Mumbain izan zen 2022an Maria de Azeredo idazle eta editorea (Porto, Portugal, 1997), Deustuko Unibertsitateko Ekintza Humanitarioko master bukaerako praktikaldia egiten. Txaboletako emakumeek autogestionatutako ehungintza enpresa batean izan zen, zehazki. Han bizitakoa jaso zuen Diário da Índia (Indiako egunerokoa) liburuan, portugesez. Gaztelaniazko itzulpena aurkeztu zuen atzo Oxfamen Bilboko dendan.
Liburua idazteko ideia buruan zenuela joan zinen Mumbaira?
Inondik ere ez. Indiara heldu nintzenean, izugarrizko talka kulturala sentitu nuen. Ikusten nuena idazteko beharra sentitzen nuen. Hori bera da liburua. Beti eramaten dut koaderno bat soinean. Idazteko ohitura dut, interesatzen zaizkidan kontutxoak apuntatzekoa, baina Indian beharrizanagatik idazten nuen. Gallo de Oro argitaletxean lan egiten dudanez, itzuli nintzenean, idatzitakoa interesekoa izan zitekeela esan zidaten bertan.
Zerk sortzen zizun idazteko beharra?
Oso gogorra zen bizitzen ari nintzen guztia. Une horretan ezin nien gurasoei edo lagunei deitu ikusten ari nintzena kontatzeko, eta horrek ezinegon handia sortzen du. Horregatik nuen idazteko beharra.
«Mumbain, posible da luxuzko eraikin baten aurrean kalean bizi den familia bat aurkitzea»
Zer nabarmenduko zenuke hunkitu zintuzten bizipen horietatik?
Egunero ikusten dira aberastasun handia eta pobrezia izugarria, esparru berberetan. Indian denetarik dago: ospitale pribatu onak, Mendebaldeko arropa denda berak... Mumbain, posible da luxuzko eraikin baten aurrean kalean bizi den familia bat aurkitzea. Talka horrek asko hunkitzen ninduen. Gainera, kasten araberako diskriminazioa oso nabaria da oraindik ere, Indiako Konstituzioan debekatuta dagoen arren. Pertsona bat kastarik gabe jaiotzen bada, ukiezina bada, ukiezin hilko da. Haurrek eta emakumeek ere jasaten dute indarkeria. Kalean haur asko ikusten dira bakarrik. Adibidez, liburuan kontatzen dut behin bi urte inguruko haur bat ikusi nuela bakarrik kale erdian, gorotzekin jolasten. Uste dut denborarekin erraza dela horrelako bortizkeriara ohitzea, baina nik ez nuen nahi pobrezia eta miseria ikustera ohitzerik, bihotza gogortzerik.
Diskriminazio horiek salatzen dituzu liburuan?
Bai, eta asko hunkitu nindutenez, horrelaxe bildu nituen. Idazkera gordina da; filtro barik idatzi dut. Nire begietatik sartzen zena zuzenean irudikatzen nuen hitzekin, eta ez dut ezertxo ere berridatzi nahi izan. Beharbada istorioren bat aldatu ahalko nukeen, baina idazteko orduan nuen intentsitatea bere horretan uztea ondo iruditu zitzaidan.
Kontakizunen bortizkeria alde batera utzita, liburuan proiektu itxaropentsu bati buruz idatzi duzu, ezta?
Creative Handcrafts izeneko elkartean egin nuen praktikaldia. Bertako emakume langileak itxaropen hazi bat dira. Berrehun inguru izango dira. Inguru pobretuetatik datoz, eta han egiten duten lanak bizi baldintza kaskarretatik ateratzeko aukera ematen die. Ez da karitatea: hogei bat laguneko kooperatibatan antolatzen dira emakumeak, lan egiten dute, eta soldata jasotzen dute. Asko ahalduntzen ditu lan horrek, eta, horri esker, senarren ekonomiarekiko independente bihurtzen dira. Gainera, lantegian bertan haurtzaindegia dute, eta euren seme-alabek ikasteko bekak jasotzen dituzte. Lan horrek, gainera, beste lanpostu batzuetan ez dituzten aukerak ematen dizkie: adibidez, bankuko kontu bat zabaltzen laguntzen die, edo, etxebizitza ordaintzeko mailegu bat behar badute, elkarteak berak mailegu sistema bat du. Horrez gain, gizarte langileak ere badaude, haien arazoez arduratzen direnak: esaterako, indarkeria matxista kasuez edo haurrek izan ditzaketen arazoez.
«Elkarteko emakumeak inguru pobretuetatik datoz, eta lanak bizi baldintza kaskarretatik ateratzeko aukera bat ematen die»
Eurak dira gizarte langileak?
Ehungintzaz arduratzen diren langileak eta gizarte langileak oinarri beretik datoz, Mumbaiko txaboletatik. Orduan, errespetu handia sumatzen da euren artean. Elkarteko emakume askok duela hogei urte beharbada ez zuten ezertxo ere; elkartearen bidez, formakuntza lortu dute, arropa egiten hasi ziren... Ingelesa zekitenei, adibidez, gizarte langile izateko trebatu zituzten, eta horrela eraiki dute elkartea. Familia baten modukoa direla igartzen da.
Nola kudeatzen dute elkartea?
Langileek kudeatzen dute. Niretzat, oso garrantzitsua izan zen ikustea elkartea ez dela Mendebaldeko pertsona batek arautua izan, langileek autogestionatzen dutela.
«Ez da beharrezkoa hizkuntza bera hitz egitea harreman bat izateko edo langileen arteko indarrak eta loturak sentitzeko»
Zelako hartu-emana izan zenuen elkarteko emakumeekin?
Liburuan irudikatu dut zelakoa den emakume mendebaldarra izatea —nire ideologiarekin, balioekin eta izaerarekin— oso bestelako kultura batean. Hango emakumeek asko babestu naute, nahiz eta askotan euren hizkuntza ere jakin ez. Batzuetan, keinuak eta besarkadak besterik ez genituen baliatzen. Ez da beharrezkoa hizkuntza bera hitz egitea harreman bat izateko edo langileen arteko indarrak eta loturak sentitzeko. Asko babesten dute elkar ere, eta hori nabaritzen da.
Aurreiritziak ere izango zenituen. Aurreiritzi gutxiagorekin itzuli zara?
Idazteko orduan, aurreiritziak baztertzea ere zaila egiten zitzaidan; nahi barik, beti izaten dira aurreiritziak. Gauza asko ez nituen ulertzen; orduan, liburua ulertezintasun handiarekin hasten da, eta, aldi berean, gauzak ulertzeko gogo handiarekin. Liburuaren amaieran ikusten da zelan amore eman nuen, zelan konturatu nintzen ez nuela dena ulertu behar, ez bainuen lortuko, saiatuta ere.