Errautsetatik erne da udaletxea

Bermeoko udaletxea 2013ko sutean erre zen, eta joan den abenduan ireki zuten berriz. Nola geratu den erakutsi die alkateak 1979tik honako hautetsi ohiei.

1979tik Bermeoko alkate eta zinegotzi izandakoetako batzuk, apirilaren 11n, Bermeoko udaletxe zaharberrituan. BIZKAIKO HITZA
1979tik Bermeoko alkate eta zinegotzi izandakoetako batzuk, apirilaren 11n, Bermeoko udaletxe zaharberrituaren aurrean. BIZKAIKO HITZA
Ibai Maruri Bilbao.
Bermeo
2025eko apirilaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

2013ko apirilaren 11n, sute izugarri batek Bermeoko alde zaharra astindu zuen. Hainbat eraikin suntsitu, eta 70 bermeotar etxe barik utzi zituen. Besteak beste, udaletxea erre zen: XVIII. mendeko eraikin barroko bat. Hainbat urteko zaharberritze lanen ondoren, abenduan ireki zituen berriz ateak. «Badakigu beltzean badagoela berdea, eta errautsean ernea. Gure alde zaharra hasi da ernetzen, eta baita gure herriaren etxea ere: udaletxea», esan du Nadia Nemeh Shomaly alkateak. 

Sutearen 12. urteurren egunean bertan, 1979tik gaur arteko alkate eta zinegotzi izandakoak udaletxera gonbidatu zituen Nemehk, hautetsi ohiek euren agintaldietan egin duten lana eskertu eta obrak amaituta lantoki izandakoa zelan geratu den ikus dezaten. Hamabi urtez, udal langileak udaletxetik kanpo egon dira, baina, alkatearen esanetan, ez diote lan egiteari utzi: «Haien konpromisoari esker, Bermeok ez dio sekula funtzionatzeari utzi».

Bermeoko Herri Babeseko koordinatzaile Jon Ojangurenek ere egin zuen berba ekitaldian. 2013a baino lehen ere, hiribildua sarri hartu du suak, boluntarioen buruak gogoratu duenez: 1297an, 1347an, 1360an, 1422an, 1503an eta 1722an. Duela hamabi urtekoa zelan bizi izan zuen kontatu zuen. Bizilagunak 03:15 inguruan ohartu ziren sua piztu zela. 03:20an jaso zuten alerta Herri Babesekoek, baina, Ojangurenen arabera, «zalantzan ipini zen informazioaren egiazkotasuna», eta ez ziren sutera joan. SOS Deietan 03:35ean jaso zuten abisua, eta Gernika-Lumoko foru suhiltzaileak 04:00etan ailegatu ziren. «Gernikako suhiltzaileek galdetu zuten ea zergatik ez geunden han herriko suhiltzaile boluntarioak. Edozein sutetan, azkar erantzutea oso garrantzitsua da. Autokritika egin behar dugu». 04:10ean batu ziren boluntarioak. 

Bermeoko sutearen urteurren ekitaldia, apirilaren 11n, Bermeoko udaletxean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bermeoko sutearen 12. urteurren ekitaldia, apirilaren 11n, Bermeoko udaletxean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Autokritikaz gain, kritika egin gura izan du Ojangurenek, eta 2013tik hona agintean egon diren udal gobernuei kontuak eskatu dizkie. Sute hartan ikasitakoan oinarrituta, hainbat neurri eskatu zizkien Bermeoko Herri Babesak, baina, koordinatzailearen arabera, urteak pasatu diren arren ez dituzte ezarri.  

Lurra eta itsasoa

Arkaitz Izarra arkitektoak azaldu zizkien egungo eta lehengo alkate eta zinegotziei zaharberritzearen nondik norakoak. Begoña Tavera eta Ramon Garai arkitektoekin diseinatu zuen zaharberritze proiektua. Tavera eta Garai hil egin ziren, eta Alexander Aranburu udal aparejadorearekin bukatu du lana Izarrak. Arkitektoaren arabera, Bermeo zaharra eta berria uztartzen ahalegindu dira, eta bermeotarrek lurrarekin eta itsasoarekin duten lotura da udaletxe berrituaren ardatza.

Bereziki, sarrerako atea nabarmendu du Izarrak; Garaik diseinatu zuen. Han daude islatuta Bermeoko andre bat eta gizon bat, eta haien bihotzean, itsasoa. Baita arraun bat, San Juan portaleko arkua eta Gaztelugatxerako zubiaren begiak ere. Bermeo zaharretik berrirako pasabidea izan gura du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.