten dituen produktu ekologikoak saltzen ditu orain. Horrez gain, aholkularitza zerbitzuak eskaintzen dizkie ekoizpen ekologikoan hasi edo trebatu nahi duten nekazariei. Sektore horri ekin nahi diotenek, ordea, hainbat oztopori egin behar diete aurre produktuak ekoizten hasi aurretik. Bastantek zehaztu duenez, lurrerako sarbidea da arazo nagusia: «Nik neuk bizitako esperientzian oinarrituta esan dezaket hori». Hala ere, uste du baserri batean aritzea eta produktu ekologikoak ekoiztea «oso lan polita» izan daitekeela; batez ere, erosleek emandako erantzuna ona denean. Asteazkenean, Anbotopeko elkarteak Elorrion antolatutako Bertoko elikadura osasuntsua hitzaldi zikloan arituko da Bastante: Ekoizketa ekologikoan zelan hasi saioa emango du. Besteak beste, kontsumo ohitura osasuntsuak bultzatzea du helburu hitzaldi zikloak.
Norentzat dago pentsatua ekoizpen ekologikoaz Elorrion asteazkenean emango duzun hitzaldia?
Izenburuak berak dioenez, ekoizpen ekologikoari ekin nahi diotenentzat. Ez dute zertan egin urratsik profesionalizaziorako bidean. Euren produktu propioak ekoiztu nahi dituzten nekazariak ere izan daitezke; orturen baten jabe direnak, adibidez. Produktu ekologikoen ekoizpena eta kontsumoa sustatzeko hitzaldia izango da, hain zuzen.
Zeuk hamabost urteko esperientzia duzu sektorean. Zein da horren alderik gogorrena?
Lurrerako sarbidea, zalantzarik gabe. Hori da azken 30 urteotako arazo nagusia ekoizpen ekologikoari dagokionez. Alde batetik, ibaien inguruko orografian hiriak eta industria eraiki ditugu, eta ez da nekazariek lantzeko lurrik geratzen. Beste aldetik, geratzen diren lur gutxi horien prezioak oso garestiak dira: lur jabeek hirietako lurren prezioan saldu nahi dituzte landa eremukoak, eta jende askok ezin ditu erosi; metro koadroko hamabi euro ere eskatzen dituzte.
Hori erregulatzeko legerik ba al dago?
Administrazioak ez du hori erregulatzeko araurik. Ulertzen dut zaila dela hori egitea eta lur jabeekin negoziatzea. Behintzat, landa eremuko lurren inguruan kontzientzia sorrarazteko kanpainak egin ahalko lituzkete. Uste dut horrela ekoizle gehiago izango ginatekeela.
«Hiru euro baino gutxiago balio duten lekak ikusten baldin badituzu supermerkatuan, egiazta ezazu nola eta non ekoiztu dituzten, eta hor aurkituko duzu zergatik diren hain merkeak»
Ekoizle ekologiko izateko eta baserri batean lan egiteko prest dago jende gaztea?
Egun, erretiroa hartzen duten nekazari gehiago daude sektoreari ekin nahi diotenak baino. Lurrerako sarbidea arazo handia da, baina jende askok ez du nekazaritza lanetan aritu nahi, uste dutelako oso gogorra dela. Nik ez dut uste hala denik. Finean, baserri bateko ekoizle profesional izateko bidean pausoak eman nahi baldin badituzu, bestelako negozio batzuetako jabeek dituzten ardura berak izango dituzu. Lan guztiek bezala, nekazaritzak ere berezitasunak ditu, nola ez; lan gehiago egingo duzu udan neguan baino, ziur. Kudeaketan dago gakoa.
Beraz, ez duzu uste egin beharreko lana hain gogorra denik.
Alde horretatik, oso positiboa naiz, eta ez dut kexatzea gogoko; oporrak ere baditut. Gainera, esker oneko lana da oso. Hasteko, zuk zeuk hazia landatu eta barazkia hazten ikusten duzu. Saldu ostean, gainera, erosleren batek esaten dizu zapore ezin hobea zuela. Hori oso polita da, oso pozik jartzen zaitu. Eta, gainerako negozioetan gertatzen den bezala, urteko irabaziak ez dira handiak izaten hasieran.
Zer elikagai ekoizten dituzue Ibarra baserrian?
Askotarikoak dira: letxuga, tipula, bele pasak, azak, azaloreak, brokoliak, lore jangarriak, koloretako errefauak, arbiak... Imajina dezakezun edozer. Bitxikeria moduan, zera: edamamea egiteko soja ere ekoiztu dugu. Barazki bakoitzak bere sasoia du, noski; ez ditugu udareak edo ziazerbak jango abuztuan. Merkatuak eragin handia du ekoizten dituzun produktuetan: badakizu zeintzuk saltzen dituzun egunero eta zeintzuk ez. Sektorearen profesionalizazioan arrakasta izateko, nekazari bakoitzak jakin behar du zer den errentagarriena negoziorako.
Nolakoak dira produktu ekologikoen kontsumitzaileak?
Askotarikoak. Jende nagusia dator, baina baita gaztea ere. Azken urteotan galtzen hasi da produktuak politak direlako erosteko jarrera. Elikagai ekologikoak beste merkatu batzuetan aurkitu ditzakezun produktuak baino itsusiagoak dira, baina normala da, eta jendeak badaki. Gainera, supermerkatuetako eta merkatu ekologikoko produktuen prezioak antzekoak dira normalean. Betiere kalitatea kontuan hartuta: hiru euro baino gutxiago balio duten lekak ikusten baldin badituzu supermerkatuan, egiazta ezazu nola eta non ekoiztu dituzten, eta hor aurkituko duzu zergatik diren hain merkeak.
Zer mezu helarazi nahi diezu Elorrioko hitzaldira joango direnei?
Ekoizpen ekologikoa zertan datzan azaltzea izango da lehenengo gauza. Ondoren, lurra behar bezala zaintzeko erabili behar dituzten produktuak gomendatuko dizkiet, eta baserri ekologiko bateko ortuak gaixotasunetatik eta izurrietatik zaintzeko aholkuak eman. Finean, nekazaritza ekologikoaren garrantziaz arituko naiz.