Maria Ortega Zubiate

Erreferenteak

2024ko azaroaren 1a
05:00
Entzun

Urte nahikotxo pasatu dira nik ahots goran eta harro esan ahal izateko nerabezaroan YouTubeko lesbiana guztien bideoak ikusten nituela. Urte nahikotxo pasatu baitira ahots goran eta harro esateko bollera naizela, baina horrek ez dit inoiz beste aitortzak besteko lotsarik eman. Lotsaz gorde izan dut beti, bere edukiari gehitzen baitzitzaion nahiko frikia zela kontu horiek YouTuben ikustea. Baina, gauzak zelan diren, jende asko ezagutu dut bere lehen lesbiana erreferenteak ere Interneteko bideo pixelatu horietan aurkitu zituena. Esan barik doa guzti-guztiak edo mediku edo polizia zirela, 2000ko eta 2010eko hamarkaden kontuak: gaitz erdi, orain ere horrela ez balira.

Lehengo batean lagun batekin nenbilen honi buruz berbetan, oso zinemazalea dena, eta hark ere hausnarketa bera egin zidan: telesailetan eta filmetan agertzen diren lesbiana ia guztiak direla poliziak. Tira, duela ez hainbeste urteetakoetan guztiak hiltzen zituzten; beraz, bada aurrerapauso bat euren erreferenteak pantaila handian edo txikian aurkituko dituzten etorkizuneko lesbianentzat, baina ez da bereziki lasaigarria nik izan nuen eredu bera haiek izango dutela jakitea. Zein eredu den ikusita, are gutxiago.

Izan ere, guztiek dute, gainera, soslai oso antzekoa: estiloa dute baina ez larregi, agintzaileak dira baina gizonezko kideen zakarkeria jasan behar izaten dute, lesbianak dira baina normalean ez da oso publikoa izaten; eta guzti-guzti-guztiek amerikanak janzten dituzte. Batek jakin zein den arrazoia gidoilariek uste izateko lesbiana guztiak horrelakoak direla; ni banaiz lesbiana, eta ez naiz ez estilosoa, ez agintzailea, ez polizia. Baina, tira, uler dezaket estereotipo oso erraza eta erosoa dela lesbianak beti lanbide historikoki maskulinizatu horretan kokatzea; emakumeen ahalduntze keinu gisa ere idatziko zuten gidoilari askok, ziur nago.

Nire ametsa da gu hezi gintuztenak antigoaleko eta modaz kanpo geratuko direla, esan nahiko duelako tartean hain egongo direla erreferente eta adibide asko

Baina bada garaia etorkizuneko lesbianek euren burua pantailan ikusi eta ezagutzeko, YouTubeko iragarki artean baino pantaila txikian eta handian mila motatako erreferenteak ikus ditzaten, ikus dezaten ez daudela bakarrik. Mota guztietako lesbianak behar ditugu pantailan, ez soilik gizonei gustatzen zaizkien estilokoak. Ez ditugu estereotipatuak behar (bestela galdetu The L Word ikusten Shanez maitemindu ziren guztiei). Behar ditugu errealak; gu errepresentatu behar gaituzte eta ez guk haiek imitatu.

Nire ametsa da hemendik hogei urtera datozenek ez ezagutzea Shane, ez jakitea zein den The L Word, eta oso kutrea iruditzea telesailak YouTubeko mozketa bidez ezagutzea. Nire ametsa da gu hezi gintuztenak antigoaleko eta modaz kanpo geratuko direla, esan nahiko duelako tartean hain egongo direla erreferente eta adibide asko. Horretara heltzen bagara, ez gabiltza txarto.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.